2009-02-22 -- 2173.zenb
Pigmeo populazio handienak Afrika hegoaldean eta mendebaldean bizi dira, eta itxuraz ez dute inolako harremanik beraien artean: hizkuntza desberdinak hitz egiten dituzte eta beraien ohituretan ez dago arbaso komun baten aztarnarik.
Hala ere, ikerlariek ez dute amore eman aztarna horien bila, beraien ustez ezohiko eboluzio baten ondorioa baita egungo egoera. Berriki, frantziar ikerlari talde batek azterketa genetikoa egin du, eta emaitzak aurreikusitakoak izan dira, hots, pigmeoen populazio guztiek gene komunak dituzte. Horrek garbi adierazten du orain 2.800 urte Afrikaren erdialdean bizi izandako talde bat izan zela guztien jatorria. Talde hori sakabanatu ahala pigmeo populazio berriak sortu ziren, eta inguruko hizkuntzak eta ohiturak hartu zituzten. Azkenerako, pigmeoen memoria historikoan ez zen arbaso komunen arrastorik geratu.
Max Planck Erradioastronomia Institutuko lantalde batek, 100 metroko diametroa duen Effelsberg erradioteleskopioa erabiliz, orain arte Lurretik urrutien antzeman den ura topatu du.
Ura lurrun egoeran aurkitu dute, MG J0414 0534 izeneko quasarrean, eta zehatzago esateko, quasar horretan dagoen zulo beltzaren inguruko hauts-lainoetan. Kontuan hartu behar da, hala ere, hori ez dagokiola orainari, iraganari baizik: MG J0414 0534 quasarra gugandik 11.100 milioi argi-urtera dago, hau da, unibertsoak oraingo adinaren bostena zuen garaiko irudia jasotzen dugu harengandik.
Aurkikuntza honek Big Bang-a gertatu eta 2.500 milioi urtera unibertsoan ura bazegoela frogatzen du. Hau da, unibertsoko urik zaharrena aurkitu dute. Edo gazteena, nola begiratzen den.
Baleen eta izurdeen arbasoenak izan daitezkeen fosilak aurkitu dituzte Pakistanen. Harrigarriena da animalia horiek lehorrean erditzen zirela kumeez, Phillip Gingerich estatubatuar ikertzaileak adierazi duenez.
- http://ttiki.com/2187
Mediku talde batek baieztatu egin du giza gorputzak desberdin jokatzen duela itsas mailan edo altuera handietan. Everesten hainbat mendizaleri odolean neurtutako oxigeno-mailarekin, itsas mailan hilzorian izango ginateke.
- www.amazings.com/ciencia/noticias/060209d.html
Amit Zoran MITeko (AEB) ikerlariak asmatutako gitarrak beste musika tresna batzuen soinuak emititu ditzake. Orkestra-gizonak ezagun genituen lehendik ere; orkestra-tresna ote da hau? Dena den, lasai hartu: Zoranek esan duenez, urte batzuk igaroko dira asmakizuna merkatura jalgi aurretik.
- http://ttiki.com/2188
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa