Astekaria

 Liburuak 

Pasatuko zaio

Igor Estankona

Igor Estankona


2168. alea
2009-01-18
alde 0    kontra 0

Hedoi Etxarte ::Suzko lilia

Susa

95 orrialde

prezioa ::11,40€

Hedoi Etxarteren iluminazioek –Lizardi, Rimbaud etorri duk hitaz galdezka– desorientaturik utzi naute. Ideia nagusirik ez dauka liburuak. Nik behintzat ez diot aurkitu. Poeta izatearen ageri-ageriko emozioak zipriztintzen du dena. Opera primek normalean izan ohi duten atrebentzia daukate suzko liliek, baina idazle hasiberriaren lotsarik eta frenorik ez da igartzen inondik. Zakarki idatzia dago, amore eman barik, kopiatu barik, akatsak bereak dira, bertuteak ere bai.

Hedoi Etxarteren poema bakoitzaren hasieran halako zirrara bat harrotzen da, zerbait interesgarria gorde dezakeela diotsun sentipen baten antzekoa, baina gero emozioa ez dator, ez da lana erremataturik geratzen, mahatsa ez da botilara iristen. Gerrikoa, Itsasontzia eta halako pieza batzuk kenduta, grinarik gabeko konposizioak dira gehienak. Liburuan ez dago erritmorik, ez dago persistentziarik, bilaketa eta bilaketa dago, etengabekoa. Hedoik liburu honekin konbentzio asko irauli dituela bistan da, baina arean gordinagoa espero nuen nik idazkera, kontuan harturik aberatsak direla gaiak eta motiboak. Iradokitzailea da Suzko lilia, ez ostera jenio bizikoa, edo behintzat zer edo zelango marka uzten duen obra horietakoa.

Poesiak giza esperientzian funtzio bat baldin badu, hori da bide berriak ibiltzearena, gauzak beste modu batera esatearena, hautua egitea hitz honen edo bestearen ametsaren artean. Hogeita bi urterekin inork ez ditu inoiz munduko poemarik ederrenak idatzi, nahiz eta beharrezkoa izan, era berean, atrebentzia horrekin idaztea. Suzko lilia lur birjina zapaltzen ari denaren argitasunarekin pentsatua dago. Horregatik diot “pasatuko zaio”: elgorria, liluramendua, idatziko ditu, edo entzungo dizkiogu, poema sendoagoak, aurkituko du bere ahotsa, sakonagoa, apurka-apurka. Zergatik dakigu hori? Bada, liburu onesta idatzi duelako Hedoi Etxartek, eta ardura diolako poesian bide berriak urratzea. Eta hori da, edozein kasutan, lehen pausoa: egia esatea norbere buruari, beldurrik ez izatea ezeri. Eta bihotza zabaltzen hasi garenez guztiok, nik esango dut, irakurle bezala, ez naizela identifikaturik sentitzen lirismo mota honekin, baina estimatzen dudala bere ausardia, eta ariketa interesgarria iruditu zaidala sano.

Materia badauka, forma falta zaio. Bibrazioa badauka, oraindik ahotsik ez. Sonoritatea badauka, baina ez da musika. Poesia badago, poetika falta da.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
  • 4# | Hedoi Etxarte | 2009-01-19 22:59:59

    Lehenik milesker kritika egiteagatik Igor.
    Presentziarik ezezkorrena ere da ausentzia baina baikorragoa niretzat. Espero dut "iluminazio" hitza zentzu frantsesean erabili duzula eta ez espainolean, baina enpin.
    Zure testua nire blogean jarri eta halako mezuak heldu dira.
    Laster arte:

    ttarrapatt said on 1/18/09 2:46 PM
    Hortik doa nire iritzia ere, batez ere honetan:
    "Bibrazioa badauka, oraindik ahotsik ez. Sonoritatea badauka, baina ez da musika. Poesia badago, poetika falta da."


    alainurru said on 1/18/09 4:31 PM
    igor estank- ona
    jajaja
    eskerrak iban hor dagoala!
    jajaja



    xabiertxozura said on 1/18/09 8:50 PM
    hey! zeinek idatzi du? hori labainkada ta labankada. ni ez nago batere ados.


    xabiertxozura said on 1/18/09 8:58 PM
    hey! labainkada ta labankada. ni ez nago batere ados.


    3kn said on 1/19/09 3:09 PM
    Earra kamixeta!!
    ah! ta tipo horri putokasoikez.


    joanes_apaolaza said on 1/19/09 4:26 PM
    zure buruaren jabe bai, ez?

    j.a.


    joanes_apaolaza said on 1/19/09 4:27 PM
    egurra igorri!
    edo hobe esanda igorrek egurra zuri!

  • 3# | ane m. | 2009-01-19 19:14:08

    Liburuaz esandakoa eztabaidagarria da. Edozein modutan, errespetagarria. Iritzi negatiboa izan eta esatea positiboa dela uste dut, baina egia esateko, errespetu falta iruditu zait kritikariaren gurasokeria.

  • 2# | xabi | 2009-01-19 02:56:56

    ez nago batere ados. oso heldua iruditu zait liburua, lirikotasun berri baten bidetik

  • 1# | Iban Zaldua | 2009-01-15 16:23:47

    Ez dakit, Igor, nik neuk ere ez ditut poema guztiak ulertu, holan, banan-banan hartuta, baina liburuak kontatzen duen "istorioa", egitura orokorra eta zentzua nahiko argiak iruditzen zaizkit, eta pieza batzuk balekoak baino gehiago direla esango nuke, oso landuak. Eta bitxia egiten zait halako kritika bat zuregandik etortzea, batik bat kontuan hartuta zure poesia ez dela bereziki "erraza", ezta ere...

Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza