Astekaria

 Landareak 

Hostadar gorria

Udazkenaren gorriak –hostoena, sagarrena...– antozianinek sortzen dituzte. Horiaren mugarrien inguruko koloreak sortzen dituzten pigmentuak, klorofila berdearen pean aritu dira hostoan. Udazkenean erreserbak loditzeko klorofila berreskuratu eta birziklatzen duenean, orduan azaltzen zaizkio zuhaitzari hosto horiak. Gorriak ez, ordea. Antozianinak sortu egin behar ditu zuhaitzak. Klorofilarik gabe, hostoari are eta etekin handiagoa kendu asmoz sortu, hain juxtu ere. Klorofilarik gabe hostoa ahulduta dago eta aise galduko luke. Pigmentu gorriek, baina, lan bikaina egiten dute: hostoa eguzki izpietatik babestu eta izotzari eta oxidazioari (zahartzeari) aurkaritza. Haizeñoenak ere lurreratuko lukeen hostoa kateatzen du gorriak, eta zuhaitzari hura hustu eta elikagaiak metatzeko aukera luzatu. Zuhaitzaren bizilekuaren arabera hostoak gutxi edo asko gorrituko dira. Eguraldi edota lur kaskarreko tokietan, neguan iraun eta udaberrian indarrean berritzeko erreserben premia larriagoa denetan, hostoak gorriago, gorria gorriago. Minak gorria ere mintzen. Udazkeneko sasoian bezala, noiznahi jo dezake landareak gorrira, antozianinak sortzera. Lehorte zikoitz, erradiazio ultramore, ezin gehiagoko hotz, onddo gaizkile petral... Inguruneko edozein estuasun edo tenkak gorriztatzea abiarazi dezake. Neguaren atarikoa bezala, hostajearen garaiz kanpoko gorritzea alarma seinalea da. Jokabide hori begiz jota, ikertzaile bat baino gehiago antozianinei begira jarria da: gorritzeko landareak pigmentu horiek ekoizteari ekin behar dionez, antozianinen ikerketak ingurumeneko arazoak aurretik ezagutzeko aukera eman dezakeen susmoa dute. Landarearen sentsibilitatea alarma gorriak pizteko. Geuk, landareen aldean sor gor elkor, larrialdiak, alarmak eta txapelak gorriz pintatuagatik ere, gorriak ikusten ditugu. Bestelako gorriak ere badira. AEBetan sagar gorriagoen xerkan, mineral zatiki mikroskopikoak ihinztatu dituzte sagardi batean. Sagarrondoak eta lurra bera estaltzen duen mintz bat eratzen da, ura eta gasekiko iragazkorra den mintza. Sagarrondoei ezarritakoan sagar ale gorriagoak eta lurrari emanez gero ale handiagoak bildu zituzten. Fruituan islatutako argiaren kalitatea aldatzea omen da gakoa. Muturreko gorriaren izpiak ugaritzea, inondik ere. Eta, gorria mesederako?

Jakoba Errekondo

Jakoba Errekondo


2162. alea
2008-12-07
alde 0    kontra 0


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza