I Etxekoandre bik, goizean goiz, patio heze batean, arropa zintzilikatzen zuten berba egin bitartean: II *PSE: Egunon, zer moduz, Estibaliz? *EAJ: Kaixo, Paloma, egunon… PSE: Lixibarako aro ederra… EAJ: Ez dakit eutsiko dion… III PSE: Gaur ohi baino lehenago azaldu zara salako leihora… EAJ: Maria Teresa gabe aspertzen naizelako izango da. IV PSE: Irratian eta telebistan inkestak dira albiste, dirudienez sozialistek aukera handiak dituzte... V EAJ: Inkestek zuen alaba bien bikiniak dirudite: zerbait ikusten utzi, bai, baina onena gordetzen dute. VI PSE: Zure ustez, hortaz, Ibarretxe izango da lehendakari? EAJ: Haren kulota beste guztiei gelditzen zaie hain handi! VII PSE: Baina bizikleta maldan behera doakio aspaldian… EAJ: Guztia erraz egin duela esan nahi duzu agian? VIII PSE: Ez ba! Juanjoren beherakadari, nahiz alde izan ETB, ez dio eutsiko ezta zuen amaren sostenak ere! IX EAJ: Inaxik izan arren hamaika sosten eta sosten-ondo, zuen senarrak baino txaketa gehiago ez du izango. X PSE: Miguel Fernando biajantea da, bihar han eta gaur hemen… EAJ: Klaro, eta klima ez da bera Gasteizen eta Madrilen… XI PSE: Begira, amerikana hauxe, Nafarroan erosia… EAJ: Ez al du mahuka zabala eta lepoa itxi-itxia? XII PSE: Beste hau, berriz, katalana da, begizta eta xingola… EAJ: Baina seguru denen artean kaikua falta zaiola… XIII PSE: Ez ba, iaz santa eskerako merke bat erosi nion… EAJ: Egia da, jantzi bezain laster hazkura ematen zion… XIV PSE: Zure senarrak, ordea, ez du sufrituko hazkurarik, hogeita hamar urte daramatza beti abanderaturik! XV EAJ: Probatu gabe boxerrak, tangak edota galtz “sentziloak” gure Josebak nahiago ditu betiko galtzontziloak. XVI PSE: Ohiturak mantentzea ona da, baina beti ez da berdin, gauza denak ez dira konpontzen leungarri pixkatekin. XVII EAJ: Beno ba, gero arte, Paloma, batu arte iluntzean. PSE: Sokan jarritakoak haizeak urrun eraman ezean. XVIII Eta oraindik zintzilik dago sokan arropa guztia patio honetara ez baita sarri sartzen eguzkia. XIX Gauza bakarra argitu zuten, (nahiz gaur argi den liderra) sokari eusteko bi behar dira: eskuma eta ezkerra. *EAJ (Estibaliz Aurrekoetxea Jauregi) *PSE (Paloma Sarriegi Espi) Doinua: Axuri beltza ona duk baina.
Š 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa