Astekaria

 Landareak 

Gonagorri soro

Kermes kukurrutxa bizkarroiak ematen dio izen zientifikoa bazkatzen duen abaritzari (Quercus coccifera). Eta betiko izenean jaso bazuten ez zen txantxetako apopiloa izango. Berriketa txatxarra ez den horrek istorio polita eransten dio Udalaitzen aurkitutako Gipuzkoako lehen abariztiari. Landarearen itzala, izerdia lapurtzen dion intsektutxoarena. Kermes izena pertsierako qirmiz hitzetik dator eta qirmezi edo karmin-kolore gorrimin bizia adierazten du. Erditzeko punttuan diren Kermes kukurrutxaren (Kermes vermilio) emeak ehota tindagai gorri ezin hobea lortzen da, nonbait. Gorri min bizia kolore nekeza, lortzen zailenetakoa izan da. Horrexegatik errege, zesar, enperadore, artzapezpiku eta goreneko jendilajearen adierazgarria izan da; eta ustezko gorentasunen ikurren tankeran bekaizkeriaren eta harropuzkeriaren ufada. Gipuzkoako abariztitik urrutira gabe, “Gonagorri soro” izena duen lur saila ezagutzen dut. Etxekoek diotenez, gona gorri bat izan ezean ezin bizi zen alabaren gutizia asetze aldera, aitak trukean emandako soroa da. Feniziarrek itsas barraskilo batetik lortzen zuten tindagai gorria zilarraren pisura saltzen omen zen. Bere boterearen erakusle, Kleopatra (69-30 K.a.) zilarrezko arraunak eta bela edo haize-oihal gorri minak zituen ontzian ibiltzen omen zen hara eta hona. Zapata gorriak janzten ote zituen? Ezpainak bai, gorritzen zituen, baina kukurrutxaren zukuaz egindako lapitzaz... Gaur egun ere halaxe egiten dira ezpain-lapitzak, kukurrutxa odolez. Barraskiloa garestitxo eta abaritzaren kukurrutxa honek hartzen zuen haren txanda. Erromako zergak ordaintzeko, hango senatarien jantziak gorritzeko erabiltzen ziren kukurrutxa-ore gurdikadak bidaltzen zituzten Hispania menperatutik. Gerora Kermes kukurrutxaren tokia espainolek zanpatutako Ameriketan topatu zuten beste kukurrutxa batek hartu zuen, kaktus baten kukurrutxak.

Jakoba Errekondo

Jakoba Errekondo


2164. alea
2008-12-21
alde 0    kontra 0
Abaritza


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia