«Euskal aldarrikapenen gotorlekua izan behar du diasporak»

  • César Arrondoren aitonak Antzuolatik Amerikarako bidea egin zuen XIX. mendean; egun, La Platako Unibertsitateko (Argentina) Historia irakaslea da Arrondo. Bere esanetan, euskal diaspora ezezaguna da Euskal Herrian bizi direnentzat: postal zaharkitua, euskal arazoetatik at dagoena. Ez dela hala aldarrikatu du Arrondok.
Cesar Arrondo

Zelan ulertu behar dugu Argentinako diaspora?


Diaspora bi bereizten ditut nik. Alde batetik, 90 bat euskal etxe batzen dituen Argentinako Euskal Gizataldeen Federazioarena (FEVA), 30.000 bazkide dituena; ofiziala esaten diot nik. Badira, bestaldetik, Argentinan euskal abizena duten 3.000.000 biztanle: hauek beste diaspora osatzen dute, lantzeke duguna. Euskal etxeen artean denetarik dugu: handiak, ohikoak (Buenos Aireseko Laurak Bat, Rosario, Mar del Plata, Necochea, Bahía Blanca, Recife) eta azken hogei urteotan jaiotakoak (barnealdean, gehien bat), txikiagoak. Euskal etxe gehienak Buenos Aireseko probintzian daude. Probintziak 136 udalerri dituela eta guztietan jatorrizko euskaldunak daudela kontuan izanik, herri bakoitzean euskal etxe bana egotea posiblea litzateke. Eusko Jaurlaritzaren ustetan, ekonomikoki ezinezkoa da hori, baita egun daudenei eustea ere. Ni ez nator bat kalkulu ekonomiko horrekin, nahiago dut geopolitikaz mintzatu: euskal presentzia indartzea etorkizunerako inbertsioa da; hau da, presentzia hori baliatu beharko genuke euskal diaspora gure aldarrikapenen gotorleku berria izan dadin.
 

Oztopoak nondik datoz?


Euskal etxe gehienek jatorri politikoa badute ere –foruzaleek edota abertzaleek sortuak dira–, egungo diaspora euskal proiektutik urrun dago eta zenbait kasutan ahaztuta du euskaldunok Espainiarekin eta Frantziarekin dugun gatazka. Diasporak parte hartzeko interes gutxi du; ez da eztabaida politikoa sorrarazteko tresneriarik, ezta borondate politikorik ere. Gehiagotan begiratu beharko genioke irlandarren edota armeniarren diasporek haien estatu propioak izateko egindako ahaleginari.
 

Trebatua zara Euskal Herriko egungo egoera ezagutarazten. Zelan hasi zinen zeregin horietan?


Buenos Airesetik gertu bizi naizenez gero, FEVAn parte hartzen hasi nintzen Lapridako Euskal Etxeko delegatu moduan. Birritan izan nintzen FEVAko presidente-ordea. Horrek hemengo diaspora osoa ezagutzeko aukera eman zidan: Historia irakasle izanik, hitzaldiak ematera gonbidatzen ninduten; horrela 70 euskal etxe ezagutu ditut. Federazioan nituen administrazio lanak eta ardurak alde batera utzita, euskal gaia ikertzen hasi nintzen. Harrezkeroztik, ez da egoera politikoa jorratzen ez dudan mintzaldirik, testuinguru historikoa ahaztu gabe. Egun, euskal gizataldearentzako iritzi artikuluak idazten ditut, Deian edota Garan ere agertzen direnak; diasporak izan beharko lukeen rola nabarmentzen dut.
 

La Platako Unibertsitatean Historia irakaslea zara. Euskal gaiei lotutako ekitaldiak badauzkazue han, ezta?


Unibertsitatea eztabaida eremua dugu; euskal etxeek ez bezala, politika baztertzen ez duena. Hala, jatorri euskalduneko 30 bat ikaslez osatutako taldea bultzatu genuen, eta Euskal Herriko kultura eta historia zabaltzeko ikastaroak antolatzen ditugu. Jorratzen diren kontzeptuak oinarrizkoak edo xumeak badira ere (aberria, estatua, hizkuntza, kultura, geografia, gatazkaren iturriak…), ezezagunak dira euskal kolektibitatearen baitan. Agian, esperientzia Buenos Aireseko Unibertsitatera zabalduko dugu. Orain, Nazioarteko Ikasketa sailean, Irlanda eta Euskal Herria abiapuntu, nazionalismoa eta migrazioa ikertzeko departamentua eratu nahi dugu.
 

Historia aldizkari bat ere kaleratzen duzue: Guregandik.


Lapridako Euskal Etxeko Arturo Campion Ikasketa Taldearen aldizkaria da. Lau urte ditu aldizkariak eta bost urte taldeak. Azken zenbakirako, EHUko, Deustuko eta Renoko unibertsitateetako ikertzaileen parte-hartzea sendotu dugu. Aldizkaria bera eskura dago Eusko Ikaskuntzan, Antso Jakituna Fundazioan eta Euskal Herriko unibertsitateetan. Hemengo euskal ikertzaileek euren lanak argitaratzeko tokia izan dezaten nahi dugu, baita munduan zehar diren beste historialariekin duten harremana sendotu dadila ere. Aldizkaria eta historiako hitzaldiak dira Euskal Herria ezagutarazteko ditugun baliabide bakarrak.
 

Duela gutxi, Eusko Jaurlaritzak emandako makina-erremintak banatu dituzte Argentinako zenbait Lanbide Heziketa (LH) institututan.


Eusko Jaurlaritzako Tontxu Camposekin eta Iñaki Mujikarekin Argentinako LHren egoeraz mintzatu ginen eta horren ondorioz jaio zen Euskal Autonomia Erkidegoko LH zentroetatik erretiratutako hainbat makina Argentinara ekartzeko aukera. Kontuan izan behar dugu Argentinan euskaldunok lobbyrik ez dugula eta Euskal Herriarekiko begikotasuna suspertzeko edozein bide ona izan daitekeela. Herrietako hedabideak ere hurbiltzen zaizkigula, badugu euskal gatazkaren gaineko zehaztapenak egitea. Euskal Herriaren alde lan egingo lukeen lobbya eratzeko erabili beharko genuke hau guztia.
 

Martxan dago Ameriketako Nazio Eztabaidagunea.


Esperientzia berria dugu hau ere. Bost izan ginen proiektua martxan jarri genuenok, sentsibilitate politiko guztietakoak. Hain deigarria izan zen alderdi ezberdinekook testu bateratua kaleratzea, Euskadi Irratiak elkarrizketa bana egin baitzigun. Azpimarratu nahi ditut prozesu honetan Mariana Fernándezen izaera irekia eta lana. Ekitaldi publiko bi egin ditugu, Argentinan biak. Espero dugu hurrengoa Uruguain egitea. Eztabaidagunea ahalik eta zabalena izatea nahi dugu, eta Euskal Herriko egoera politikoaz mintza gaitezela, egoera bera ezaguna izan dadila diasporaren baitan. Ekimen honen bitartez, diasporako euskaldunok gatazkaren parte garela eta balizko irtenbidearen parte izan gintezkeela adierazi nahi dugu.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal diaspora
Izaskun Barber de Carlos. Jaiotzez folklorikoa
“Guk bizi dugun bezala bizi dute nafartasuna Argentinan”

Euskal kulturaren transmisioarekin jarraitzeko, eta euskal nortasunaz hausnartzeko Argentinako nafar etxeetara bidaiatu dute Ortzadar Euskal Folklore Elkarteko kideek, eta bizitakoa Nafar Haziak dokumentalean jaso dute. Bertan izan da Izaskun Barber de Carlos (Iruñea,... [+]


Steve Mendibe. 'Basque’ bezain euskaldun
"Amerikarra eta euskal herritarra naiz, baina, bihotzez, euskalduna"

Udatiarrak alde eginik da Ea. Bakean. Halaxe gustatzen zaio Steve Mendibe Aroztegiri, euskaraz bizi den herria, udakoek dakarten gaztelania arrotza gabe. Kalifornian jaioa, Boisen bizi, amerikarra bezainbat da euskalduna. Bi nazionalitateak ditu, bi erroldak... bihotz bat.


2023-07-21 | Euskal Irratiak
Euskal diasporako 37 gazte Euskal Herrian izan dira azken asteetan

Euskal jatorriko 37 gazte estatubatuar Euskal Herria ezagutzen eta euskara ikasten aritu dira uda hastapenean.

 


2022-02-21 | Euskal Irratiak
San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu

San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu asteburu huntan.


Marcela Inda. Argentinar euskaldun peto-petoa
"Euskara da nire lekua, arraina uretan bezala nago bertan"

Argentinatik etorri ikaslea da Lazkaoko Maizpide euskaltegian. Harekin batera heldu hamaika ikasleek bi hilabete egin eta itzuli ziren beren herrialdeetara. Harrigarriki, bertan dugu oraindik mailarik handieneko ikaslea, askok baino hobeki dantzatzen duela euskaraz mingaina... [+]


Eguneraketa berriak daude