2009-03-01 -- 2174.zenb
Imanol Alvarez (Irakaslea)
Ni neu nahiko baikorra naiz, berez.
Ustez ezker abertzalekoak diren zerrendak enegarren aldiz debekatu dira, hauteskundeak antidemokratiko bihurtuz, ez dakit zenbat eskubide hautsiz. Ez da ezer gertatzen. Ez omen dugu biktimismoan erori behar. Euskal alderdiren batek protesta xume bat egin eta kito. Imazen eta Urkulluren Madrilgo adiskide gaiztoek bere hauteskunde kuttunak nola desdemokratizatu egin dituzten ikusita, nik, neure zindotasunean, ez dut ulertzen, ordea, zergatik Lehendakariak, hauteskundeetara deitu zigun bezala, ez ote digun desdeitu.
Europatik etorri behar izan zaizkie Euskal Gobernukoei Osakidetza eta Ertzaintzarena, esate baterako, bereziki larria dela salatzera, euskarari dagokionez. Ez dutela euskararen legea bera ere betetzen esan diete. Harrigarria, non eta Ertzaintzan legea bete ez. Hamaika ikusteko jaio gara, bai! Baztarrikak ez du jantzirik urratu. Ez da jendaurrean agertu euskaldungoari barkamena eskatzen. Ez du, ezta ere, agindu berehala jarriko direla bitartekoak afera soluzionatzeko. Lasai dago, poltrona salbu du-eta. Ez omen dugu biktimismoan erori behar.
Bilbon euskararen eta kulturaren oasia den Kafe Antzokia itxi dute hilabetez, beraren iraupena kolokan jarriz. Segurtasuna erabili dute aitzaki. Agerian gelditu da, berriz, benetako arrazoia oso bestelakoa izan dela. Euskara bost Azkunari; euskal kultura bost Azkunari; kultura bera bost Azkunari. Azkunari ardura zaion bakarra boterea da. Kafe Antzokia herri mugimendutik jaioa da, kooperatiba moduko autogestio eredugarriaz. Ezin dute kontrolatu, beraz, suntsitu behar. Ez omen dugu, baina, biktimismoan erori behar.
Milioiak gastatzeko prest dago, Azkunaren lagun mina den Bilbao jauna, Urdaibain Guggenheim berria eraikitzeko. Urdaibain inor gutxik dauka interesik atzerritarren menpeko kultura elitista horren luzakinean, baina, bitartean, BBKri geratzen zaizkion lan sozial bakanetakoa desagertzeko zorian dago, umeen atsekaberako.
Egunero eremu guztietan ikusten dugu nola euskara era paisajistikoan erabiltzen duten, erabiltzen baldin badute ere. Pittin bat sakonduz gero, berehala jausten gara espejismotik. Ia ezina da esparru publikoan ere gestioak euskaraz egitea. Webgune ziztrin batetik nabigatuz gero, oso litekeena da halako batean, besterik gabe, euskarazkoan egonik esteka bat sakatu eta erdarazkora pasatzea.
Horrela jarrai genezake ad infinitum. Baina, lasai. Ez dugu-eta biktimismoan erori behar. Baikorrak gara!
Joxerra Aizpurua (Industria ingeniaria)
Bizitzan izan ditudan irakasle gehienek kontzeptu fisikoak eta matematikoak halako edo horrelako formula edo legerekin nolabait ordezkatu daitezkeela adierazi didate gehienetan. Baina beti bazegoen oso garrantzitsua den koletila, honako hauxe: “Esandakoak balio du laborategi-baldintzetan edota beste fenomeno edo gertaeren ezean”.
Hamabost urte nituela lehen aldiz entzun nuen entropia hitza irakasle baten ahoan. “Entropia sistemen desordena neurtzen duen parametroa da” eta “Unibertsoan entropia etenik gabe handitzen doa”. Bi esaldi horiek geratu zitzaizkidan errekamaran nahiz eta artean ez nien garrantzirik eman.
Unibertsitateko garaia amaitu ondoren, lan munduan murgildu nintzenean, laneko metodoek, prozesuek, proiektuen hitoek eta abarrek jarraitu zioten arestian aipatu kontzeptu fisikoak azaltzeko antzeko bideari. Hau da, produktu hau saldu behar dugu merkatu honetan, prezio horretan eta baliabide haiekin. Oso gutxitan, inoiz ez esatearren, saldu dugu edo produzitu dugu produktua aurrez planteatutako eszenatokian; gehienetan gurutzatu zaizkigu ezustekoak, hots, gaixotasunak, teknologi-arazoak, merkatu-aldaketak, eta abar.
Beste hitz batzuekin esanda, aurrez finkatutako asmoak betetzeko ezusteko bideak hartu behar izan ditugu. Baina hori ez da negozio-kontuetan bakarrik gertatzen ezta? Ez al da ba gure eguneroko bizitza sozialean edo familiarrean ere gertatzen?
Hala ere, arazoak edo gertaerak, banan-banan, laborategi-baldintzetan aztertzeko heziak gaude eta sortzen diren konplikazioen aurrean “dakizuna edo posible duzuna egitea baino ez zaizu geratzen”.
Hau dela eta, nire bizitza oso entropikoa zela konturatu nintzenean zig-zag eran ibiltzen hasi nintzen eta ez dut uste orain arte bi zig-zag berdinak egin ditudanik. Hurbileko lagun asko ikusi dut galdurik “nola gertatu da hau” esaten zuen bitartean. Egia da gertaera behin gertatu eta gero, batzuetan zergatiaren arrazoiak jakitea posible dela, baina beste askotan ez, hortxe bestela ozono-zuloaren errekuperazio lasterra –oraingoz–, poloetako urtze azkarra –teoria asko dago, baina ezer ez dago frogatuta–, eta nola ez! bizi dugun krisia. Azken hau adibidez: ez al da oso entropia handiko sistema? Ekonomilariak, teknikariak eta politikariak ezarritako parametro guztiak ez al dira pikutara joan? Ez al zaizue iruditzen entropia handiko sistemetan nolabait defendatzeko edozein legeren edo formularen aurretik, giza sena edo bestela esanda zig-zageatzeko ahalmena ezeren aurretik baliatu behar dugula?
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa