I Urtea hasi, ondo hasi zen sorpresaz bete-beteta; eszedentzia neukan lanean, disfrutatzea zen meta. Lan merkatuan ipini nuen, hala ta guztiz, arreta. Martxoan hasi nintzen lanean, triste, kolpeka-kolpeka, otsailerako diru guztiak gastatu nituen eta. II Pentsatu nuen, “denbora daukat”, ta ikasteari ekin. Enkandilatu ninduten erraz euskal kultura berbekin. Eskoriatzara ailegatuta, denak adi, langile, fin. Lehen hilean damutu nintzen behin hasi izanarekin; UPVko lau urteetan ez nuen hainbeste egin. III Lana, ikasi eta tarteka bertsoak bota oraindik. Egongo da bai, gutxiagogaz asko kobratzen duenik. Behin aukeratu lasaitasuna ta ezin nuen aurkitu nik. Azkenerako motxila egin nuen, neurean etsirik: Euskal Herritik ospa egin ezik, ez dago eszedentzirik. IV Mexikora joan ta han egon nintzen, lasai, ederto, hile bi. Eguzkipean erreagaitik, titiburu eta begi, trankil nenbilen, presio gabe, ze suerte, ze loteri! Baina hain lasai egotearen beldurra sartuta neuri, neure artean nioen “gauza onerako lasaiegi”. V Bueltan zapaldu nuen Muxikan Zabaleko lur bustia, ta irailaren 3an, hara, a ze sorpresa eztia. Izeko egin ninduten, ene, hura begien bustia... Nahiz eta orain jada ez naizen gure etxeko “txikia”, txikienari ematen dio izekok duen guztia! VI Ta txapelketa, ai txapelketa... bagoaz final handira. Gertatzekoak gertatu eta BECen geldituko dira. Baina urtea amaituko da, ia espero gabe, di-da, su-hiltzaileen egutegia botata eskaratz erdira. Azken arnasa eman dezala abenduari begira! Doinua: “Itsasoari begira”.
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa