Astekaria

 Azkena 

Hiriak, espazioak, gorputzak, gu

Bederatzi urterekin herritik hirira bizitzera joan nintzenean, espazio gehiegi okupatzen nuela sentitzen hasi nintzen.   Herrian nahi beste espazio nuen, nahi bezala mugitzeko. Etxea handia zen, larreak eta zelaiak eskura ziren, saltoka eta korrika ibiltzeko, malda eta aldapetan gora eta behera abiatuta. Herriko kale ia araugabeetan auto gutxi ibiltzen ziren. Eskolan, hamar bat ikasleendako toki nahikoa zegoen, ikasgela bakarrean.   Iruñean, pisua askoz txikiagoa zen, eta kaleetan kontu handiz ibili behar izaten genuen trafikoarekin. Ikastetxeko ikasgeletan berrogeina neskak ikasten genuen, eta patiora edo gimnasiora joateko, lerroka eta isilik mugitzen ginen, zigorraren mehatxupean.   Han espazio gehiegi okupatzen nuela sentitzen hasi nintzen, eta sentipen horrek sorbaldak uzkurtzera behartzen ninduen. Orain, batzuetan, estresak hartuta nagoenean, sorbaldak uzkurtuta harrapatzen dut nire burua.   Iruñeko kaleak zapaltzean konprenitu nuen herriko eskolan ulertu gabe ikasitako trafiko seinaleen misterioa: semaforoen eta zebrabideen funtzionamendua.   Iragan udazkenean, Felix Ortega pintore iruindarraren Corazón de Tokio izeneko erakusketara joan nintzen. Ortegak zebrabideak margotzen ditu. Hobe esanda, Ortegak ikusleoi oinezkoen pasabideak gogora dakarzkigun ezinezko zebrabideak margotzen ditu. Pintoreak hiria hartu du gogoetarako gai. Hiria, eta hiritar-herritarrak. Hiria aldi berean publikoa eta pribatua den eremutzat hartuta, eta hiritarrak, gu, hiriak hiri izateko ezinbestekoa duen osagai gisara.   Ziudadelako erakusketan, Felix Ortegak benetako pasabidea margotu zuen koadroen arteko korridorean, erakusketaren erdi-erdian. Ikusle gutxi ausartu zen hura zapaltzen. Jendea ertzetatik abiatzen zen margoak ikustera, apalki.   Iruñean, Ortegak erakusketa egin zuen garai bertsuan, bi agure hil ziren, bi emakume, zebrabide banatan auto banak harrapatuta. Zebrabideak benetan al dira oinezkoen pasabideak?   Iruñean –eta Bilbon ere bai, ikusi berri baitut–, semaforoak saski-baloiko partida desorekatuak dira: 87 eta 23 markatzen dute bide printzipaletan, 87 segundo, autoendako, 23, oinezkoen alde. Oinezkook multzo handitan egoten gara, gure hogei segundoen zain, eta elkarri bultzaka aritzen gara batzuetan, argi berdearen kontrako lasterketa zoroa irabazteko.   Herri txikienetan ere, auto ugari ibiltzen da orain, herritarrek autoa behar baitute, lanera abiatzeko, seme-alabak garraiatzeko, erosketak etxeratzeko. Nire txikitako herrian, Zilbetin, magnesita-harrobi bat zabaltzeko asmotan dabiltza. Herrikoei, harrobia irekitzen utziz gero, errepide berri on bat agindu diete. Eta hainbat lanpostu. Herri txikiek zebrabideak eta semaforoak baino ez dute behar, hiri bilakatzeko.   Iruñean, eta berdin gainerako herri eta hirietan, ezinezko manikiek begiratzen digute hala kaleetako erakusleihoetatik nola etxeetako telebista-pantailetatik. Manikien neurriak eta tamainak ezinezkoak dira, oro har irrealak, baina oso egokiak, hirietako espazio gero eta estugarriagoetarako. Herritarrok gure espazioak bestek –agintariek?– zedarritzea txintik esan gabe onartzen ikasi dugu, baita gure gorpuzkerak besteren –noren?– interesen arabera moldatzen ere.   Nolako herriak, halako agintariak omen. Nolako agintariak, halako espazioak... Nolako espazioak, halako gorputzak?

Inma Errea

Inma Errea


2169. alea
2009-01-25
alde 0    kontra 0
Inma Errea
(Mikel Saiz)


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia