2009-01-20 -- 2169.zenb
Gaiztotze bidean diren zauriak sendatzeko, Asian anilaren (Indigofera tinctoria) eta Txerokienean basa anil urdinaren (Baptisia australis) erabilera berreskuratu eta berritzen ari dira.
Geurean ere bueltan dator urdina, anilarena. Paisaian, kulturan, etxekoa izan da gero eta gehiago ikusten den anila. Igandeetako alkandoraren eta azpikogona zuriaren distira, anil urdinaren ttanttak errematatzen zuen. Baserria, etxea bera, ate-zulo eta leiho-zulo urdinetan irekitzen zen. Ireki, zabaldu eta bat izan belaze eta baso berde, et et et... belaze eta baso urdinekin eta zeruekin. Etxearen zauriak ere urdinak osatzen.
Osatzen eta saneatzen. Kare-esnetan ematen da urdina etxearen zuloetan. Itxura denez, Azkoitiko Floreaga Jauregiko eta Zeraingo San Blas baselizako lan mudejarrak inspiratu zituztenen tarterikoek erakutsitako artea. Etxe osoaren kare zuria urdindu egiten da zaurietan. Zaurietatik gaiztotzen da, zornatzeraino. Anilaren urdinak barrua babesten du, beheko-barrenetik gailurreraino. Ukuiluko azpietako inaurkinen azpian jarritako intsusa arbek bezala, urdin koloreak apo, suge... uxatzen du, baita infernuetako euli santuak ere. Eta kare-esnetan. Karea, kisua, gisua, latsuna, desinfektatzaile natural onenetakoa da. Kare-esnez, kare-urez, kisu-gesalez, gisu-gezalez, latsun-urez karetu, karadu, kisustatu, gisuztatu, latsundu... zuritzen ditugu kare-orez edo latsunbeltzez eraikitako hormak, etxea. Etxea, kanpo eta barru, baita zurajea ere. Etxeak eta arbolak. Etxeko katuaren mugarrien barruko fruta-arbolak, sagarrondoak, sagastiak, belardiak, soroak... dena karetzen da.
Kareak, desinfektatzeaz gain, gure buztin-lur zekenak gozatzen ditu: harrotu, oreatu, lehortu, pHa igo, jakien zikulu-saltsa aberastu... lurra emankortu. Makina bat karobi ondo berotu da bai bazterretan...
Urte amaieran ospatzen diren egun motzenak eta gau luzeenak dituen solstizioko jaietan elkarri opariak egiteko ohitura dago. Orioko etxe honetara oparitarako paperean bilduta etorri dira balkoiko landareak. Ez da erregalo makala! Hor egon dira egunetan, paperik kendu gabe. Jarraian etorri diren elurte eta izotzetarako babes ederra. Berriz ere gaineko balkoiko landareak baino ederragoak azalduko dira udaberrian.
Kaliforniako Sierra Nevadan dago Sequoia National Park. Munduko hamar zuhaitz handienetako bost bertan bizi dira, Giant Forest izeneko basoan. Bost horien artean dago planetako izaki bizidun handiena: General Sherman sekuoia erraldoia (Sequoiadendron giganteum). Hauek dira 2002an zuhaitz horrek zituen neurri beldurgarriak: 83,8 metro garai, 11,1 metro ipurdiaren diametro handiena eta haren buelta 31,3; adaburua 32,5 metrokoa eta enborrean 1.487 metro kubo egur. 2.300-2.700 urteko amona zaharra izanagatik ikaragarria!
"Azak eta porruak eroan ditu neguak"
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa