Astekaria

 Denboraren makina 

Hotelek hitz egingo balute

Nagore  Irazustabarrena

Nagore Irazustabarrena


2170. alea
2009-02-01
alde 0    kontra 0
Londresko Browns hotelaren ataria

Londres, 1837. Ingalaterrako hiriburuko lehen hotela zabaldu zuen James Brown-ek, Lord Byron-en etxezain ohiak.
1876an Alexander Graham Bell Londresera joan zen asmatu berri zuen telefonoa Britainia Handiko gobernuari aurkeztera, eta Browns hotelean hartu zuen ostatu. Asmakizunaren erakustaldia hoteleko gelan bertan egin zuen eta, hortaz, Europako lehen dei telefonikoa James Brownen hoteletik egin zen.

Handik urte batzuetara, 1894an, Rudyard Kipling-ek ere hotel hura aukeratu zuen Oihaneko liburua idazteko. Hoteleko giroa sormenerako aproposa zen, nonbait, eta 1965ean Agatha Christiek Bertram Hotelean nobela bertan kokatzea erabaki zuen.

Handik milaka kilometrora, Keniako Aberdare Natura Parkean, hotel bitxia eraiki zuten 1932an. Treetops hotela zuhaitz handi baten gainean eraiki zuten eta hortxe dago gaur egun ere. 1952an Ingalaterrako Elisabet printzesa hotel horretan zegoen haren aita Jorge VI.a erregea hil zenean. Beraz, hantxe bota zuten “the King is dead, God save the Queen” esaldi ezaguna, eta ordutik Ingalaterrako erregina da.

XX. mendean hainbat hotelek bestelako zerbitzuak eskaini behar izan zituzten, gerra garaian bereziki. 130 urtetik gora dituen San Petersburgoko Grand Hotel Europe, ospitale, umezurztegi eta administrazio-gune izan zen Errusiar Iraultzan eta I. Mundu Gerran. II. Mundu Gerran alemaniarrek arpilatu zuten, baina egun ateak zabalik dauzka oraindik.

Berlingo Adlon hotela (1907an irekia) Nazioarteko Olinpiar Batzordeko egoitza izan zen 1936ko Olinpiar Jokoetan, eta handik gutxira hasitako gerran bilera diplomatiko ugariren lekuko izan zen. Baina Marlene Dietrich-en karrera bertan hasi zelako da ezaguna batez ere.

Hala, bertan gertatutakoek historiko bilakatu dituzte hainbat hotel. Baina azken urteotan bestelako eraikin historikoak hotel bihurtzeko joera zabaldu da, gaztelu edo jauregi zaharrak bereziki. Badira bestelako eraikinak ere. Gurean, esaterako, Lizarrako Tximista hotela XIX. mendeko Zaldu irin-fabrika zaharberritua da. Eta badirudi Alcatraz espetxe ezaguna hotel bilakatuko dela aurki; orain arte inork egon nahi ez zuen tokian lo egiteko, askok dirua ordainduko dutela, alegia.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia