I Hasierako moda izan zen Obama edo Hillary, telebistetan egoten ginen Estatu Batuei adi. Hilabeteak pasatu dira (zenbat ez dakit nik garbi)... Azkenerako paso egin nion ustezko egun handiari. II Etxera heldu ta esan nuen: “hau da daukazuen plana!” eta sofatik esan zidaten: “hau kristona da, ai ama!” Bushek munduan irabazi du diktadorearen fama ta azkenean libertadore bihurtu dugu Obama. III Baina Obama benetan zer den ez da oraindik argitu. Gura dut baina ezin izan dut argazkiekin hunkitu. AEBetako sistema zaharrak badu hainbat zirrikitu... Ai presidente beltzak guztiak argitu ahalko balitu! IV Herri askotan bihurtu dute AEB inkisizio. Bere doktrina zabaldu asmoz hor dabil oso serio. Obama jauntzat hartuko nuke bai, benetan, ze arraio!! Munduan duten eraginari uko egingo balio. V Gizon berria sartu da gure begipuntuen erdira. Poztu egin gara desio dugun aldaketaren harira. Esperantza ta ilusioa sentipen libreak dira... Baina ezin da geldirik egon heroe bati begira. VI Hiritar askok fidakor bota du botoa behar bada, baina pausu bat baino ez dago laguntzatik etsaitzara. Masa agudo pasatu leike ezkerretik eskumara. Azken batean hizki bat doa, Osamatik Obamara! Doinua: Apelidua Olazabal det.
Onintza Enbeita2008-11-16 |