Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-17 16:27:56
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2008-11-30 -- 2161.zenb

Nagore Irazustabarrena

Real Union

Irun, 1902. Irun Football Club izeneko taldea sortu zen. Inguruko talderik goiztiarrenetakoa izan zen, batetik, Frantzian futbola mugaz hegoaldera baino lehenago sartu zelako eta, bestetik, marinel ingelesek kirol berria ekarri zutelako. 1907an taldeak izen berria hartu zuen: Irun Sporting Club. Baina urtebete geroago, 1908an, taldea zatitu egin zen eta Irungo Racing Club sortu. Bi taldeen arteko lehia gogorra izan zen ordutik aurrera, talde bateko zein besteko zaleen artean liskarrak izateraino.

Sporting Club izan zen Espainiako Txapelketan parte hartzen lehena, 1912an, baina ez zuen bide luzea egin. Hurrengo urtean Racingen txanda iritsi zen. F.C. Bartzelonaren aurkako finalaurrekoan arbitroak sei gol balio gabe utzi zituen, baina azkenean irundarrek 1-0 irabazi zuten. Finalean, Athleticen aurka, bina berdindu zuten luzapena eta gero. Berdinketa hausteko norgehiagoka biharamunean jokatu zuten, 1913ko martxoaren 23an, eta irundarren gol bakarrak lehen Errege Kopa eman zien.

Garaipen handia irundar guztiek ospatu zuten, baita Sportingeko zaleek ere eta, horrenbestez, bi taldeak batzeko hazia erein zuten. Batasuna 1915eko maiatzaren 9an gauzatu zen eta talde berriaren izena ere batasun hartatik etorri zen: Real Union Club.

Aurrerantzean, zaleak bat eginda, Erreala izango zen arerioa. Eta lehen asaltoa behintzat irundarrentzat izan zen: 6-1 irabazi zioten Errealari izen berriko klubaren lehen partiduan.

1918an, Iparraldeko Txapelketa irabazi eta Espainiako Txapelketarako txartela lortu zuen. O’Donell estadioko finalean Real Madrili 2-0 irabazi eta Errege Kopa bigarrenez joan zen mugako hirira. 1922an madrildarrak berriro mendean hartu zituzten, baina finalean Bartzelonaren aurka galdu zuten. 1924ko finalean ostera ere Real Madril zeukaten parez pare, Atotxako finalean. Gol bakarrari esker irundarrek hirugarren kopa eraman zuten etxera. Eta 1927ko finalean Getxoko Arenas mendean hartuta irabazi zuten laugarrena, finalaurrekoan berriz madrildarren borrero izan eta gero.

1928an, Espainiako Liga Txapelketa sortzeaz bat, Real Unionen gainbehera hasi zen. Futbola profesionalizatuz joan zen eta pixkanaka, jokalari irundarrak hiri handietako talde dirudunagoetara joan ziren. 1931-32 denboraldian bigarren mailara jaitsi eta taldeak, orain arte, ez du lehen mailara itzultzea lortu.

Baina Espainiako Errege Kopako palmares historikoan lehen hamarren artean dago oraindik. Eta garai bateko balentriak egiteko gai dela erakutsi berri du.

Arrastoak

Nagore Irazustabarrena

Tel Basta aztarnategian, Kairotik 80 kilometrora, egiptoar arkeologoek faraoi baten granitozko burua topatu dute. Hasierako azterketen arabera, estatua Ramses II.a faraoiarena izan daiteke. Egiptoko Antzinako Objektuen Kontseilu Goreneko idazkari nagusi Zahi Hawassen arabera, estatuaren gainerako zatiak laster aurki ditzakete. Baina ez hori bakarrik: Tell Bastan burutzen ari diren indusketan Ramses II.ak eraikitako tenplu bikaina aurkituko dutela uste dute.

Izan ere, Tel Basta –antzina Bubastis hiria zena– Niloren deltako azternategi nagusietakoa da. Bastet katu itxurako jainkosaren hiria zen Bubastis, eta Ramses II.aren garaian, XIX. dinastian, loraldia izan zuen. Horregatik uste dute arkeologoek aurkitu berri duten buru itzela icebergaren tontorra baino ez dela.

 

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan