Astekaria

 Liburuak 

Antzinako istorio modernoak

Xabier Etxaniz Erle

Xabier Etxaniz Erle


2165. alea
2008-12-28
alde 0    kontra 0

Juan Kruz Igerabide, Elena Odriozola (irudiak)::Amilami. Laminen istorioak

Elkar

orrialdeak ::180

prezioa ::24.50€

Laminen istorioak direla dio liburu honen izenburuak. Lamina baten istoriotik abiatuta laminen inguruko istorioak, hain zuzen. Eta helburu horri erantzunez eskaini digu Juan Kruz Igerabidek Amilami protagonista nagusia duen nobela hau.

Dimatik ihesi, Sugoi zitalaren agindupetik ihesi, Gasteiza iritsiko da Amilami, bertan ospitalean lan egin eta, handik ere ihesi, etxe batean inude amaituko du ibilaldia lamia ederrak. Horrela laburbildu liteke nobelaren nondik norakoa, abenturazko nobelatzat har daitekeen obra. Sugoik lamiak bidaliko ditu Amilamiren kontra, aurkitu eta ekar diezaioten; eta lamia onak, berriz, etsai horien kontra bere magia guztia erabili beharko du.

Abenturazko argumentu hori, baina, Igerabidek erabili duen egitura baino ez da, benetan kontatu eta azaldu nahi diguna gozatuz jarrai dezagun. Misterioa, intriga, jakin-mina... lamien inguruko informazioa azaltzeko erabili dituen tresnak izan dira nobela honetan.

Horrela, hasiera-hasieratik aurkeztuko zaigu narrazioko protagonista nagusia, lamia gazte bat, Amilami, eta ondoren lamien ezaugarriak, trebeziak, ohiturak, jokabidea... eta beste mila kontu gehiago ezagutzeko parada izango dugu Amilamiren abenturetan zehar. Baina, ez horiek bakarrik, kontu horiekin batera lo-kantak, esaerak eta tradiziotik harturiko hainbat eta hainbat elementu ere aurkezten baitizkigu Igerabidek.

Argi dago liburu honen bidez hori guztia egiteko asmo garbia izan dela. Dona-dona saila irakasle, guraso edo bibliotekarientzat, bitartekarientzat alegia, pentsatua izan da; batik bat euskal tradiziotik jasotako elementuen transmisio moderno eta berri baten bila. Eta hain zuzen transmisio moderno eta berri hori lortzeko, edo, beste modu batean esanda, lamien kontuak oraingo haurrei kontatzeko, idazlearen trebezia behar da. Aurreko batean Patxi Zubizarretak sorginekin egin zuena (Atxiki sekretua liburu zoragarrian) oraingo honetan Igerabidek egin du: kontakizun erakargarri, entretenitu eta ederki egituratu baten bidez tradizioa eta modernitatea lotzea, irakurlea harrapatzea hasierako orrialdetik amaierara arte irakurtzen jarrai dezan.

Elena Odriozolaren irudiek asko laguntzen dute liburuaren tonuan eta edertasunean; lamien ondoan ageri diren ume bien karakterizazioa eta, amaiera aldean, indarra oso lortuak dira; eta, ohi bezala, ilustratzaile donostiarrak are ederrago bilakatzen ditu liburuko kontakizunak.

Amilami tradizioa eta modernitatea uztartzen dituen abenturazko nobela entretenigarria dugu, antzinako kontuak gaur egungo haurrei era guztiz erakargarrian eskaintzen liburu paregabea.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza