Astekaria

 Bestelakoak 

Marka da gero!

Begien aurrean daukat BBK Live 2009ko iragarkia. The Gaslight Anthem egongo direla ikustean poztu-edo egin naiz. Geroxeago, dena hain “makro” eta hain BBK izango dela gogoratzeak ilusio amiñi bat zapuztu dit, zer egingo zaio. Jaialdien aro eguzkitsua heldu bitartean, baina, badago zer ikusia kontzertu aretoen abaroan. Plateruenan, esaterako. Halaxe egin genuen larunbat zital hartan. Elurrak Lekunberri setiatu izanagatik autoa hartzeko gogoa bildu eta hantxe abiatu ginen lagunak, kitaniebesaren atzetik Durango aldera, ttar-ttar. VANS Tour-erako sarrerak hartuak genituen eta ez zegoen hutsegiterik: No Use For A Nameren melodiak bertatik bertara entzun nahi genituen. Nik ez dakit noiz eta nola utzi zion punk-rock melodikoak punk eta rock huts izateari; zeinen merke –edo ez– asimilatu duen zapatilla, gerriko eta abarren eskaparate izan behar hori. Ez naiz ni punkaren ortodoxia defendatu-zale, baina horretaz denaz abstraditzen xahutu nituen indar gehienak eta aitor dut kosta egin zitzaidala musikaz era naturalean gozatzea. Mozorro festara doala ez dakien gajoa sentitu nintzen instant batez. Halere kontzertua ez zen gaizki egon. Hori bai, gorriak ikusi genituen etxera bueltatzeko, kazkabarra, txingorra eta bere sinonimo guztiak irten baitzitzaizkigun errepidera.   Hurrengo asteburuan Madrilera egin genuen, igandean Kings Of Leon ikusteko sarrerak patriketan (kutxa.net-en erosiak). Azken orduan bertan behera geratuko zen kontzertua, baina artean ez genekien eta, eguraldia lagun, kaleetan barna galdu ginen, inguruaren inbentarioa mentalki taxutzen genuela: kainoi urtuz egindako lehoiak Kongresuan, jatekoen arragoa Lavapiesen, museo erdi-bizi eta erdi-hilak, neoizko argiei darien erakarpen dekadente hori. Gran Via gurutzatzea ere egokitu zitzaigun eta antzokietako kartel erraldoiek zekartena irakurri genuen: Sara Baras, El Arte, Nacho Cano –“el de Mecano”–. Azken honen musikala Teatro Häagen-Dazs Calderón-en estreinatuko omen zuten. Izoztuta geratu ginen –nola ba?– antzokiaren izena ezin sinetsiz. Gauez, hankak neke-neke eginda, Malasañara gerturatu ginen garagardotan hasteko. Afixetan hainbat artisten agendak: urlia Heineken aretoan, sandia Espacio Movistar-en… Marka da gero!   Mezenazgoari buruz iritzi koherente bat osatu nahian, loak hartu ninduen bueltako autobusean. Petronor-Kafe Antzokiarekin amesgaiztotan nenbilela esnatu ninduen Bilboko estazioko azantzak.   Esan gabe doa, nire elkartasuna Kafe Antzokiko lagunei.

Gorka Urbizu

Gorka Urbizu


2175. alea
2009-03-08
alde 0    kontra 0
Gorka Urbizu
(Alex Larretxi)


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

Š 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 ˇ 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia