Lehenengo artea eta azken teknologia

  • Ekainberri erreferente bihurtu da labar artearen errepliken munduan, lehenago inoiz erabili gabeko tekniken bidez egin baitute. Erreplikaren barrunbeak ulertzeko historiaurreko artearen eredu nagusietakora jo dugu, Lascauxera (Frantzia), bertan baitago Renaud Sanson, Ekainberriren egilea.
Labar artea
Dani Blanco
Duela 30.000 urte gizakiak kobetako hormetan irudiak marrazten hasi ziren. Inguruan bildutako materialak erabiltzen zituzten koloratzaile gisa; ikatza, manganesoa, okrea eta hematiteari esker, kolore beltza, horia edo gorria lortzen zuten. Aglutinatzaile gisa listua edo animalien koipea erabiltzen zuten. Hormen bolumenak ere aprobetxatzen zituzten irudiei forma emateko. Marrak pintzelez egin ohi zituzten eta, irudia kolorez betetzeko, pigmentua ahoan sartu eta putz egiten zuten, gaur egungo sprayen moduko efektua lortuz. Behar izanez gero egurrezko aldamioak altxatzen zituzten, artistek bertan erosoago lan egin zezaten. Irudi bat ordu gutxitan egiten zuten; esaterako, Lascauxeko bisonte parea egiteko Paleolitoko artistek 5-6 ordu behar izan zituztela ondorioztatu dute adituek.

XXI. mendeko kopiatzaile batek, aldiz, hilabetetako lana eta berrikuntza informatiko eta teknologiko puntakoenak behar ditu irudi horixe bera ahalik eta zehatzen errepikatzeko. Lan eskerga, baina ezinbestekoa, historiaurreko ondare artistikoa gorde nahi bada.
XX. mendean, artelanez apaindutako koba asko bisitarientzat zabalik egon ziren, baina kobazulo horien oreka hautsi eta pinturak hondatze prozesu azkarrean sartu ziren. Artelan horiek adituek aztertu eta publikoak goza zitzan erreplikak behar ziren.

Ekainen erronka

Erreplikak egiteko teknikak eboluzio handia izan du azken hamarkadetan. Ederki ikusten da hori Dordoinako Montignac herrira bisitaldia eginez gero. Bertan daude Lascauxeko kobazuloa, 80ko hamarkadako Lascaux II faksimilea eta, besteak beste, Ekainberri egiteaz arduratu den ZK Productions tailerra. Baina tailerraren eta erreplikaren arduradun Renaud Sansonen arabera, “Ekainen erreplika egiteko eskatu zigutenean konturatu ginen ordura arte egindakoak ez zuela balio; Ekaineko hormek bolumen oso koskatsua dute eta hori zehaztasunez kopiatzeko baliabiderik ez zegoen”.

Sanson 1994an sartu zen lehenengoz Ekainera, koba aurkitu eta 25 urtera, hain zuzen. Jesus Altuna Aranzadiko arkeologoak Sansonen lantaldeak Niauxeko kobaren erreplikan egindako lana ikusia zuen eta Ekainen gauza bera egiteko proposamena luzatu zion. “Shocka izan zen Ekainen sartzea, bertan mundu primitiboa oso indartsu antzematen delako. Lascaux labar artearen katedrala bada, Ekain ermita erromaniko txikia da. Baina horrek intimoagoa egiten du eta, azkenean, utero modukoa dela konturatzen zara, artearen jaiotza sinbolizatzen duena”. Gainera, Lascauxeko kobazuloak margolan kontzentrazio izugarria du eta ezinezkoa da koba osoaren erreplika egitea. Ekainek ordea erreplika osoa egiteko aukera ezin hobea eskaini zien.

Ekainberri egiteko kontratua 1998an sinatu zuten. Lanean jardundako hamar urteetatik sei ikerketan eman zituzten, Ekainek eskatzen zituen teknologiak prestatzen, Renaud Sansonek dioen moduan “sukaldeko lanean”. Eta azkeneko lau urteetan gauzatu zuten faksimilea.

Hormetan dago koska

Paleolitoko artistek arrokaren erliebea aprobetxatzen zuten irudiak egiteko. Artelan horiek argazkian edo edozein euskarri lautan kopiatuz gero, emaitza deformatu egiten da. “Hirugarren dimentsiorik gabeko kopiak ez du zentzurik”, Sansonen hitzetan. Eta hori are funtsezkoagoa da Ekaineko arroka koskatsuaren kasuan.

Duela 25 urte inauguratutako Lascaux II erreplikan, hormak zementuz egin zituzten, eskuz, objektibotasunik gabe. Gaur egun ohikoa da poliesterrak eta plastikoak erabiltzea. Eta kasu gehienetan bolumenen kopia gutxi gorabeherakoa da. Horma naturala nahiko laua denean beharbada ez du halako garrantzirik, baina Ekainentzat beste zerbait asmatu beharra zegoen.

Hasteko koba osoaren bolumenak laser teknologiaren bidez erregistratu zituzten. “Horixe izan da berrikuntzarik garrantzitsuenetakoa” Sansonen iritziz. “Prezisioa eta azkartasuna uztartzea lortu genuen, Ekain osoa ordu gutxi batzuetan erregistratu baikenuen”. Milioika erreferentzia puntu informatikoki bildu eta datu guztiekin polietilenozko erreplika ia perfektua egin zuten, paneletan banatuta. Ia perfektua diogu, sistema horren bidez erliebeak gehienez 2-4 mm-ko errorea baino ez izatea lortu dutelako.

Molde horiek garraiatzeko aproposak ez direnez, silikonazko kontramoldeak egiten dituzte, gero, tokian tokian, kasu honetan Zestoan, kontramolde horietatik abiatuta polietilenozko behin-betiko panelak egiteko. Panelak erretxinaz eta kareharri birrinduz estaltzen dituzte eta, modu horretan, harri arina eta aldi berean gogorra lortzen dute. Azkenik, panelak itsatsi eta, horratx koba zehaztasun osoz kopiatua.

Gainera, moldea Montignaceko tailerretan gordeta, behar adina kopia egin daitezke. Esaterako, Lascauxeko bost panel bikoitzekin Lascaux III erakusketa ibiltaria prestatu dute. Panel bakoitzaren kopiatako batean irudiak pintatu dituzte eta bestea zuri utzi dute proiekzio bidezko azalpenak egin ahal izateko. Ekainekin antzeko zerbait egin nahi izanez gero, berriro moldera jo besterik ez dago.

Irudiak xehe-xehe

Euskarria prest dagoenean, marrazkiak kopiatzeko txanda da. Kopia zehatzak egiteak originala sakon eta luze aztertzea eskatzen du. Baina pinturen oreka gordetze aldera, kopiatzaileak ezin du luzaroan koba barruan egon. Irtenbidea originalari argazkiak egitea da, baina ez nolanahikoak.

Batetik, estereofotografia erabili dute. Gizakiok ikusmen estereoskopikoa daukagu, hau da, irudi bera bi ikuspuntutik –bi begietatik– ikusten dugu eta garunean biek bat egitean, hiru dimentsioko irudia lortzen dugu. Hortaz, argazki bikoitzak egin dituzte, begien arteko distantzia kontuan hartuz, gero kopiatzaileak biei begiratu eta irudi erreala, bolumenduna, lor dezan.

Estereofotografiarik gabe, hormen erliebea erreproduzitzen egindako ahalegin guztiak ez luke zentzurik
Bestetik, argazki bakoitza gutxienez hiru argiztapenekin egin dute: argia parez pare dutela, ezkerrean dutela eta eskuinean ipinita. Horri esker, erliebea duten irudien xehetasun guztiak antzematen dira.

Kopiatzaileak horma biluzian marrazkiak egiten hasi behar duenean bi tresna erabiltzen ditu aldi berean: estereofotografia eta horman proiektatutako argazkia. Modu horretan edozein deformazio saihesten da.

Formaren auzia konponduta, koloreak kopiatu behar dira. Hori lortzeko ere originalaren argiztapen egokia ezinbestekoa da, argazkietan benetako koloreak ager daitezen. Baina labarretako artelanen kromatismoa lehen begi kolpean dirudiena baino konplexuagoa da. Esaterako, irudi batek beltz tonu eta intentsitate asko izan ditzake. Giza ikusmenaren bidez ez dira erraz ikusten eta horretan ere, informatikaren laguntza dute kopiatzaileek: kolorea numerikoki desmuntatzen dute. Beste modu batera esanda, beltz, gorri zein hori tonu bakoitza kolore bizi batek ordezkatzen du argazkian. Argazkia proiektatzean kolore bizi horiek ikusten dira horman –lehen orrialdeko argazkian ageri den moduan–. Eta, Andy Warholek Marilyn Monroeren irudi koloreztatuekin lortutako efektua gogorarazten duen proiekzio horri esker, kopiaren egileak koloreen ñabardurarik txikiena ere antzeman dezake.

Betiko materiala, eta pazientzia

Hainbeste berrikuntza teknologikoren artean, ordea, kopiak egiteko pigmentuak aukeratzeko orduan historiaurrera itzultzea erabaki dute. Erabili duten pinturaz galdetzean, erantzuna soila da: “Duela milaka urte kobetako artistek erabilitako berbera”. Hau da, ikatza, okrea, oxido ferrikoa eta abar. Halaber, originalaren ahalik eta antza handiena izan dezan, kobaren inguruan biltzen dute materiala. Hori bai, listuaren ordez akrilikoa erabiltzen dute aglutinatzaile gisa.

Hortik aurrera pintzela eskuan hartu eta kopiaren egileak behar duen gauza bakarra pazientzia izugarria da.

1879an Altamirako margolanak aurkitu zituztenetik, labar artea gizarte osoari zabaltzeko ahaleginak egin ziren. Baina artelan primitiboek jasandako kalteak ikusita, kobetako ateak itxi zituzten. Egun, teknologiak ondare horren kopia zehatzak egitea ahalbidetzen du. Renaud Sansonen hitzetan, “arrazoi teknikoengatik ondare hori debekatua egon da, baina orain gizakien kontzientzia estetikoaren jaiotza publikoari eskaintzeko moduan gaude”.
Lascauxetik Ekainera
Duela 17.000 urte. Historiaurreko artistek Lascauxeko kobako hormak margotu zituzten.

Duela 12.000 urte. Madeleine Aroko gizakiek Ekaingo kobako margolanak egin zituzten.

1940. Irailaren 12an Montignac-eko lau nerabek Lascauxeko koba aurkitu zuten.

1948. Lascauxeko kobazuloak publikoari ateak zabaldu zizkion. Egunero 2.000 bisitatik gora jaso zituen.

1963. Bisitariek eragindako kalteak zirela eta, Lascaux ixtea erabaki zuten. Margolanak egoera tamalgarrian zeuden.

1969. Uztailaren lehenean Azpeitiko Antxieta elkarteko Rafael Rezabalek eta Andoni Albizurik Ekaingo koba aurkitu zuten. Joxemiel Barandiaran eta Jesus Altuna izan ziren koba ikertzen lehenak.

1983. Lascaux II erreplika inauguratu zuten, hiru urteko lanen ondoren. Monique Peytralek eskuz hartutako apunteen bidez kopiatu zituen irudiak.

1998. Ekainberriko erreplika egiteko lanak hasi ziren.

2001. Mikroorganismo, onddo eta bakterioen aurkako tratamendua eman zioten Lascauxeko kobari. Baina oraindik ere arriskuan da.

2008. Ekainberri faksimilea inauguratu zuten.
Renaud Sanson, kopia perfektuaren bila
Ekaineko erreplika egiteaz arduratu den gizona ez dator historiaurrearen edo arkeologiaren mundutik. Le Havren jaio eta Parisen hazia, txikitatik izan zuen artelanak ahalik eta zehatzen kopiatzeko grina. Braque, Picasso edo Léger margolari kuttunen kopiak egiten zituen. Profesionalki zinema eta antzerkiko eszenografian aritu zen, Lascauxetik deitu zioten arte. 1980an errepliken ardura har zezan proposatu zioten eta berak baldintza bakarra ipini zuen: bi urtez astero koba originalean sartzeko aukera. Ordutik aurrera zehaztasuna eta objektibotasuna izan ditu helburu. Ez du bere burua artistatzat jotzen; erreplikatan arteak eta subjektibotasunak ez du lekurik. Zientzia eta teknologia erabiltzen ditu artea kopiatzeko eta bere lanaren xedea oso garbi du: kopiaren egilearen eskua ez nabaritzea.
Lascaux gaixo dago
17.000 urtetan egoera ezinhobean gordetako margolanak urte gutxitan hondatu zituzten. 1948an Lascaux publikoari zabaldu zitzaionean kobaren oreka biologikoa hautsi zen. Tenperatura, hezetasuna eta argia aldatu ziren, eta milaka bisitariren karbono dioxidoak kaltea areagotu zuen. Gainera, ohikoa omen zen jendea koba barruan tabakoa erretzen edo hormak ukitzen ikustea. Baina 1963an koba itxi zutenean, arazoa ez zen konpondu. Bakterioen eta onddoen kontra behin eta berriro egindako tratamenduak (azkena, 2001ean) ez dira nahikoa izan. Sasizientzialarien lanak ere ez zion mesede egin; besteak beste, bi urte luzez artelanak kaltetzen zituen argiztapena piztuta izan zuten etengabe.

Orain gutxi arte, kobaren hondamena salatzen zutenek ez zuten oihartzunik lortu; ofizialki Lascauxeko altxorra kontrolpean zegoen. Iaz Frantziako Kultura ministroak kobara jaitsi, egoera ikusi eta galera saihesteko neurriak hartzeko borondatea agertu zuen. Baina adituak eszeptikoak dira. “Eszeptikoa ez, pesimista baizik” dio Renaud Sansonek. “Zinemako izarren bat gaixotzen denean mundu guztia arduratzen da. Lascaux emakume oso ederra da, baina ez da izarra eta hiltzen utziko dute”.

“Erreplika hor izanda, gaitzerdi”, pentsa dezake norbaitek. Baina Lascaux II faksimileak koba osoaren zati txiki bat baino ez du hartzen eta oraindik 1.500 irudi inguru daude kopiatu gabe.

Eskerrak Ekain hasieratik itxita gorde zuten.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Paleolitoa
Venus ez zen jaio Willendorfen

Willendorf (Austria), 1908. Wachau bailarako aztarnategi batean, Josef Szombathy arkeologoak emakumezko baten estatua antropomorfo txiki bat aurkitu zuen, 11 cm ingurukoa, harrian zizelkatua eta okre gorriz tindatua.

Orduz geroztik, Paleolitoko venusik ezagunena da, eta... [+]


Liztor habiak, labar artea datatzeko

1891n nekazari batek Gwion estiloko hainbat labar pintura aurkitu zituen Kimberlyn (Australia).


Paleolitoko grabatuak Tarragonan

Font Major kobazuloa (Tarragona, Katalunia) 1853an aurkitu zuten eta urte asko dira bertan arkeologoak lanean ari direla.


Jostorratzak baino lehen

Izturitze duela 21.000-29.000 urte. Gravettiar aroan Izturitzeko kobazuloan bizi ziren gizakiek suharrizko tresna asko utzi zituzten.


Ekain, bilatua eta aurkitua

Deba (Gipuzkoa), 1969ko ekainaren 1a. Zestoako mugan, Izarraitzen magalean, kobazulo baten sarrera aurkitu zuten Rafael Rezabal eta Andoni Albizurik.


Eguneraketa berriak daude