Astekaria

 Liburuak 

Haragiztatzearen mugetan

Igor Estankona

Igor Estankona


2176. alea
2009-03-15
alde 0    kontra 0

Xabier Lete ::Egunsentiaren esku izoztuak

Pamiela

Orrialde kopurua ::206

prezioa ::18€

Hamasei urte idatzitakoa argitaratu barik, eta Xabier Lete sakontasun itzel batekin dator orain, barruak hustu eta poema hunkigarrienak opatzera. Lourdes Iriondoren falta existentziaren zentzu falta bihurturik ia, heriotzaren eta denboraren liburua da Egunsentiaren esku izoztuak. Ez dago ebidentziarik beste mundurik dagoenik dioskunik, edo ez dagoenik segurtatzen digunik. Poema hauek dira testigu. Lourdes Iriondoren gorputz diskretua da haragia abandonatu duen izpiritua, eta perfekzio ukiezin hori, purutasun hori, presente dago lerro hauetan, Xabierrek ematen dio bizia bizirik ez denari. Oroitzapenak eta halabeharrez aurrera doazen egunak. Harrapaturik gaude, guztiok, paradoxa horretan.

Testuetan zehar existentzialismoa dabil, baina baita zer edo zertan sinistu beharra ere. Poesiak sortzen du bien arteko kontradikzio ezaren ilusio antzeko bat: bizitzaren taupada ahula da, eta heriotzaren legea bortitza, baina bizi dira joan zirenak, eta gure zain daude, etorkizunik gabeko leku batean. Horregatik isiltasun arraro bat da nagusi egunsentiaren esku izoztu hauen fereka artean. Idatzi baino gehiago Letek idazkera ezabatu egingo balu bezala. Itxaronaldi bat da azken batean lutua, itxaronaldi intentsua eta mingarria, argi oraindik dudatiaren zain. Egunsentiaren esku izoztuen zain. Paisaiak datoz orduan: neguko ordokiak, Italiako lautadak, mendi elurtuak. Paisaia horiek arnasbide bihurtzen dira, horizonte zaharberritu, esperientzia berriaren eskenatoki: mundua, gu joandakoan ere, hor egongo da.

Zenbat poeta ibili den ahots xume horren bila, errenditurik eta bihotza zabalik. Eta zein gutxi diren kapaz hain elegante adierazteko pena eta galera. Letek hitz egiten duenean hitzek sortzen dioten oinazeaz, urradura hori berori bihurtzen da poesia. Liburu gogorra eta ederra, salbazio mezu batekin bukatzen dena –“salbatuak elkarrekin eta maitasunean glorifikatuak betirako”–, testu sakratu baten indarra dauka eta era berean humanoa da. Egunsentiaren esku izoztuak ez da bizitzari buruzko hausnarketa bat bakarrik, poetikari buruzko lezio handi bat ere bada: amets kutsua kentzen dio eta gauzen atzena deskribatzeko erabiltzen du. Presentzia, maiz, absentziaren onarpenetik bakarrik etor daiteke.

Absentziaren onarpen hori bihurtzen da orduan berriz batera egotearen nahia, gertakarien gainetik komunikatzeko borondatea, bizikidetza denaren eta ez denaren artean, hustasunaren eta den guztiaren artean.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza