2009-02-22 -- 2173.zenb
Meatzaldeko Abanto-Zierbenak kanpotar asko erakarri zuen lanera 60ko hamarkadan. Bizkaiko herria Kantabriatik bost kilometrora dago, Bilbotik 20ra. Abanto-Zierbenan, 2001ean, euskaldun zaharrak %0,77 ziren. Orain euskaldunak %22 dira.
Lekeitio, Ondarroa... herri horien izenak behin baino gehiagotan atera zaizkie Sonia Rodríguezi –Udaleko euskara teknikaria– eta Eneko Urruelari –Euskara, Kirolak eta Jaiak Saileko zinegotzia–. Ez daude enbidiatan, baina badakite beraien abiapuntua bestelakoa dela. Kantabriako muga oso gertu dute, eta esate baterako Lekeitio (%86 euskaldunak), 80 kilometrotara. Abanto-Zierbenako euskaldun kopuru baxua ez da salbuespena Meatzaldean; Muskiz, Ortuella edo Trapagarango egoerak antzekoak dira. 9.000 biztanletik gora dituen herri horrek babesa inguruko herritan dauka. Bizkaiko Foru Aldundiak sortutako Alkarbide erakundean dago Abanto-Zierbena eta egoera soziolinguistiko bertsuko 10-12 herrirekin batera euskara sustatzeko estrategia bateratua daramate udalen bidez.
2006ko urria arte euskara sustatzen batik bat Axola euskara elkartea eta AEKren Abanto euskaltegia aritzen ziren. Udalak ez zuen euskara zerbitzurik eta Kultura Sailak zuen euskara bultzatzearen ardura. 2006ko urrian sortu zuten Euskara Zerbitzua, euskara teknikari bat kontratatuz.
2001eko datuak pista asko ematen ditu, alegia, %0,77 zela euskaldun zahar. Rodríguez eta Urruela euskaldunaren perfilaren kalkuluak ateratzen hasi dira: eskolako haur txikiekin hasi eta 40 urteko mugara iritsi dira. Haurrak eta gazteak eskolan ari dira euskaraz, badira 30-40 urte ingurukoak eskolan euskaraz aritu direnak... eta kito. Salbuespena dira beren kasa ikasi duten helduren batzuk eta Urruelari atera zaion bezala, badira “jainkoari eskerrak” oraindik ere euskaraz egiten duten pare bat amona. Helduak ez dira asko animatzen euskara ikastera, euskal tradizioarekiko eta kulturarekiko jarrera estua dute, “jarreratxoa” deitzen dio Rodríguezek.
Rodríguez euskara teknikariari ondokoa bururatu zitzaion herriko bost ikastetxeetako ordezkariekin lehen bilera egin zuenean: “Aurreko horiek ariko dira pentsatzen, ‘nondik atera da estralurtar hau?’”. Lau ikastetxe eta institutua daude Abanto-Zierbenan. Duela urte batzuk horietako bakarrak zeukan D eredua. Orain denek dute D eredua, B eredua desagertzear dago eta A eredua bi eskoletan mantentzen da. Euskara teknikaria eta zinegotzia oso gustura daude eskolekin duten harremanaz. Gogoz heldu diote euskara sustatzeko lanari, bai eskola orduetan eta baita eskola orduz kanpoko haur-gazteen astialdian ere. Hasierako bileretako aurpegi harrituak atzean geratu dira.
Ikastetxeekin ez ezik, herrian euskara sustatzen duten eta sustatzeko egokiak diren esparruak batzen dituzte Euskararen Aholku Batzordean. Hor biltzen dira aisialdiko taldeak, ikastetxeak, Abanto euskaltegia, Axola euskara elkartea, kirol eremuko taldeak, euskara teknikaria eta zinegotzia.
Ondarroari eta Lekeitiori begira hasiz gero, euskara dakiten eta erabiltzen duten herritarren kopurua oso xumea da Meatzaldeko herri horretan. Etorkizuna ez dute beltz ikusten ordea, Rodríguezek eta Urruelak. Alderantziz, behetik hasi direnez, emandako urratsik txikiena ere esanguratsua da, pozgarria.
Hala dio Rodríguez euskara teknikariak: “Belaunaldi berrien zati bat murgiltzen bada gure proiektuan, gu gustura”.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa