2009-01-18 -- 2168.zenb
Mikel Zurbano (Ekonomialaria)
Krisiari aurre egiteko mundu mailako lankidetzaren ahulezia kitatzeko, herrialdeetako erantzunak bi ardatz nagusi hartzen ari dira arrakasta handirik gabe: bata erreskate planak eta bestea politika antiziklikoak. Lehenari dagokionean estatuen interbentziorik ezean finantza sistemaren hondamendiaren aurrean geundeke, milaka milioi dolar bideratu dira plan horien bidez, urtetan mozkinen metaketa handitu dituzten finantza erakundeak diru publikoz hornitzeko.
Zalantza moralaren garaiotan jokabide etikorik eza izan da estatuen jokabidearen oinarri. Esaterako AEBetako erreskate planean erabilitako dirutzak jatorriz arazoa sortutako hipoteken moneta balioa aise gainditu du, beraz merkeagoa eta bidezkoagoa zatekeen baliabide publikoak hipotekak kitatzeko erabili izana. Bigarrenari dagokionean, Krugman Nobel saridunak erakusten du errenta ertainei kenkari fiskalak gehitzeak beren gastu maila handitzeko ez duela ondorio efektiborik krisi garaietan.
Hobe lukete estatu indartsuenek beren ahaleginak paradisu fiskalen aurka bideratuko balituzte, beren herritar aberatsenen iruzur fiskal hedatuenari ateak itxiz eta errenta birbanaketa gauzatuz. Bestalde, aurrekontu politiketako erdian azpiegitura erraldoiak eta eraikuntza etxeak sustatzea lehenesten da, Estatuan eta Hego Euskal Herrian kasu. Eredu ekonomiko zaharraren mugak kontuan hartzeke garapen iraunkorrari ateak itxiz. Neurri bidegabeen gurpilari eransten zaio enpresa produktiboak krisia aprobetxatuz egiten ari diren erabilera perbersoa: Enplegu Erregulazio Espedienteak, kaleraketak, konbenio zorrotzak. Hauxe da, hain zuzen, azken hamarkadetako ibilbidean indarrean ipinitako neurriak are gehiago zorroztea eta soldatapekoek erosahalmena galtzeko baldintzetan sakontzea, beti ere etekin tasa handitzeko. Lehengo lepotik burua: enpresa bakoitzarentzat laburreko soluzioa izan litekeena ekonomia osora zabalduz gero neurri itogarria bihurtzen da soldatapekoen errenta maila jaistea.
Horixe da gaur egungo krisiaren zio nagusia. Eta hau ez da kitatzen presio fiskala apalduz, lan merkatuan bidezkoagoa den berrarauketa gauzatuz eta gastu soziala biderkatuz. Gizartea eta ingurugiroa politika ekonomikoen erdigunean ezartzea da krisiaren irtenbidearen gakoa. Historiak dio kapitalismoak nekez hartuko duela bide hau. Are gutxiago mugimendu alterglobalista eta ezkerreko indarrak eta alternatibak ahuleziak jota dauden garaian.
Xipri Arbelbide (Apaiza eta idazlea)
Eguberri dela, Papa Noel dela, Olentzero dela, literatura luzea da. Gure haur denboran, lo ginela, Jesus haurrak uzten zigun zerbait tximinian, ongi dirdirarazirik utzi oinetakoetan. Ez zen ez Play Station, ez I-phonik. Laranja bat aski zen gure atseginerako.
Geroztik mundua aldatu da. Etorri zaigu Papa Noel, Ipar Ameriketatik, Coca-cola edariak asmaturik, bere edariaren publizitatea egiteko baliatzen dela Eguberriz.
Ikastola sortu zelarik, jakin genuen guk bagenuela Olentzero. Baionako karriketarik hasi eta Euskal Herri barnean ere sartu da. Baina ez dauka Papa Noelen hedadurarik. Ez duzue nehon ikusiko soka batetik dilindan, etxeko leihotik sartu nahiz. Nire auzoan hiru Papa Noel izan dira horrela bata bestearen azpian. Eguberriz heldu dira?
Egun irakurtzen nuen erlijio kutsua galtzen ari dela Eguberri, lehenagoko Egun Berri pagano hartara itzultzeko. Jende asko ibili da oraino elizan egun horren karietara. Izturitz-Aiherran 1.300 jende bizi da, eta Eguberriz 700 bat joan da elizarat. Euskaldun gutiz gehienak. Joaten ez direnak, lehenagoko hartarat itzuli direla? Ez, ziurki.
Paganoak ez ziren sinesgabeak. Jainko batean sinesten zuten, eta nola! Ez bada ere XXI. mendekoen ikusmoldearekin. Egun Berria erlijio besta zen.
Bazitezkeen garai hartan ere sinesgabeak, baina oso marginalizatuak. Orain aldiz bai, sinesgabeen Eguberri bati buruz goazela. Eguberri new look bat ospatzen dute giristinoek berek sinkretismo berri batean.
Baina sinesgabe direla uste duten horiek ez dutela sinesten? Bai! Eta nornahik baino gehiago. Sinesten dute Kontsumismo jainko berrian. Sinesten dute erosi ahala baino gehiago erosiz dutela zoriona aurkituko. Hi bahaiz, ni banauk, zein gehiagoka auzoekin, nork diru gehiago xahutu. Otoi ez hunki dogma hori!
Zoriona aurkitzen dute? Zoriona ematen digu murgilduak gauden kontsumismo zibilizazioak? Nolaz dira Europan, urtekal, dozena milaka beren buruaz beste egiten dutenak? 12.000 Frantzian berean. Bide istripuz baino lau aldiz gehiago! Gaztetan berdin!
Beteleemeko barruki hartan aldiz, ongarri usaina eta ardi marraken erdian bazen zoriona. Haur berri batek eta haur horren alderat zen maitasunak ekarria, aitamen ala artzainen aldetik, pinta erdi esnea eta bi talo opariak lekuko.
Lehenagoko kontuak horiek oro. Aurrerapen, garapen, erosmen ahal eta bestetarik igurikatzen dugu zoriona guk. Eta igurikatuko.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa