2009. urteko errepasoa

I Bi mila eta bederatziko azken hileak 12, urte honetan izan ditugu makina bat gertakari: martxo aldera Euskadi ez zen ba kalera jalgi aukeratzeko nor izango zen denon lehendakari? Prentsan argazki ugari egin zizkioten hari, beti besotik helduta haren andre Begoñari.   II Maiatzerako Gazako franjan azken bultzadatxo batez NBEak azaldu zuen: “biak ezin bada, bat ez”. Olmert joan zen negarrez, Abbas zapia dandarrez, eta bakea sinatu zuten luzerako ustez... Han ere, Realean lez, ibiltzen dira aldrebes, presidenteak kentzen dituzte arazoen ordez.   III Ustekabean mundu osoak ahaztu zuen Israel, Kubako giro beroa kolpez gelditu zenean epel: gaixo, bihotz eta gibel, uztailean hil zen Fidel, heriotzaren komunismoak ezin egin ustel; anaia ordezko itzel, “berriraultzaren” koronel, Raul, ordea, ez zen suertatu uste bezain fidel.   IV Abuztuaren 4an, jaiegun handi bat balitz bezela, Kepa Junkerak bere egin zuen Kursaaleko pasarela. Bere ondoan zuela famatuen karrusela, kanturik kantu osatu zuten kontzertu itzela: Ana Belenen estela, Miguel Boséren batela... Arazoa da estreinaldira inor joan ez zela.   V Azaroaren 22an guztia zen negargura: ekonomiak egonkortu du beldurraren diktadura. Munduaren kalentura, iritziaren zentsura, abendurako kapitalista bihurtu zen Kuba. Berri denetan tristura, okerrena zein dugu ba? Obama hiltzen saiatuz hil zen mutil zuri hura.   VI Euskal Herriko bertsolarien final handia da bihar BECen berriro batuko dira eliteko zortzi izar. Zabaldu da zenbait marmar Egaña nekatu samar, ez omen dela izango berriz txapeldun berri-zahar... Hori bai ona, kar, kar, kar... Dena ez da sinetsi behar, etorkizunaz mintzo direnez ezin fidatu lar.   Doinua: “Langile baten semea naiz ni”.

Xabier Paya

Xabier Paya


2009-01-25
Xabier Paya
(Iņigo Azkona)


Argia.com 2012