2009-03-15 -- 2176.zenb
Ixabel Etxeberria (Urruñako hautetsi abertzalea)
Azken asteetan, frantses estatuak arazo berri bati ekin behar izan dio. Frantziarenak omen diren uharteetan, greba orokorra ekarri duen mugimenduaren eskakizunei entzungor gelditu ostean, Parisek urrats guztiak eman ditu, hau ustelduko zelaren esperantzarekin.
Hastapenetik, militar gehiago igorri eta, prentsaren bitartez, mugimenduaren ordezkarien gutxiesten saiatu dira. Greba hasi eta hilabetea geroago, uharteetan karrikako giroa salatzen hasi dira. Hedatu nahi zuten mezua zen bortizkeria pizten ari zela, jendea beldur zela hitz egiteko, hainbestetan Korsikako kasuan aipatzen duten omerta delakoa Guadaluperen modan ezarri dute. Hau guztia sindikalista bat hil arte. Sindikalista bat, Jacques Bino, LKPeko ordezkaria, bidean zegoen, traba batean gelditua, hil zutelarik.
XXI. Mendean, frantses estatuaren menpe dagoen lurralde batean sindikalista bat erori da, herritarren ordezkari bat. Ez ditu horrek sindikatu “handiak” inarrosi! Badakigu alta, miliziak daudela. Hilketa horren ondotik sei pertsona atxilotuak izan dira, baina baliteke hilketa horren inguruko galdera asko erantzunik gabe gelditzea. Kolonietan gertatzen dena itzalpean gordetzen badaki Parisek.
Gobernuak greba orokorrarekin bukatu nahi izan balu berehala negoziaketak bultzatuko zituen. Beste bide bat hautatu du. LKPk Frantziako Gobernuaren ildoari lasaitasun handiarekin erantzun du. Herritarren nahikeria determinatua ez zuten inon espero. Frantses prentsak uharteetan arazo larriak daudela ikasi du, beharturik, elkarrizketak eskaintzen hasi da, Parisko karriketan agertzen ari zen elkartasun manifestaldiei oihartzun egiteko Internetek, haatik, Guadalupen eta Martinikan sortu den mugimendu sozialaren oinarri identitarioari, gazteek jasaten duten diskriminazioari oihartzuna eman die.
Guadalupeko gizartea esklabutzan eta kolonialismoan oinarritutako gizartea da eta hori sufritzen du oraindik. Nahiz eta diplomak izan, gazteek ez dute lanposturik lortzen. Garapen ekonomikoa ez da herritarren %80engana heldu. Arrazismoa? Kolonia. Estatuko idazkariak Guadaluperentzat autonomia aipatu du, Parisek aterabide guztiak ezagutzen baititu bere burua babestu behar duelarik. Prefetak negoziaketak bururatuak direla dio, MEDEFen (Entrepesen Mugimendua) gehiengoak akordioa ez duelarik izenpetu eta LKPren ahotsaren gainetik, alegia greba orokorrarekin bukatu behar dela eta zalantzarik gabe, mehatxu doinuarekin.
Guadalupe, eta beharbada beste uharteak ere, bihurgune batean daude. Erakutsi duten mobilizatzeko gaitasuna eredu da guretzat, bereziki hemen Ipar Euskal Herrian autonomia eskatzen dugularik.
Anitzetan, txikienek bi halako zigorra jasotzen dute euren miserietatik libratzeko eginahalak –eta pikarokeriak– egiteagatik. Horixe pentsatu nuen lagun batek orain aipatuko dizuedan pasadizo hau kontatu zidalarik. Istorioa Ultzaman gertatu zen orain urte andana bat. Lehenago, erreusa aziendaren umealdiko kumerik ahulenari erraten zaiola argituko dizuet. Kume erreusa etxean jaten ohi da, ez baita on ez saltzeko ez aurrerako.
Behin, aita bati sos zenbaitxo irabazteko txerriak haztea otu zitzaion. Aita itsua zen eta erositako txerri emea bere semerik gazteenaren kargu utzi zuen. Mutiko esanekoa zen eta aitak errana arduratsu bete zuen.
Umatzeko eguna ailegatuta, txerramak bederatzi kume erditu zituen eta aitak, izanen lituzkeen irabaziez arduratuta, honela erran zion lepondotik helduta seme txikiari: “Urdamak bederatzi kume egin ditik eta heuk zaindu behar dituk feria egunean saltzeko. Erreusa egun horretan janen diagu hire lana saritzeko”. Mutikoa egunean hiru aldiz joaten zen txerritegira txerramari jana eman eta txerrikumeak begiratzera, ama etzanda zegoelarik bere azpian kumerik harrapa ez zezala eta txerrikume guztiek titia har zezatela.
Feria egunerako egun batzuk baino falta ez zirelarik aitak semeari deitu eta erreusa bereizi eta ekartzeko agindu zion. Semea txerritegira joan eta txerrikumeei begira geratu zitzaien. Han ziren bederatzi txerrikumeak, ongi hazitakoak denak, bat izan ezik. Umealdiko txerrikumerik txikienak doi-doi eginen lituzkeen bi kilo, bertze denek seina kilo pasa zituztela. Haren ardura eta lan guztiengatik txerrikumetxo ihar horren hezur-azalak sari eskasa irudituko zitzaion mutikoari eta, gainontzeko txerrikumeen izter gizenduak iritzira neurtuta, txerrikume guztietatik handiena eta potoloena begiz jo eta huraxe hartu zuen etxerako.
Mutikoak txerrikumea aita itsuaren eskuetan paratu zuelarik, aitak bi eskuez ia ezin oratu zuen eta honela erran zion semeari aho zabalez: “Seme, urdama umegile ona izan duk baina hi txerrikume zaintzaile hobea izan haiz. Hau txerrikume ederra! Hau erreusa bada, nolakoak dituk bada, bertzeak? Hau diruketa bilduko duguna txerrikume horiek salduta!”. Eta txerrikume potoloa semearen besoetan utzita, honela erran zion aitak lepondotik helduta mutikoari: “Heldu den urteko bi bargasta ekarraraziko ditiat eta heuk ez baten, hiru urdamaren txerrikumeak baizik haziko dituk”.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa