Astekaria

 Diskoak 

Stonerra biziberritua, taupadak bezainbeste estilorekin

Iker  Barandiaran

Iker Barandiaran


2165. alea
2008-12-28
alde 0    kontra 0

Sharon Stoner ::13 taupada

autoekoizpena

iraupena ::58’23’'

prezioa ::13,50€

Taupada asko eta indartsuak eman ditu Oñatiko hirukoteak, eta horri esker bigarren diskoa autoekoiztu dute, itxuraz eta edukiz dotore askoa. Zuzenean talde irmoa bada ere, diskoan gehiago esperimentatzen dute. Lau minututik gorakoak dira kantu guztiak, bakoitzean zenbait giro eta paisaia uztartzeko gai dira, eta stoner etiketa txiki utziaz ñabardura eta musika ildoak ugariak dira: rock gogorra, ukitu latinoa, post-hardcorea, psikodelia, flamenko tantak, zati akustikoak edota stoner pisutsu eta azkarra. Hori guztia euskaraz abestua. Eta testuetan, Ternuako arrantzaleak, voyeurismoa, ezinegona, garapena, desioa edota adiskidetasuna. Bestalde, are eta musikari txukunagoak dira, ahotsarekin ere asko jokatu dute, eta Karlos Osinaga “Txap”-ek ederto borobildu du emaitza.

«Abestiak apaintzerakoan nolabaiteko muga jarri behar izaten diogu gure buruari»

13 taupada. Zuentzat bizitza musika da?

Bizitza musika baino askoz gehiago da, gauza gehiago daudelako gozatzeko. Ardo bat otordu on batean lez, musika momentu askotarako osagarri aproposa da, une bakoitzean behar den giroa edota sentipenak sakontasunean lortzen laguntzen duelako.

Badira taldeak zuzenekoak eta diskoak bereizten ez dituztenak. Zuek bai, ezta? Are gehiago, esango nuke estudioko lana gustuko duzuela…

Estudioko lana ikaste prozesu aberasgarria da, asko esperimentatu eta beste batzuengandik ere ikasten delako. Gure soinua aurkitu eta grabatu samur egiten dugu, baina nahasketa nahiko gogorra izaten da. Horrez gain, estudioan ikasitakoak zuzenekoetarako balio digu; bilatzen ditugun soinu edo koloreekin apaintzen ditugu kantuak.
Zuen izenak stonerrari erreferentzia zuzena egiten dio, baina maketatik geroztik beste estilo eta ñabardura askorekin aberasten dituzue kantuak…

Stonerraren lehenengo araua da stoner ez zarela esatea (barrez). Ez diogu etiketa horri uko egiten, baina etiketa horren azpian dauden talde askok askoz gauza aberatsagoak egiten dituztela uste dugu. Taldeek egiten dutena egiten dute, eta gero jartzen zaie etiketa.

Abestiak idazterakoan eta grabatzerakoan argi izaten duzue bakoitza noiz bukatu edo buelta asko ematen dizkiozue?

Bi atal ezberdintzen ditugu: abestiaren eskeletoa edo egitura egitearena, eta egitura hori janztea eta apaintzea. Lehenengoa nahiko arina izaten da, baina bigarrenean jarri behar izaten diogu nolabaiteko muga gure buruari, ez gaitezen biziatu abestiak gehiegi hornitzen. Grabatzerakoan, ordea, argi izaten dugu zer grabatu eta zer ez.

Zeintzuk dira “akorde debekatuak”?

Musikan ez dago akorde debekatu edo okerrik, ez guretzat behintzat. Tarte edo akorde disonanteekiko afizioa izan genuen garaian, umore gisa, izen hori erabiltzen genuen.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
  • 1# | Juantxo | 2009-01-09 16:44:45

    Kaixo, Ander naiz.
    Hemen bidaltzen dizut Argia aldizkarian Stonerrei egindako elkarrizketa. Oindiok ez juat entzun baina erosi behar juat eta disfrutau!!

Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza