Astekaria

 Bestelakoak 

Sistemaren krisiaz

Goizean goiz utzi duzu ohearen goxoa, Bilbon garaiz egoteko. Trenean lagun bi jarri zaizkizu ondoan, biak 70 urte bueltakoak. Emakume dotorea bata, euskaldun itxura du, jelkidea seguru. Bisoizko abrigoa kapela elegantearekin konbinatu du. Gizon erdalduna bestea, langile erretiratua. Kondizio umila du honek, zapata zaharretan sumatzen zaio.   Sevillatik irten eta 14 urterekin Durangora etorri ei zen gizona, 1958an, halaxe diotso emakume euskaldunari. Elkar ezagutzen ez badute ere, berriketan natural hasi dira, adinekoek ez dute norbere baitan biltzeko enpeinu posmodernorik, pentsatu duzu.   Gizonak, grazia andaluzaren arrastoarekin: “Dirua daukanak dirua irabazi behar du, bestela pobreek eta langileek ez dute jatekorik izango”. Emakumeak gusturago dirudi bere klase soziala txalotzen entzun ostean, eta ausartu da: “Norbaitek horrela ikusiko ez balu, eros dezala lokala, makinaria, eta ea errekuperatzen duen inbertiturikoa”. Erantsi du euren aitak bazekiela zer zen enpresa gobernatzea. Jaiotzak eman dizkio jantzi dotoreak, kapela, eta bizi-jarrera tentea, ondorioztatu duzu.   Berritsua da gizona: “1958an, trenetik Durangon jaisteaz batera zu zertara zatoz?, galdetu zidan batek. Zertara etorriko naiz ba, erantzun nion, lan egitera!”. Langilearena egin nahi du langile ohiak, eta gaiari buelta larregi ematen hasi zaio, bizi guztiko estigma gainetik astindu guran bezala: “Eurak” lanerako etorri zirela, gezurretan aritzeko ez, lapurretan egiteko ez, alferkeriatan ibiltzeko ez.   “Gaur horixe falta da, beharra egiteko gogoa” adostu dute. Nagikeria norberaren eta komunitatearen kontrako krimena dela argitu ostean, gizonak are morroiago: “Gaur langileek eskatu baino ez dute egiten. Zenbat irabaziko dut?, galdetzen du gazteak. Zenbat lan egingo duzu? esan beharko zaio”.   Adoretuta, emakumeak gaurko usteltze moralaren sakonaz: “Gaur egun, zenbat lapurreta! Ez dakit hau modernismoa den, baina txarrera goaz. Hobera ez, behintzat”. “Lehen pobreagoak ginen, baina lapurrak ez” erantzun du langile ohiak bere estigma historikoa eskualdatu guran. Goibel baina andaluzieraz segitu du: “Zer ote da 20 urte barru. Nire ilobak gaur ondo bizi dira, baina bihar-etzi…”.   Kapelari eskuarekin bultzakadatxoa eman eta, mimoz kolokatu bitartean, sententziatu du emakumeak: “Karramarroaren antzera, atzeraka”.   Bizi dugun krisi sistemikoaren aurrean, batzuek kapela elegantea dute jokoan, bestetzuek zapata zaharrak. Itzela da aldea, pentsatu duzu. Eta hori ez dago gogor lan egitearen baitan.

Joseba Azkarraga

Joseba Azkarraga


2172. alea
2009-02-15
alde 0    kontra 0
Joseba Azkarraga
(Karlos Corbella)


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia