2008-12-28 -- 2165.zenb
Jakes Bortairu (Euskal Konfederazioko kidea)
Iragan maiatzean Christine Albanel frantses ministroak hitzemandako hizkuntza legeak, segur aski, aukera berri bezainbat mehatxu ekarriko du. Segur da lege honek euskarak behar dituen ofizialtasuna eta frantsesarekin parekotasun juridikoa ez dituela aitortuko. Zer egin beraz? Salaketa hutsean gelditu ala eragiten saiatu? Bigarren aukeraren alde egin du Euskal Konfederazioak arrazoi desberdinengatik. Alde batetik premia handia baita –azken inkesta soziolinguistikoak baieztatu duen bezala, salaketa bezain beharrezkoa da nola edo hala bide bat urratzea– hizkuntzaren normalizaziorako baldintza hobeagoak sortzeko. Eta baldintza hobeago horiek legeak sortuko dituenentz ziur izan gabe ere, beste lurralde hizkuntza komunitateekin batera eragiten saiatzeak balio du.
Alabaina, momentu “historikoa” biziko dugu nolabait. Azken 40 urteetan kolore guztietako frantses talde parlamentarioek hizkuntza lege proiektu bana landu bazuten ere, sekulan ez zuen gobernu batek lege proiektu bat aurkeztu (1982an boterera berriki iritsi ziren sozialistek Destrade izeneko proiektua aurkeztu zuten baina Legebiltzarrean eztabaidatu aitzin lurperatu zuten). Gertakari hau urtetako aldarrikapen eta lanaren emaitza da. Paristik lurralde hizkuntzentzat berri onak salbuespenak direla jakin arren, eragiteko bataila aurretik galdua dela ezin da baieztatu, eragin gabe aldiz, segur. Funtsezko printzipioak eta eskakizunak ozenki plazaratzeko momentua da beraz.
Azkenik, eta hipotesia okerrenean salaketa baizik mereziko ez duen legea ateraz gero, horren inguruko eztabaida guztia, hala eta guztiz ere, lagungarria izanen da aurrera egiteko behar den lekuan, hots Euskal Herrian bertan, beste herrialdeetan bezala. Izan ere, frantses Estatuaren menpe bizi diren euskaltzaleek ontsa badakite euskararen geroa hemen jokatzen dela nagusiki. Parisen deus mugitu gabe, herri zerbitzuak sortu, dinamika zabalak sustatu eta emaitza konkretuak ere lortu dituzte euskararen biziberritzeari begira. Azken urteetako ekimenak soilik aipatuz, hor ditugu Bai Euskarari, Herriko Etxeetako Hitzarmenak edota Batera mobilizazioa, egoera sakon aldatu eta baldintza berriak sortu dituzten dinamika sozial eta politikoak. Parisen zerbait mugitzekotan bada, Frantziako Legebiltzarrean euskara aipatzen bada, euskaltzaleak mobilizaturik egon behar dira, beren mezua plazaratzen, berdintasuna aldarrikatzen, herritarren atxikimendua hedatzen eta azkartzen, hizkuntza politika ausarta eskatzen eta diputatu/senadoreak presiopean atxikitzen.
Tere Irastortza (Idazlea)
Afrika bezala paperera ekarri mundua eta han banatu, sailkatu, neurtu. Gero etxe bat zegoen tokitik bi nazioen arteko muga pasatzen bada etxearena da okerra; geroago etxe hartakoak handik joaten ez badira ez dira izango besteentzat ez hango eta ez hemengo, bere jaiotetxeari atxikitzen zaizkienak identitate arazoak izango dituzte, edo izango da basa direlako edo ez aski unibertsal. Izan ere, paperetan gorde baita egoera bakoitza sailkagarri bihurtzen duen kasuistika bat, eta sailka ezin dena... ba horixe, halako salbuespenen poltsara sartu behar da.
Afrika bezala paperean marraztu ideia eta baloreen mundua. Jakintza guztia hipotesiak baieztatzeko eta arazoak bertan ebazteko metodologian zentratu eta makro-pentsamendu orojakile eta oro-suntsitzaile bat sortu eta egituratu, errepikatu han eta hemen, ikasleak hezten dituzten unibertsitateetan erakutsi, hango unibertsitarioak jakintsu bihurtu eta komunikabideetan makro-pentsamendu horrekin denean argi ematen saiatu, eta azkenean jokamoldeak eta pentsamoldeak, errepikapenaren poderioz, unibertsaldu, lehen zen guztia ahaztuz.
Gero bi mundu geratzen badira izango dira: bata, makro-pentsamenduaren araberakoa eta bestea, beste modu batean arautu beharrekoa, behar bada zigortu beharrekoa arrastora sartu arte. Bada aski baliabide horretarako. Esate batera, 2001eko Ekonomiako Nobel Sariak Joseph E. Stiglitzen arabera urte batzu barru AEBetan diru gehiago beharko da ziurtasunean (Barne-Ministeritzetan eta gerletan) hezkuntzan baino. Izan ere, kartzelan pasatzen den urte batek Harvarden pasatzen den urtebetek baino gehiago balioko omen du eta.
Baina, hara nola... baina papera galdu egin dugu! Eta non da baino beste mundu hura? Oh... barkatu, pentsamendu hori aldendu egin da eguneroko bizimodutik, bakarren batek ondo baizekien xehetasun horiek teoria orokorra baieztatzeko bakarrik zirela. Ah... eta gero krisia etor datorrela! Lasai oraingoz. Makro-pentsamenduak oso argi utz dezake nondik eta nola sortu den, zein faktoreren ondorio den, baina ez zer egin hortik alde egiteko. Bat-batean ekonomiaz zekiten guztiek ez dakite ezer, eta ezer ez zekitenei zertan galdetu? Galdera ez da zer egin behar dugun? Galdera bihurtzen da zer egin behar dute estatuak, enpresariek? Zer egin behar dute besteek? Zer egin dute gaizki beste guztiek?
Gu zera... eguneroko biziaren gaineko erabakimenaz gabetuak ginen, eta orain makro-pentsamendu gabe etortzen zaigu burura Marik zioena: ezari emana ezak eramana dela.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa