Astekaria

 Diskoak 

Xamurtasunez asetzeko gaitasuna

Iker  Barandiaran

Iker Barandiaran


2175. alea
2009-03-08
alde 0    kontra 0

Keu Agirretxea ::Une akustikoa

Gaztelupeko Hotsak

iraupena ::22´44´´

prezioa ::11.50€

Ondarrutar honek ibilbide oso luzea dauka musikagintzan. Doinu gogorrenetatik abiatuta –Psychophony, Etsaiak...– rockean ere ibilia da –Fjord, Uek...–, baina orain dela urte gutxi arte gitarra zen bere esparru nagusia, bide batez, ederto menderatzen duena. Aspaldian, baina, abesteari ere ekin dio; eta aldaketaren aldeko apustu sakona egin du: bakarlari moduan diskoa grabatu eta jotzen dihardu. Zazpi kantu xume baina hunkigarri idatzi ditu, hurbilak, ederrak, metaforaz eta sentsazioz beteak; musika konposatzeaz gain, hitzak idazteko ere trebezia badaukala erakutsi digu. Pop musika eta folka, jazzarekin, flamenkoarekin eta rockarekin tamaina desberdinean aberastua. Are gehiago, bakarrik batzutan, eta beste batzuetan baxuak zein txeloak lagunduta, kantuek intimitate eta gorputz berezia hartzen dute.

"Agertokian gitarrarekin bakarrik abestu behar baduzu, gauzak argi izan behar dituzu"

Bakarlarien ezaugarri bat da zentzu askotan biluzten direla. Zu izenetik hasi zara...

Azken urteetan Uek talde bat bihurtu da eta desberdindu egin nahi nuen, horregatik izenarena. Uek-en geldiunea beharrezkoa zen, zirkuitua txikia da eta jadanik bi urte eta erdi egin ditugu jotzen jarraian: bi diskorekin 70 kontzertu egin ditugu.

Orain arte doinu gogorrei, esperimentazioei eta rockari eman diozu. Xamurtasuna eraginkorragoa da?

20 urtetan rock taldeetan ibili naiz, 11 disko grabatu ditut, mota guztietako kontzertuak egin ditut. Badakit zer den rock talde batean egotea, baina beste gauza asko ere ikusi nahi ditut. Disko honek behar nuen aldaketa eman dit: lasaiago funtzionatzen dut, emanaldiek beste intentsitate bat dute, jendearekin harreman zuzenagoa... Bueltatuko dira soinu gogorragoak, ez dago presarik.

Nabaritzen da abesten gero eta hobeto moldatzen zarela eta gehiago arriskatzen duzula...

Hiru urte dira Uek-ekin abesten hasi nintzenetik eta asko ikasten ari naiz. Baina, gaur egun formatu akustikoarekin nire ahotsa deskubritzen nabil. Agertokian gitarrarekin bakarrik zaudela abestu behar baduzu, gauzak argi izan behar dituzu.

Melodiak gogoratzen kantuan abesti zaharren gaineko bilaketari buruz idatzi duzu. Nolakoa da buruan daukazun melodia berreskuratu eta kanta osatzea?

Gehienetan melodia batek ematen dit hasiera, eta batzutan gitarra zati batek. Mugikorrean grabatzen ditut ideiak, denbora asko pasatzen bada ahaztu egiten zait-eta; bestela, sekula ez da izaten hasierako ideia berdina.

Zure zain aitatasunarekin lotuta dago, ezta?

Bai, Nora alaba jaio baino hilabete batzuk aurretik egin nuen; momentu horretan sentimendu eta sentsazio asko izaten dira; aitatasunarekin zerbait aldatzen da, sentsazio berriak bizitzen dira eta konposatzeko orduan abestietan nabaritzen da.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

Š 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 ˇ 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza