Munduan Madoff bakarra baina piramideak asko

  • Finantzako piramideak aspaldiko kontua dira, gaur ere irauten duena. Baina Egiptoko harrizko famatuen alderantziz, diruzko piramideek bizi laburra edukitzen dute, hondamendiak eraginez. Madoff amerikarrarena izan da garaiotako sonatuena, baina odoltsuagorik izan da.
DRFE
Alvaro Uribe Kolonbiako presidenteak DRFE funts piramidala legez kanpo ezarritakoan izandako protestak.Daylife.com
 
Piramideek aberatsak ez dituzte harrapatzen erortzean, gehienetan bizimodu erosoago baten bila dabiltzanen gainera erortzen dira. Bernard Madoffek 2008ko azaroan agerian utzitako iruzurra horretan zen ezberdina, sosak dirudun adituei desagerrarazi dizkielako. Horregatik, eta egin duen 50.000 milioi dolarreko zuloaren handiagatik.
 
Gainerakoan, piramideak aspaldi asmatu ziren eta itxura ezberdinekin sakonean berdintsu funtzionatzen dute. Gehienetan bezero arruntagoekin, beti merkatuan ohikoak diren etekinen aldean handiak aginduz... eta denbora batez emanez. Piramideok tarteka Euskal Herrian ere azaltzen dira, baina orain artean –Espainiako Forum Filatélico eta Afinsa-ren eraginetik landa– anekdotaren mailan geratu dira. Baina egitura piramidalak nonahi daude munduan, komunikazio globalaren garaiotan gezurra dirudien arren.
 
José Monzó izeneko espainiar batek Pensamiento Sistémico blogean ahalegina egin du egiturok ulertzeko eredu matematikoa garatzen. ¿Por qué colapsan las pirámides financieras? artikuluan batik bat Madoff eta XX. mendeko iruzur famatuena egin zuen Carlo edo Charles Ponzi-renean oinarritu da, baina bien alderaketak balio du hobeto konprenitzeko erori diren edo bizirik dauden piramideak.
 
Ezaguna da egituron oinarria dela bezeroen katea. Alegia, dirua inbertitzen duten bezero berriek finantziatzen dituzte aurrekoek kobratu behar dituzten interesak eta amortizazioak, eta inbertsore berriak erakarri behar dira sarera eten gabe. Etekinok espekulazio hutsaren fruitu direnez, ez da aberastasunik sortzen, alderantziz, hasierako kapital erreala gutxiagotuz doa. Galdera inportantea da: zergatik hondoratzen dira batzuk hain azkar eta beste batzuk beranduago?
 
Monzók eredu matematikoan kontuan hartzen ditu alde batetik eskaintzen diren interesak, bestetik sartzen diren bezero berriak eta azkenik hauen inbertsio kopuruak. Datuok gurutzatuz uste du aurreikusi daitekeela horrelako egitura baten kolapsoa noiz gertatu behar duen. Interesen portzentaiari dagokionez, 1919ko iruzur famatua egin zuen Ponzik hiru hilabetetan inbertitutakoa bi halakotzea prometitu zuen, eta hasieran bezero berriak azkar sartuz lortu zuen arren, laster hondoratu zen, 20.000 herritarren txanponak ke bihurtuz.
 
Madoffek eskaini dituen interesak ez ziren hain harrigarriak, urteko %10-12 ematen zuen txintxo asko. Susmo gutxiago pizten zuen inbertsiogileen artean, eta beste urte batzuetan zutik atxiki ahal izango zuen gaztelua: hilda gero, salda bero. Baldin eta 2008ko krisi malapartatuak desegin ez balio.
 
Madoffen egitura iritsita zegoen, hala uste du Monzók, capital estacionario o comatoso deitzen duen puntura. Hots, urrituz joan arren bezero berriak inguratzen zituenez, oraindik urte batzuetan luzatu zezakeen bere bizia. Hori lortu izan balu, beste piramidegile famatu baten balentria beteko zuen. Ekuadorren 800 milioiko zorrak utzi zituen Jorge Cabrera Roman notarioak bat-batean hil zenean, 200.000 herritarren aurrezkiak. Cabrerak lortu zuen munduaren aurrean lotsakizun bere seme-alabak geratzea eta ez bera.
 
Albaniako 2.000 hildako haiek

Joan den azaroan AEBetako dirudun juduez gain, munduko beste herritar asko bazebilen haserre beren diruen galdezka. Kolonbian Alvaro Uribe presidenteak 17an larrialdi egoera ezarri behar izan du, altxorra galdu duten milaka herritarren haserrea kontrolatzeko.
 
Kolonbiako Indymedian eta honi lotuta Wikipedian irakur daitezke hango iruzurraren xehetasunak. Proyecciones DRFE eta DMG egiturak dira kaltetu gehien utzi dituztenak. DRFEk 6 milioi herritarren 2 bilioi peso (315 milioi euro inguru) desagerrarazi ditu eta DMGk 500.000 pertsonaren 72.000 milioi peso. Hileko %70eko interesak eskaintzen zituzten eta justu erori aurreko hilabetean hileko %150ekoak.

Orain irakur daiteke Kolonbiako egitura horiek narkotrafikoaren diru garbitzeari lotuta zeudela, eta ez da gezurra izango. Dena den, Hego Amerikan behin eta berriro agertzen, indartzen eta hondoratzen dira mota honetako finantz piramideak.
 
Hala ere, guregandik hurbilago, duela dozena bat urte herrialde oso baten hondoratzea ekarri zuten aberasteko sistema piramidalek. Bernard Madoffen eskandaloa gertatu behar izan du europarrak oroi daitezen 1996-97an Albaniako ekonomia txiroa deseginda geratu zela, liskar handietan murgilduta, eta nola edo hala ihes egiten zuten milaka albaniarrez gain 2.000k galdu zutela bizia istiluetan. Euskal Herrian 2.000 galdu balira duela hamabi urte, luzarako marka utziko zuten.
 
Burbuja.info blogean oroitu dute Albaniakoa berrikitan, baina iturri ez-susmagarrien xerkan dabilenak Nazioarteko Diru Funtsaren gunean badauka Albaniako piramideen krisiaz dosierra. 1996an Albania sistema komunista deusezten ari zen abiada osoan. Urte horretan izan ziren lehenbiziko hauteskundeak, Alderdi Demokratikoak %90ekin irabazi zituenak, oposizioaren kexuen artean.
 
Ordurako egitura piramidal bihurtzen ari ziren 1992tik finantzetan hasitako bankuak. Inbertsio funts arautugabe hauek elkarren artean hasi ziren interesen lehian: uztailean Kanberik hilean %10 ematen zuen, irailean Populli hileko %30 agintzen hasi zen, azaroan Xhafferik eskaini zuen hiru hilabetetan kapitala hirukoiztea, Sudek arrapostu eman zuen kapitala bi hilabetetan bikoiztea aginduz. Azkenean, hilabete gutxiren bueltan, Albaniak zituen 3,5 milioi biztanleetatik 2 milioik bizi osoko diruak jarrita zeuzkaten mirakuluzko kontuotan.
 
1997ko urtarrilean egin zuen eztanda hark guztiak. 9an Malvasia funtsak kiebra jo zuen, haren ondoren gehiagok. Gobernuak presaka egitura piramidalak debekatu zituen, herritarrek beren ondasun apurrak salduta inbertitutako dirua behar zuten, liskarrak hasi ziren, agintariek finantziero batzuk arrestatu zituzten baina askoz gogorrago eraso zieten manifestazioetan ateratzen zirenei, komunikabideak itxi zituzten, bi mila hil ziren kaleetan, Italiak eta bestek soldaduak igorri zituzten dena lehertuko zen beldurrez...
 
2005ean istiluak Ekuadorren jazo ziren, baina Jorge Cabrera notarioak ondorengoei utzi zien espektakulua. Notario zaharra 1995eko urrian hil zen Quitoko hotel batean, neska gazte baten besoetan.

Argazki oina: Alvaro Uribe Kolonbiako presidenteak DRFE funts piramidala legez kanpo ezarritakoan izandako protestak. Finantz egitura horrek milioika herritarren 315 milioi euro desagerrarazi ditu. Argazkia Daylife.com-etik dago hartua.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude