Astekaria

 Bestelakoak 

Eguberri new look

Eguberri dela, Papa Noel dela, Olentzero dela, literatura luzea da. Gure haur denboran, lo ginela, Jesus haurrak uzten zigun zerbait tximinian, ongi dirdirarazirik utzi oinetakoetan. Ez zen ez Play Station, ez I-phonik. Laranja bat aski zen gure atseginerako.   Geroztik mundua aldatu da. Etorri zaigu Papa Noel, Ipar Ameriketatik, Coca-cola edariak asmaturik, bere edariaren publizitatea egiteko baliatzen dela Eguberriz.   Ikastola sortu zelarik, jakin genuen guk bagenuela Olentzero. Baionako karriketarik hasi eta Euskal Herri barnean ere sartu da. Baina ez dauka Papa Noelen hedadurarik. Ez duzue nehon ikusiko soka batetik dilindan, etxeko leihotik sartu nahiz. Nire auzoan hiru Papa Noel izan dira horrela bata bestearen azpian. Eguberriz heldu dira?   Egun irakurtzen nuen erlijio kutsua galtzen ari dela Eguberri, lehenagoko Egun Berri pagano hartara itzultzeko. Jende asko ibili da oraino elizan egun horren karietara. Izturitz-Aiherran 1.300 jende bizi da, eta Eguberriz 700 bat joan da elizarat. Euskaldun gutiz gehienak. Joaten ez direnak, lehenagoko hartarat itzuli direla? Ez, ziurki.   Paganoak ez ziren sinesgabeak. Jainko batean sinesten zuten, eta nola! Ez bada ere XXI. mendekoen ikusmoldearekin. Egun Berria erlijio besta zen.   Bazitezkeen garai hartan ere sinesgabeak, baina oso marginalizatuak. Orain aldiz bai, sinesgabeen Eguberri bati buruz goazela. Eguberri new look bat ospatzen dute giristinoek berek sinkretismo berri batean.   Baina sinesgabe direla uste duten horiek ez dutela sinesten? Bai! Eta nornahik baino gehiago. Sinesten dute Kontsumismo jainko berrian. Sinesten dute erosi ahala baino gehiago erosiz dutela zoriona aurkituko. Hi bahaiz, ni banauk, zein gehiagoka auzoekin, nork diru gehiago xahutu. Otoi ez hunki dogma hori!   Zoriona aurkitzen dute? Zoriona ematen digu murgilduak gauden kontsumismo zibilizazioak? Nolaz dira Europan, urtekal, dozena milaka beren buruaz beste egiten dutenak? 12.000 Frantzian berean. Bide istripuz baino lau aldiz gehiago! Gaztetan berdin!   Beteleemeko barruki hartan aldiz, ongarri usaina eta ardi marraken erdian bazen zoriona. Haur berri batek eta haur horren alderat zen maitasunak ekarria, aitamen ala artzainen aldetik, pinta erdi esnea eta bi talo opariak lekuko.   Lehenagoko kontuak horiek oro. Aurrerapen, garapen, erosmen ahal eta bestetarik igurikatzen dugu zoriona guk. Eta igurikatuko.

Xipri Arbelbide

Xipri Arbelbide


2168. alea
2009-01-18
alde 0    kontra 0
Xipri Arbelbide
(Iñigo Azkona)


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia