Kaka, txiza eta ispilua


2008ko abenduaren 14an
Katixa Agirre
Iñigo Azkona
Juanjo, mami handiko gai batekin egin duzu topo, eta ez dakit konturatu zaren. Txinako komun publikoetan besteen ondoan egin behar omen duzula kaka diozu; baina, aizu, hemengo komun publikoetan, gizonezkoa bazara, ez al duzu txizarik egin behar besteen ondoan, batere pribazitaterik gabe? Halaxe kontatu didate niri, behintzat.
 
Auzi honen inguruan artikulu interesgarri bat irakurri nion Beatriz Preciado filosofo queerari. Sarean duzue eskuragai eta gomendatzen dizuet (izenburua, aski esplizitua: Basura y Género. Mear/Cagar. Masculino/Femenino). Bada, Preciadok komun publikoak aztertzen ditu genero-teknologiaren eragile diren heinean, eta zera esaten du, argi eta garbi: komun publikoak genero zainketarako kabinak direla. Alegia, premia fisiologikoak bultzatuta baino gehiago, geure generoa konfirmatzeko premiak bultzatuta jotzen dugula komun publikoetara. Boutade bat dirudi, baina adi.
 
Alde batetik, generoaren arabera klasifikatzen zaituzte –G edo E, praka edo gona, kapela edo pamela, bibotea edo ezpain-margoa– eta beti egongo da norbait ate zuzena aukeratu duzun edo ez zainduko duena, eta atentzioa deituko dizuna transgresioren bat bururatzen bazaizu (esperientziaz dakit hori). Gizon edo emakume gisa dagokizun espazioaren ezaugarriak ere desberdinak izango dira kasuan kasu. Emakumeentzat konpartimentutan banatutako komunak egongo dira, besteen bistatik kanpo –ez ordea, besteen belarri edo sudurretatik aparte–. Kaka zein txiza hor egingo ditu emakumeak, jarrera berean. Gizonek, ordea, berezita izan ohi dute solidoa eta likidoa. Kaka pribatuan egiten da, besteen begiradatik salbu. Txiza, ordea, anaitasun maskulinoan, zakil dantza publikoan. Genitalitatea, harrotasunez. Analitatea ezkutuan, zer gerta ere.
 
* * *
 
Baina komunetako paretak jausten ari dira, pribatua eta publikoaren arteko hesiak bezalaxe, egia da. Eta literatura aurkezten duzu horren eredu, Juanjo. Auto-fikzioa, hitz magikoa. Egia da modan dagoela, baina ez dut uste genero berria denik. Zuk ere ohartarazi diguzu. Ez al zuen ba auto-fikziorik egiten Marguerite Duras-ek, orain dela 50 urte? Edo, areago, Marcel Proust-ek orain dela 100? Berria izan daiteke etiketa, baina norberaren buruaz idaztea egiazkotasun eta fantasiaren muga horretan jolastuz, ispiluarekin solastatzen… hori berria ote?
 
Ni ez naiz auto-fikzio zalea, bide batez esanda. Eta ez gaizki ulertu: izugarri interesatzen zait jendearen bizitza pribatua. Etxe arrotz batean nagoenean, beti saiatzen naiz kaxoi eta armairuetan arakatzen. Despistatu aurpegia jarri, baina beti daukat belarria gertu, autobusetako elkarrizketei adi. Lagunak komunera egindako ihesaldia –berriz komuna, ez galdetu zergatik– sms-en errebisioa egiteko aprobetxatu ohi dut. Eta tira, hobe dut isiltzea, ez baitut arazo legalik nahi.
 
Haatik, etxeko jabeak esango balit: aurrera, ireki kaxoi horiek, begiratu argazkiak, laztandu nire barruko arropa tolestua… Edo autobusean norbaitek bere penak kontatu nahiko balizkit, besotik helduta… Edota sms bat ailegatzen zaion bakoitzean, lagunak irakurraldi publikoa egingo balu… Bada, ez da gauza bera. Aitzitik, kontrakoa litzateke. Seko aspertuko nintzateke, seguru. Ezkutatzen delako interesatzen zait bizitza pribatua. Ezkutatzen duenagatik interesatzen zait fikzioa. Ispilu aurrean jarrita ere agertzen ez den horregatik.

ASTEKARIA
2008ko abenduaren 14a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Azkenak
TikTok debekatzeko lehen urratsak egin dituzte AEBetan

TikTok sare sozial ezaguna ByteDance enpresa txinatarrena da, eta AEBetako Ordezkarien Ganberak onartu duen lege proiektuaren arabera, sei hilabeteko epean saltzera behartuko du enpresa, ala sare soziala AEBetan debekatua izango da.


Ur kontsumo arduratsua lantzen hasi eta erreka garbiketa herrikoia antolatzen bukatu dute Legutioko ikasleek

Ikasleekin uraren gaia lantzeak askorako eman du Legutioko Garazi eskolan: ikastetxeko komunetako iturri eta dutxetan ura alferrik ez galtzeko modua ezarri dute, eskolako ortuan euri ura aprobetxatzeko sistema planteatu dute eta herriko errekatik zaborra ateratzen 70 bat lagun... [+]


Eguneraketa berriak daude