Astekaria

 Bestelakoak 

Txerrikume erreusa

Anitzetan, txikienek bi halako zigorra jasotzen dute euren miserietatik libratzeko eginahalak –eta pikarokeriak– egiteagatik. Horixe pentsatu nuen lagun batek orain aipatuko dizuedan pasadizo hau kontatu zidalarik. Istorioa Ultzaman gertatu zen orain urte andana bat. Lehenago, erreusa aziendaren umealdiko kumerik ahulenari erraten zaiola argituko dizuet. Kume erreusa etxean jaten ohi da, ez baita on ez saltzeko ez aurrerako.   Behin, aita bati sos zenbaitxo irabazteko txerriak haztea otu zitzaion. Aita itsua zen eta erositako txerri emea bere semerik gazteenaren kargu utzi zuen. Mutiko esanekoa zen eta aitak errana arduratsu bete zuen.   Umatzeko eguna ailegatuta, txerramak bederatzi kume erditu zituen eta aitak, izanen lituzkeen irabaziez arduratuta, honela erran zion lepondotik helduta seme txikiari: “Urdamak bederatzi kume egin ditik eta heuk zaindu behar dituk feria egunean saltzeko. Erreusa egun horretan janen diagu hire lana saritzeko”. Mutikoa egunean hiru aldiz joaten zen txerritegira txerramari jana eman eta txerrikumeak begiratzera, ama etzanda zegoelarik bere azpian kumerik harrapa ez zezala eta txerrikume guztiek titia har zezatela.   Feria egunerako egun batzuk baino falta ez zirelarik aitak semeari deitu eta erreusa bereizi eta ekartzeko agindu zion. Semea txerritegira joan eta txerrikumeei begira geratu zitzaien. Han ziren bederatzi txerrikumeak, ongi hazitakoak denak, bat izan ezik. Umealdiko txerrikumerik txikienak doi-doi eginen lituzkeen bi kilo, bertze denek seina kilo pasa zituztela. Haren ardura eta lan guztiengatik txerrikumetxo ihar horren hezur-azalak sari eskasa irudituko zitzaion mutikoari eta, gainontzeko txerrikumeen izter gizenduak iritzira neurtuta, txerrikume guztietatik handiena eta potoloena begiz jo eta huraxe hartu zuen etxerako.   Mutikoak txerrikumea aita itsuaren eskuetan paratu zuelarik, aitak bi eskuez ia ezin oratu zuen eta honela erran zion semeari aho zabalez: “Seme, urdama umegile ona izan duk baina hi txerrikume zaintzaile hobea izan haiz. Hau txerrikume ederra! Hau erreusa bada, nolakoak dituk bada, bertzeak? Hau diruketa bilduko duguna txerrikume horiek salduta!”. Eta txerrikume potoloa semearen besoetan utzita, honela erran zion aitak lepondotik helduta mutikoari: “Heldu den urteko bi bargasta ekarraraziko ditiat eta heuk ez baten, hiru urdamaren txerrikumeak baizik haziko dituk”.

Irudia


2176. alea
2009-03-15
alde 0    kontra 0
Paula Kasares
(Josu Santesteban)


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia