2009-03-01 -- 2174.zenb
Judas-egurraz edo zuhandorraz, Cornus sanguinea, egindako gurutzeak aitatzen ditu Azkuek Bizkaiko karobietan. Euskaraz zuhaitza ere badu Judasek, Judasen arbola, Cercis siliquastrum, espezie honetako zuhaitz bat izan zuen, agidanean, urkamendi...
Zuhandorrari Judasen egurra deitzeko arrazoiaren arrastorik ez dut. Egurra eman behar denean ez da egur txarrena; Judasek mereziko zuen nonbait eta harekin emango ote zioten; baldin baita ere, urkatu ondoren ez al zuten joko... Ez du alferrik sanguinea abizena, zuhandorrak. Adarraren kolorea hori du eta egurrean dantzatuz gero odola mugitzen du. Larru azala egurtzeko zigorretarako erabilita, jotako tokian ikusgarrizko babak sortzeaz gain hematuria, pixetan odola, eragiten du. Gaitzerdi! Azido salizilikoa du hostoetan eta odol gora-beheren minak sendatzeko aproposa...
Kirtenetarako egur ona du. Orain ugarien erabiltzen ditugun kirtenak plastikoz eta antzeko materialez egindakoak badira ere, atzo artean egurrezkoak izan dira nagusi. Ikusi: ezpela (Buxus sempervirens), haltza (Alnus glutinosa), hurritza (Corylus avellana), lizarra (Fraxinus excelsior), gaztaina (Castanea sativa), sagarra (Malus x domestica), haritza (Quercus robur), gurbitza (Arbutus unedo), elorri zuria (Crataegus monogyna), txorbeltz edo karraskila (Rhamnus alaternus), olibondoa (Olea europaea)... Malgua behar zenean ilgoran botatakoa, ilbeherakoa gogorra behar izanez gero. Sega, mailu, kaskamailu, aitzur, igitai eta abarren kirten eta makina bat tramankulu eta lanabesen helduleku egin eta leundu da eskuz.
Kirtena bada nonahi; behar ere asko behar da, baina behar baino gehiago ez al da bazterretan? Kirtenak eta laster zabalduko diren babaloreak.
Zenbait landarerentzat negua igaro eta udaberrira bizirik iristeko aukerak urriak dira. Argazkiko arrosak, garoak eta hortentsiak ez dute beldur hori bizi, baina bai geranioak. Neguko hotzak hostajea eta zuztarrak erreagatik, landarearen lurpeko aldea udaberrira bizirik irits dadin babesa ematen dio teilak. Etxean geuri bezala, etxekoei. Etxeko sailen mugarrietan, erditu berria zen etxeko andrearen buru gainean eta landareetan teilatua babes.
Binaka izaten ditu lizarrak (Fraxinus excelsior) begi beltzak. Udaberria gainean nabari dugun honetan zuhaitzen zainetan, zainetatik gora, izerdia ponpan dator, begiak lehertuz eta zabalduz. Arbaren alde banatan, aurkari gisa dauden begi beltzak loretan zabalduko dira, gero hostoei tokia uzteko. Argazkikoak lore arrak izango dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa