2008-12-14 -- 2163.zenb
Amak umeari bularra emateak bularreko minbizia izateko arriskua gutxitzen omen du. Horregatik, amaren edoskitzeak osasun publikoko programa guztietan lehentasunezkoa izan beharko luke. Emakumeek bularra ematen hilabete gehiago egingo balituzte, urtean 50.000 bularreko minbizi kasu saihestuko lirateke, herrialde garatuetan dauden guztien %11. Halaxe dio 30 herrialdetan eta ia 150.000 emakume aztertu ondoren, 47 ikerketaren emaitzetatik abiatuz, argitaratu den txosten batek.
Auto-azterketarekin eta aldizkako mamografiekin prebentzio sekundarioa bultzatzen dugu, baina edoskitze naturalarekin prebentzio primarioaz ari gara, eta bide horretatik emakumeak parte hartze aktiboa izango du bere osasun arazo nagusietakoa den horri aurre hartzeko borrokan.
Ikerketak agerian utzi duenez, bularra emateak hainbat abantaila ekarriko lizkieke bai amari –osteoporosia, anemia eta obulutegiko minbizia prebenitzen omen ditu–, baita umeari ere: amaren eta haurraren arteko harreman estuak afektibitate aldetik haurtxoari dakarzkion onurez gain, jakina da amak defentsa mordoa transmititzen dizkiola umeari, eta modurik naturalenean gainera. Eta bada beste eragin bat, krisi ekonomikoa dela-eta kontuan hartzekoa dena. Duela gutxi, Espainiako Estatuan, urtero 120 milioi euro baino gehiago xahutzen omen ziren haurtxoentzako biberoiak prestatzeko behar zen esnetan. Hilabete batzuetan edoskitzea luzatzeak ia ume guztiek biberoirik ez luketela hartuko esan nahi duenez, pentsa zer diru mordoa aurreztu daitekeen.
Gaur egun, izurrite ospetsuak oso intzidentzia txika du munduan, eta modu egokian tratatu daiteke antibiotikoekin, baldin eta tratamendua sintomak agertu eta denbora gutxira hasten bada. Orain, Weill Cornell medikutza eskolako (AEB) ikerlariek izurrite-bakterioak oso erresistente bihurtu ditzakeen genea aurkitu dute. http://ttiki.com/1566
Nature aldizkariak dakar azalean: minbiziak orain arte uste baino zelula ama gehiago eduki litzake. Zientzialariek badakite tumore bakoitzean zelula amak daudela, alegia, beste gorputz batera eramanez gero tumorea berriz “pizteko” gai diren zelulak. Baina ikerketa batek orain arteko usteak hautsi ditu. http://ttiki.com/1564
Plazebo efektua esaten zaio pertsona batzuek benetako tratamendua jaso gabe sendatzeko duten gaitasunari, baldin eta tratamendu egokia jasotzen ari direla uste badute. Fenomeno hori azaldu lezakeen genea aurkitu dute Suedian egindako ikerketan. http://ttiki.com/1565
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa