Astekaria

 Bertso berriak 

Oliturriko bandiduak

I Mila zazpiehun eta laurogeigarrena, matxinada osteko urte gogorrena. Soldaduei ihesi larri zebilena Arnon ezkutatzen zen basoan barrena. II Ormolako artadian haran ta gailurrak, haitzulo nahiz karobiz jositako lurrak. Bertan ezkutatuta jauntxoei beldurrak bizi ziren motxaila ta bide lapurrak. III Haietako bat Txomin, txondorgile hura babes bila joana Arno ingurura. Aurpegia ikatzez zikintzeko ohitura, hargatik zetorkion “Txomin Beltz” deitura. IV “Torre” ta “Martin Txiki” alproja parea, baita “Xanturu” eta Don Jose abadea, hala osatu zuen Txominek taldea “jantxakurrei” lapurtu zen euren legea. V Arrats hartan Lekonden izara zuriak balkoitik eskegita propio jarriak. Arnoko talaiara seinale garbiak: urteko zerga bila badatoz guardiak. VI Lekondeko Joxeri Txominek honela: “to dirua ta erosi ardo ta okela. Eman guardei edaten inoiz ez bezela, masailak gorrituta irten daitezela”. VII Hala atera ziren guardak mantso-mantso... Martin Txiki zelatan zuhaitz gainetik so. Hark abisua pasa, besteek eraso, jipoi eder bat eman ta zakua jaso. VIII Baserritarrei eman guardek lapurtua, dirua taldearentzat hala zen tratua; Ormolan omen zuten ezkutalekua: Oliturri inguruko koba sekretua. IX On Julian de Zabala Lasalde-Ederreko jauntxoa ez zegoen umore oneko. Soldaduei agindu prest zela emateko ehun ta hogei erreal buru bakoitzeko. X Astigarrabiatik Ormola aldera, hirurogei soldadu baziren denera. Txominek antzemanda haien etorrera ihesi joan ziren Ameikutzen behera. XI Soldadu gehiago zain zeuden Ameikutzen! Aurrez prestatutako tranpa zen hain zuzen. Trabuko tiro hotsak entzun ziren ozen “bandiduen” azkena huraxe izan zen. XII Bukatzeko kondaira gogoangarria, baserritarrek jarri zuten hilarria. Jakin nahi duenak non dagoen jarria, bisitatu dezala Ameikutzko harria! Oharra: Mutrikuko Bertso Eskolak antolatutako XXIII. Okelar Sariko sorta irabazlea. Doinua: “Markesaren alaba”

Irudia

Xabier Astigarraga


2167. alea
2009-01-11
alde 0    kontra 0


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia