Astekaria

 Landareak 

Iduri egiten

Iduri egiten aritu da abaritza (Quercus coccifera), orain artean, Gipuzkoan. Zuhaixka edo zuhaitz ttikia da abaritza, sei-zortzi metro hazi baldin badaiteke ere gehienetan metro pare bateraino besterik luzatzen ez dena. Landare mediterranear peto-petoa dugu, eta Quercus sendian –haritza, ametza, artea, artelatza, erkametza...– berozaleenetakoa izaki, geurean Pirinioen hegoaldean soilik eta beheko lurretan, mendi tontor hotzetara igo gabe bizi da. Nafarroan eta Araban beren urak Mediterraneora isurtzen dituzten lurretan ezaguna izan da beti. Zuhaixka hau erlikia bat da, ordea, atlantiar isurian. Bizkaian 1989an topatu zuten, Muskiz aldeko Montaño mendiaren magal eguteran, penintsulako abarizti iparrekoena da. Gipuzkoan aurkitu berria da abaritz baso bat, lehena eta bakarra, Arrasateko Udalaitz mendiaren hego maldan. Zumal eta zumel ere deitu izan zaio abaritzari, eta hara! Udalaitzen ipar isurian, Elorrio aldera, Zumelegi ibaia jaiotzen da, Arrazolarekin bat egitean Ibaizabal osatzen duena. Abariztia, mendeak joan eta mendeak etorri, jipoitu eta eraitsitako artadien ordezko pobrea da, erretako artadiak ordezkatzen ditu batez ere. Bera, berriz, sustraietatik altsumak bota eta ingurua kolonizatzeko aparteko gaitasuna duenez piroerresistentea da. Abaritzaren ezkurra mikatza da eta besterik ezean ahuntzek-eta jan izan dute; erreta, berriz, kafearen ordezko izan da. Egur ttikia sutarako eta, batik bat, iduritarako botatzen zen. Eta edozein belar pila meta ez den eran iduria ez da ikatza... Izen zientifikoan jasoa du, baina, abaritzak historian aitortu zaion balio bitxiena: Quercus coccifera. Quercus, lehen esan bezala, arte eta haritzen senide delako; coccifera, “kukurrutxa” eta “eraman” adierazten duten latineko coccum eta fero hitzetatik. Abaritzaren azalean itsatsi eta haren izerdia zurrupatuz bizi den kukurrutxa berezi bat medio, Kermes kukurrutxa. Hortik frantsesezko Chène-kermès eta ingelesezko Kermes oak izenak.

Jakoba Errekondo

Jakoba Errekondo


2163. alea
2008-12-14
alde 0    kontra 0
Quercus


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia