Astekaria

 Bertso berriak 

Apátrida, herririk gabea

I Lainopean, eguzkitan, ateri edo euritan ilunaren irrikitan nabil hamaika alditan. Arratsaldeko zortzitan jarria daukagun zitan ilargiaren argitan eguna hausten da bitan. Bertako hainbat begitan, keinu eta aurpegitan nabari dut gehiegitan dabiltzala inbiritan... Umore ona patrikan dudala noa bisitan, ondo asko baitakit han tristetzen dela sarritan.   II Goizean goiz jeiki ahala kotxe barruan noala lan ordutegi zabala da arazo printzipala. Nahiz izan egun pattala, nahiz izan egun makala, gogoan daramadala joaten da berehala... Zin dagit bere magala lasaigarria zaidala, hain delako zerbitzala, zintzoa eta leiala. Nahiz jakin zor diodala noizbait esatea hala, munduak entzun dezala bihotzez maite dudala.   III Gaurkoan ezinegona duenaren lehen sintoma da bere ileko goma norbaitek jarri diona. Hau usaina dariona! Channel 5aren aroma, hain da aroma sakona, heltzen dela handik hona... Jantzia duenez gona nik oparitu niona eragin du zoriona, berea eta biona. Nahiz ta hau ez den Erroma, nola den nire Madonna, esan diot: “Jo, ze ona! Zein guapa zauden amona!”.   IV Zaharren egoitzako gela zaharkituaren umela biok barruan gaudela bilakatzen da epela. Berak jarri du mantela, nik marrubizko pastela laurogeita hamar kandela distiratsu dituela. Opari gisa kapela moderno bat nahi zuela, banekien hala zela; badaki banekiela... Negarrez hasia dela zabaldu zaio rimmela, bere poztasun itzela hedatu nahian bezela.   V Baina, pozik dagoenak, ez dauzka hain urrun penak, sarritan oroitzapenak baitira lagun txarrenak... Luze bizi izan denak ezin ditu ahaztu denak: gerrate zibilarenak, emigrazioarenak... Caceresetik gehienak ekarri zintuzten trenak, geroztik eragozpenak gainditu dituzuenak... Eta esaten dit senak identitate problemak dituela, kristorenak, aberririk ez duenak.   VI Luzatu didan gupida begiradaren harira momentuaren distira momentuan itzali da. Hitz dardartien segida iristean belarrira, amonaren aurpegira jarri naiz zuzen begira: “Laster hilko naiz ta, tira, badaukat azken desira: ni ez sartu lur azpira, errautsak hobeak dira! Bota itzazu mendira edo itsaso erdira, horrelako apátrida hartuko duten tokira.   VII “Garbi dago hilerriko lurra ez duzu begiko, beraz, ehorzteko mito horrekin ez dut segiko. Ez itsaso, ez mendiko nahiak ez ditut ahantziko ta zure errautsekiko promesa ez dut hautsiko; baina, beste hamapiko urtez zarenez biziko halako presa handiko lutorik ez dut jantziko! Eta ez ahaztu ludiko bihotz onen aberriko kide zarenez betiko ez zarela inoiz hilko”.   VIII Sentimenduek zirrara eragitean, taupada kopuruen gorakada heltzen da bihotzetara. Zahartzaroak eztenkada emana dionez, jada zerurako galtzadara luzatu du begirada; hargatik, besoetara erakarriz, besarkada handi batekin ikara bidali du pikutara... “Amona, zoaz lotara, gaurkoa ere pasa da... Bihar, ohi dugun gisara, berriz elkartuko gara”.   Doinua: Habanera. Xenpelar Bertso Eskolak antolatzen duen XX. Zapirain Anaiak lehiaketako sail irabazlea.

Aitor Albistur

Aitor Albistur


2172. alea
2009-02-15
alde 2    kontra 0
Aitor Albistur
(XDZ / A. Elosegi)


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia