Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-17 16:27:56
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2009-02-22 -- 2173.zenb

Ekai Txapartegi (Filosofian doktorea)

ekai Txalapartegi

Duela bi aste irakasle mordoa joan zen Kubara, Pedagogia 2009 Kongresuan parte hartzera. Guztira 5.000 irakasle inguru, gehienak latinoamerikarrak, tartean nola ez hogeiren bat euskaldun ginen. Hik Hasiko lagunek antolatutako bidaian, hemengo hotz-elurteak atzean utzi eta gogoz abiatu ginen Habana epelera, eredu pedagogiko berrien bila.
 
Larria da egoera Latinoamerikan, indigenen egoera, emakumeena, txiroena... Testuinguru horretan irakasle askoren egitekoa militantea da horregatik, halabeharrez. Trintxera moduan bizi du irakasle askok lanbidea eta ondorioz politika ere oso presente egon da Kongresu osoan.
 
Latinoamerikako testuinguruan ezin da irakaskuntzaz hitz egin, politikaz edo ekonomiaz hitz egin gabe. Deigarria da esaterako irakasle-militante horiek Karl Marx auditorioan ikustea, 40 herrialdetakoak izan arren guztiak batera oihu egiten: “¡Alerta! ¡Alerta! Alerta que camina la espada de Bolibar por América Latina”. Horrelako bilkurak ezkerraren indar erakustaldiak bihurtzen dira.
 
Bolibarren ezpata horrek ordea gazteleraz bakarrik zekien. Kongresuko ekitaldi ofizialetan ez genuen beste hizkuntzarik entzun. Gazteleraz egin zen sarrera, gazteleraz abestu ziguten, diskurtso politikoak, ponentzia guztiak, dena egin zuten gazteleraz. Irakasleek sakoneko aldaketak nahi dituzte, hori argi geratu zen, baina antolatzaileek gazteleraren hegemonia ez zuten zalantzan ipini.
 
Oihuok entzutean nire golkorako pentsatzen nuen Bolibarren ezpata hori ez ote zen Luis Cernudak loriatu zuen beste ezpata hura. Gaztelerari Amerikako bidea ireki zion ezpata kolonial hura alegia: “Cuatro siglos atrás, con la pluma y la espada, ganaron para ella destino universal. Porque el poeta no puede conseguir para su lengua ese destino si no le asiste el héroe”. Kolonialismoaren ezpata linguistikoa altxatzen da oraindik ere Bolibar “askatzailearen” eskuan.
 
Bolibarren ezpatak horrela ezin ditu indigenen haurrak askatu, zapalkuntza kulturalaren hazia bere baitan daramalako. Cernudak zintzoki aitortu zuen: “Ellos, a sabiendas o no, quiéranlo o no, con esos mismos signos de su alma, que son las palabras, mantienen vivo el destino de nuestro país”.
 
Bilkura hauek gazteleraz bakarrik egiten diren artean, tokian tokiko hizkuntzei leku duin bat egiten ez zaien artean, beldur naiz Latinoamerikak kulturalki odolusten jarraituko duela ezpata kolonialak duela bost mende irekitako zauritik.

Pello Apezetxea (Apaiza)

Pello Apezetxea

Orain dela hamar urte sortutako Ttipi-Ttapa telebistaren leihoa aitzineko egunetan itxi dute. Nafarroa Garaiko ipar-mendebaldeko telebista. Eta, nork itxi du, nork eragin du ixtea? Zeren eta ez da berez itxi. Baina badakizue jendeon joera, zerbait desegokia gertatzen denean: “Nik ez, nik ez. Gu ez gara erantzule, gu ez gara izan eragile”. Horrelaxe mintzatu dira Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Kontseilaritzakoak: “Nafarroako Gobernua ez da errudun”. Orduan, bertze norbait da errudun. Eta, nor? Egia da, erruduna, edo erantzulea, aunitzetan ez dela bakarra izaten. Baina baita ere egia da, bat baino gehiago direnean, erantzukizuna ez dela denena berdina izaten.
 
Badira jende eta herri indartsuak, baita jende eta herri ahulak ere. Eta, arabera, hizkuntza indartsuak eta ahulak. Hizkuntzak jendeek eta herriek sortzen baitituzte eta sustatzen. Bada, menderatu nahi duenaren baliabide bat hizkuntza da, bere hizkuntza inposatzea, menderatuarena baztertzea eta ezabatzea. Herri baten indarra bere nortasuna baita, bere kultura, bere hizkuntza, izaera propioaren kontzientzia. Zeinen erraz ahanzten zaigun! Edo zeinen zail ohartzen garen! Euskal Herria txikia da, handiagoen artean kokatua, bi aldetatik estutua. Eta bere kultura eta hizkuntza gutxitua. Toki horretan eta egoera horretan aritu da Ttipi-Ttapa telebista bere iduria eta ahotsa hedatzen.
 
Nork itxi du Ttipi-Ttapa? Zenbat errudun dira? Nor da erantzule nagusia? “Ni ez, ni ez” diote. Honelako jarduerak ez dira gauzatzen ahal erakunde publikoen laguntzarik gabe. Gure eremuan, herriarena den diruaren administratzaile nagusia Nafarroako Gobernua dugu. Eta, nahiz eta ukatu, ukaezina dela aitortu beharrean gaude bere jarrera: hainbat urtetan euskararen gizarterako prestigioa eta beharra ezabatzeko ahaleginetan ari da, euskara ikasteko eta lantzeko zailtasunak ugaritzen; hor dugu eskoletan eta zerbitzu publikoko ereduetan eta lanpostuetan daraman euskara murriztearen jokaera, hedabideetarako urtetik urterako laguntzaren txikitzea. Ttipi-Ttapak ederki ikusi eta jasan du hori. Baina oraingoan ez da laguntza txikitzea izan, erabateko moztea baizik.
 
Ah, eta legez kanpo dago. Nafarroako Gobernuak banatu dituen telebistarako bortz baimenetatik ez du euskarazkoarentzat bat bakarrik ere eman. Ez diru, ez lizentzia. Ez da hori ixteko era bat?

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan