Bizi naiz

I “Betikotasun” hitzak badauzka hainbat etsai hankabiko, hain gezurrezko ikusten dute, hain faltsu, hain patetiko… Kontraste hortan bada hamaika burutapen hermetiko: noiz artekoa da heriotza ezer ez bada betiko?   II Azken hatsaren mugarri hori barneratuta gabiltza, (agian ez da “barneratzea” buruan daukadan hitza) arima ez da itoko baina arimarik ez balitza?... Besterik gabe gure arnasak neurtzen al du bizitza?   III Sartu ezkero bukaeraren eta mugen edukian, kontu krudela da heriotza, inork ez du erruki han. Ezinezkoa dela hiltzea dio kantak urrutian: bihurtu baino ez gara egiten izanaren barrutian.   IV Zientziaren erlijioak ustez nor ez du bizkortu: Bera ez al zen heriotzari izena jartzeko sortu… Nahiz medikuntza diagnostiko potoloan egoskortu, ziurra al da noiz hiltzen den bat ta noiz den gorputza gorpu?   V Arnasdunari hau egitea zentzugabe da hain justu baina paisaia bizi bat nahita ezin da gorpuz narrastu… Hortaz, hilotza lurperatzen da, edo bestela erraustu… Norbait hilkutxan zenduko zela egingo nuke apustu.   VI Heriotza hain xinplea izanik, xinplea errematea, bizitza antzu suma daiteke, ta zail da eramatea. Buelta gabeko kontua bada azken hatsa ematea, zergatik ixten ote da giltzaz kanposantuko atea?   Doinua: “Mende lauren bat”.

Alaitz Sarasola

Alaitz Sarasola


2009-02-08
Alaitz Sarasola
(Zihara Enbeita)


Argia.com 2012