«Bi urtean eusten badiot Londresera helduko naiz»

  • Borrokalari olinpikoa, artzain. Artzaina, borrokalari olinpiko. Bi mundu ditu Maider Undak, bietan bizi da, noiz batean, noiz bestean, familiaren laguntzari esker. Urte askoan egindako lanaren ordaina du, emaitza bikainak lortu izanarena. Nork bere izerdiz irabazi duen saria.
Maider Unda
Dani Blanco

Honezkero ohituta zaude elkarrizketak egiten…


Lehen ez nuen lar elkarrizketa egiten. Kamerak daudenean eta, txarto pasatzen nuen. Telefonoz, ondo. Orain ez, orain aurrez aurre ere trankil egoten naiz. Olinpiadak baino lehen elkarrizketa asko egin zizkidaten. Aspaldikoak direla iruditzen zait… Jendea ez da guztiz ahaztu: zuek etorri zarete, eta datorren astean ere besteren bat bada etortzekoa. Nik ez nuen usteko aukeratu dudan kirolari hainbeste arreta emango ziotenik. Beijing baino lehenago, adibidez, emakumeen borroka ez zen kirol olinpikoa ere! Guztiz ezezagunak ginen. Gure kirola ezagutaraztea… iruditzen zait bizitzan zer edo zer egin dudala!

Emakumeen borroka, zure kirola. Aukeratu zenuen, ala aukeratu zintuen?


Nik ez dut aukeratu. Berak aukeratu ninduen. Oletan, eta Otxandion, ez zegoen beste kirolik, beste egitekorik, mutilentzako pilota edo futbola ez bada, behintzat. Niri dagokidanez, gaztetan hasi nintzen, eta gero jarraitu! Egia da sambo egiten hasi nintzela, baina borrokaren oso antzekoa da. Sambok jaka bat dauka, eta errazago da haren irudia saltzea, umeak erakartzeko, esaterako. Zer du, bada, juduak? Nik uste jantzia dela aldaketa bakarra. Bestela, ez dakit.

Emakumeen borrokak ere badu elastikoa, estua, kirolari petoarena…


Hori oso ondo dago gazte zarenean, gorputza zailduta daukazunean, zilborrik ez… Ni sambo egiten hasi nintzen hamar urte nituenean. Txapelketak, Euskal Herrian beste inon ez ziren egiten. Txapelketa gehiago nahi izanez gero, kirola aldatu beste erremediorik ez zenuen. Gure kasuan, lehenengo, mutilak aldatu ziren sambotik borrokara. Gu, neskok, berdin egin genuen, haien atzetik.

Sambo eta emakumeen borroka, antzekoak, diozu. Batean, Euskal Herriko selekzioa genuen. Bestean, ez.


Bai, baina sambo selekzioa ere desagertu da.

Pena!


Ez dago apenas jenderik! Jendea behar da, atzean, lanean: borrokalariak laguntzen, zaintzen… eta inork ez du debalde lan egin nahi. Hutsaren truke egin behar da lan hori, baina ez dago egingo duenik. Ondorioz, desagertu egin behar!

Emakumeen borrokak badu lan isil hori egingo duenik?


Euskal Herrian, seniorretan eta goi mailan, bakarra naiz. Gazteak badatozela ematen du, baina ez da seguru: hamabost urtetan, polita da, baina goi mailara heltzeko urte asko behar dira. Jarraitzea da kontua, eta ez da erraza.

Hamar urte zenituela hasi zinen kirolean. Hasi berriaren gorabeherak izan zenituen zuk ere?


Bai. Hasi nintzenean, esaterako, ez zen Espainiako txapelketarik egiten. Euskal Herrian hiruzpalau txapelketa jokatu eta kito zen. Desanimatu egin nintzen, eta utzi. Handik bi urtera, 1998an itzuli nintzen, Espainiako txapelketa jokatu behar zela jakin nuenean. Horrek bihotz eman zidan. Gainera, entrenatzaile baten deia jaso nuen, kirola utzi nuenetik artean urte gutxi igaro zirela eta.

Entrenatzailearen garrantzia.


Dena. Erakusten ez badizu, ez duzu aurrera egiteko modurik. Eta animoak. Psikikoki eta teknikoki, bietara laguntzen dizu. Nik Luis Crespo dut entrenatzailea 2000tik hona. Tartean, Madrileko urteak daude.

Ez duzu gaizki esana: Madrileko urteak, Blume egoitzan igarotakoak. Kirola egin besterik ez Blumen, guztiz zainduta, erabateko dedikazioa, kirolari askok amestuko luketen egoera, eta, aldiz, etxera itzuli zinen zu…


Kirolari askok horixe du lehenengo ametsa, bai. Baina, gero, errealitatea ikusi eta etxera nahi du ahalik arinena. Etxera… Askok egin du hori. Errealitatea da egun osoa kirolaren inguruan ematen duzula, beste bizitzarik gabe. Lesioak dituzunean, berriz, akabo: kirola ere ez daukazu, eta lagunak, borrokakoak beste inor ez. Nik esan ohi dut hura Anaia Nagusia dela. Enfrentamenduak, liskarrak, inbidiak, denetarik dago. Zu tartean harrapatzen zaituenean…

Almudena Cidek ere gorriak ikusi ditu...


Almudenak ez zeukan bere parekorik Espainian. Ezta hurreratzen zitzaionik ere. Baina Almudena Bartzelonan, eta Madrilen hori ez gustatzen. Madrilen, nor edo nor ikusten dutenean zer edo zer nabarmentzen dela, huraxe aupatzera egiten dute: Almudena fuera! Horixe gertatu zitzaion. Eskerrak, emaitza onak Almudenak zituen!

Horrelakorik gertatu zaizu zuri?


Nik bizi izan dut egoera hori. Espainiako txapelduna izan ni, eta kanpoan! Madrilen dago errendimendu handiko zentroa, eta han daudenak dira aukeratuak, zure emaitzarik ez badute ere. Gurean, emaitzak dira lehentasuna. Bada, Madrilen egoteak asko balio du. Ni Madrilen nengoenean jainkoa nintzen! Jakina, emaitzak ere banituen.

Ez zenion Madrileko egoerari eutsi, etxera etorri zinen.


Hara, HTZ (Hobekuntza Teknikorako Zentroa) dago Getxon. Hori izanez gero, ez dut besterik beharrik. Getxon dagoen jendea, pertsonak dira. Zerbait behar duzula, haiei telefonoa jo, laguntzen dizute, aholku eman… Madrilen ez. Madrilen justuan laguntzen dizute, ez dizute ezer errazten. Ez dira pertsona, teknikari baino. Nik beti esan dut: “Getxoko zentroa ezagutu nuenez gero, haiek dira nire aukera”. Jende ona da.

Lesioak ditu kirolariak etsai nagusia… 2003a urte latza izan zenuen.


Bai. Madrilera heldu eta hilabetera izan nuen lehenengoa. Ez nuen lotailu gurutzatua guztiz hautsi, baina ezinean eta herrenka nenbilen. Abenduan izan zen. Erresonantzia egin eta, guztiz hautsita ez zegoenez, “ezin dizugu ezer egin” esan zidaten, “harik eta zeharo apurtu arte”. Apirilerako guztiz apurtu zitzaidan… Bitartean, minez igaro nuen denbora. Ebakuntza egiteko garaia heldu zenerako, maiatzean, meniskoa eta gurutzatua, biak nituen apurtuta. Bi ebakuntza egin zizkidaten, lehenengo bat, gero bestea, hilabeteko tartea utzita. Errekuperazioa Euskal Herrian egin eta abendurako Madrilen nintzen berriz. Urtarrilean entrenatzen hasi eta otsailean lehian nenbilen. Belaun bat minez eduki nuen denboran, beste belauna behartu nuen, eta burtsitisa izan nuen… Lesioa gertatu zitzaidanean izan nuen Madriletik alde egiteko gogoa. Lesioa eta, “zoaz harengana”. Harengana joan eta, bueltatu, “Ez didatela ziztarik egingo!”, nik. Besteak: “Jarri izotza belaunean”. Bertan ziren sailkapen frogak, eta jendeak ez zidan laguntzen! “Zer egiten dut nik hemen?!”.

Non da laguntza, momentu horietan?


Telefonoa.

Zein dago hariaren bestaldean?


Etxekoak, Getxoko HTZkoak, hemengo entrenatzailea… Hala ere, etortzea erabaki nuen. Sailkapen frogak egin ziren, ez nintzen Atenaserako sailkatu… Kirofanora sartu nintzen. Hilabetera, infekzioa. Desastrea! Denbora askoan, herrenka ibili nintzen. Gero, hernia bat sortu zitzaidan… Dena batera.

Uste zenuen handik lau urtera olinpiar jokoetan izango zinela, Beijingen?


Momentu horietan dena bertan behera uztea pentsatzen duzu, ez besterik. “Akabo!”, esaten diozu zeure buruari. “Akabo, lehia!”, niri borroka asko gustatzen zait eta. Eta apurka-apurka, etxean nengoela, buelta eman nion egoerari.

Beste behin, sekulako kolpea eman zizuten...


Bai, 2001ean, Varsovian. Emakumeen borroka artean ez zen kirol olinpikoa. Hil behar nuela pentsatzen nuen. Hura zartakoa! Masail hezurra hautsi zidan bulgariar batek, borrokan buruaz kolpea jota. Momentuan bertan, hainbestean, baina gero zorabiatzen hasi nintzen gero, botaka, konbultsioak... Ospitalera eraman ninduten, Polonian! “Ez dut hain urruti hil nahi, bakarrik!”, esaten nion neure buruari. Nola azaldu hura etxean, huraxe nire kezka. “Ni ez noa etxera hots egiten!”. Poloniako ospitalean hautsia hobera egingo zuela ikusi zutenean, sartu hegazkinean eta Madrilera eraman ninduten, han ere ospitalera. Baina hegazkinean bertan, gaizki, botaka… Madrilen, azkenean etxera deitu beharko nuela pentsatu nuen. Bi egun igaroak izango ziren masail hezurra hautsi zidatenetik. “Ni ez noa amari deitzen!”, esan, eta nebari deitu nion. “Esaiok, ni ez nauk-eta kontatzeko gauza!”. Etxera ailegatu nintzenean… Aitak, uzteko behingoz. Ahizpak, berdin… Baina ebakuntza egin eta hilabetera lehian nintzen berriz. Garai hartan egin zuten kirol olinpikoa borroka.

Etxekoak, uzteko esanez ari zitzaizkizun…


Bai, baina buruak bide bat hartua duenean, hari jarraitu besterik ez duzu. Gauza asko gertatu behar dira zeure bideari uko egiteko. Nik ez dut nire kirol bizitza zalantzan jartzen. Inork zalantzan jartzen badit, ez diot kasurik egiten. Maila handia dut, emaitzak… orain inor ez dator nire lana zalantzan jartzera. Garai batean, bai. Etxean ere, errespetatu egiten naute. Ez jakie lar gustetan egiten dodana. Gainera, hainbeste lesio izanda…!

Inguruak laguntzen ez duenean, nondik atera ohi duzu aurrera egiteko adorea?


Jenioa! Barruan daukadan adrenalina guztia kanporatzen laguntzen dit borrokak. Baina kontrarioak ere nahi du, bi gara hor, borrokan, eta kontrario gogorrak dira tartean: bulgariarrak, errusiarrak, txinatarrak, japoniarrak… Tradizio handikoa dute borroka. Borrokalari izatea gauza handia da han.

Maider Unda ere handia da, gurean!


Gure kirolak hemen ez du han duen jarraipenik. Ez jenderik, ez ezer. Han jende guztiak egiten du borroka. Hemen, nik, entrenatzeko ere ez daukat jende askorik.

Esango nuke! Entrenatzailearen kontra borrokan ikusi zaitugu hainbat argazkitan.


Hori, bada! Entrenatzailea eta beste hiru mutil ari dira borrokan nire inguruan. Haietarik bat aste biz behin etortzen da. Beste bat, ikaslea da oraindik, eta ikusi egin behar zer bide hartzen duen lanera garaia heltzen zaionean. Hirugarrena, ez da beti etortzen… Kubatar bat ere azaldu da, eta ikusiko dugu.

Baduzue federazioa, zuei laguntzeko, zuek babesteko…


Gu babesteko, ez. Beren lana egiteko. Nik beti esan izan dut borroka federazioak –Espainiako eta Arabako federazioez ari naiz–, ez duela kirolariarengan pentsatzen, ez dela ari gure onerako. Federazioak funtzionatzea du helburua eta, horretan, gu erabiltzen gaitu. Federazioa egon ez egon, geuk atera behar babak eltzetik! Eurak dira lehenengo helburua. Diploma jaso dut Beijingen. Bada, irailetik urtarrilera arte, ezer ez, ez lehiaketarik ez federazioen beharrik. Zera bai, berriz: “Aldizkaria aterako dugu, eta azalean nahi zaitugu!”. “Babesleak zure irudia eskatu digu”. Arraioa! Beijing bitarte existitu ere ez nuen egiten eta, orain, bat-batean, nire irudia nahi dute. Horregatik diot erabili egiten gaituztela.

Diploma aipatu duzu…


Zain, zain!

Zain?


Bai, bidean da oraindik. Ez zait iritsi.

Diplomaren jabe egin zinen olinpiadan. Borroka ondoren, “ia-ia”n izan zinela adierazi zuten hedabide guztiek: “Maider Undak ia-ia brontzea ukitu du”. Zergatik geratu zinen “ia-ia”n, brontzea irabazteko gaitasuna izanda?


Momentua momentua da. Gauzak ondo ateratzen ez direnean, nekatuta zaudenean… Kanadarraren kontra borroka egin nuenean, fresko-fresko nengoen. Baina jota utzi ninduen borroka hark. Kontrarioak erritmoa daukala konturatu, eta zuk, aldiz, ez daukazula… Ahalegina egiten duzu, ahalegina besterik ez bada ere, baina ezin da irabazi.

Beste egoera batean hautsiko zenuen brontzera bidea galarazi zenuen borrokalaria, poloniarra?


Bai, irabazita neukan, iaz, Munduko txapelketan. Berari irabazi nion sailkapen fasean. Berriz borrokatu banintz, berriz irabaziko nioke. Hurrengoan irabazi egingo diot, hori seguru dakit!

Kar, kar, kar…


Bai, bai. Ni laugarren borroka egitetik nentorren poloniarraren kontra egin behar izan nuenean, laugarrena! Bera desgasterik egin gabe heldu zen gure borrokara. Ikasi dut, edo ikasiko dut hurrengorako. Nekatuta nengoen, eta nekatuta nagoenean ezin izaten dut gehiago egin. Hala ere, ezberdinak dira Munduko txapelketa eta olinpiadak. Bestelakoa da tentsioa. Olinpiadan, aldagelatik irten eta han duzu publikoa, oihuka. Ikusgarria. Nerbioak ere airean dituzu. Munduko txapelketa besterik da. Beharbada, asko egin ditudalako, baina nerbioak ez dira igual. Entrenatzen ari zarenean bezala, ari zara, baina tentsiorik ez duzu. Olinpiadan, eta txapelketetan, nerbioak dituzu, eta asko nekatzen zaituzte, gorputza guztiz ebatuta daukazu, ezin duzu behar bezala mugitu. Eta gorputza ebatuta duzunean, buruak ere ez du ondo lan egiten.

Olinpiada aurreko garaia ere ez zen gozoa izan…


Ez. Oso garai gogorra izan zen. Denbora asko egin nuen kanpoan, etxetik urrutik. Azken hamabost egunak, berriz, are eta gogorragoak. Prestakuntzarik izan ez banu ez nion kanadarrari ere irabaziko. Indar handia zeukan, eta pisu handietan indar handia behar da. Hark bazeukan!

Eta olinpiadak eta gero zer? Pssss! Hustu?


Bai. Zenbait kiroletan lehiaketak egiten hasiko ziren, baina gurean ez. Guk datorren urte arte ez dugu izango. Orduan, Munduko txapelketa jokatuko dugu. Oporrak igaro berri ditut, eta atzera lanean, borrokan, hasi behar dut orain. Hilabeteko oporra egin eta gorputza hustu egiten da. Orain, atzera berriz hastea dagokigu.

Borrokalari olinpikoaren bestondoa. Zu, hala ere, zer zaitugu, borrokalari olinpikoa edo artzain olinpikoa?


Borrokalari olinpikoa, dudarik ez. Artzain lanean ez naiz ona, denbora asko pasatzen dut eta kanpoan. Borroka uzten dudanean etxean, artzain jarraitu nahiko nuke, hemen igaro ordu guztiak. Orduan bai, izango naiz benetako artzaina. Bitartean, ez.

Orduan artzain olinpikoa izango zara...


Olinpikoa ez dakit, baina artzaina, behintzat. Ni kanpoan nagoenean aita-amak, ahizpak, nebak zaintzen dizkidate ardiak… Haiek gabe ez dago ardirik.

Zenbat kirolari ari ote dira zure moduan, goizeko seietan jaiki, hirurehun ardi jetzi eta haiei jaten eman aitaren laguntzaz, zuen amari gazta egiten lagundu… hori dena egin artean entrenatzeari ekiten ez diotenak? Errendimendu handiko zentroko burbuilan dira gehienak…


Nik esaten dut burbuila horretako bizimodua oso erraza dela. Madrilekoa, adibidez. Ez duzu beharrizanik: ohea, jatekoak eta gainerakoak, denak dituzu eskuera. Oso erraza da, baina oso sinplea. Nik nahiago dut hemen. Goizeko seietan jaiki, bai, gogorra da, baina urtearen amaieran balantze egin eta ez dut dudarik izaten.

Artzain ari zarenean, borroka duzu gogoan?


Ez, artzain ari naizenean ardietan pentsatzen dut, ez daukat borrokan pentsatzeko denborarik. Bi mundu ditut: borroka eta ardiak. Borrokan ari naizenean borrokan ari naiz, eta ardietan ari naizenean, ardiak. Familiari esker, bi munduen artean bizi naiz. Baina familiari esker! Eurek zaindu behar izaten dituzte ardiak ni kanpoan naizenean.

Goi mailara iritsi zara, gorago nahi duzu?


Mantentzea da helburua, hasieran behintzat. Gero, Londresko olinpiadara joatea… Bi urtean eusten badiot –sakrifizioak egin–, uste dut helduko naizela hara. Gauza txikietan saiatu behar dut, entrenamenduetan zenbait gauza espezifiko hobetu. Apurka-apurka egin behar dut hori.
Nortasun agiria
Maider Unda Gonzalez de Audicana (1977, Gasteiz). Borrokalaria eta artzain. Emakumezkoen borroka du kirola, 72 kilo arteko mailan. Bederatzi urte zituela hasi zen borroka munduan, Otxandion, sambo eginez. Gero, borroka modalitatera jo zuen. Hainbat urtean Euskadiko eta Espainiako txapelketetan ez ezik, Europa eta mundu mailakoetan ere parte hartu izan du. Hamar bat aldiz izan da Espainiako txapelduna. 2001ean, brontzezko domina lortu zuen Mediterraneoko txapelketan eta 2007an, berriz, bosgarren postua Munduko txapelketan, bizian egin duen borrokaldirik onena; horrek eman zion aurten Beijingen Olinpiar Jokoetan parte hartzeko aukera.

Artzain da lanbidez, etxean, Oletako (Aramaio) Aretxeta baserrian. Astean hirutan entrenamendu saioak egiten ditu Gasteizko Judimendi gizarte-etxean, Luis Cresporen laguntzaz. Gainerakoa, pisuak, lasterka, zirkuituak… Oletan berton egiten ditu. Webgunea ere badu: www.maiderunda.com, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.
Entrenatzailea
“Gasteizkoa, entrenatzailea dut. Madrilekoa, Espainiako hautatzailea. Entrenatzailea bere poltsikotik ordainduta joan zen Beijingera. Ez zuen gonbit txartelik izan. Harmailetan egon zen. Ikusle bat zen, askoren artean bat”.
Liburua
“Bidaietan liburua eramaten dut, beti. Kanpora goazenean –astebeterako, eman dezagun–, goizean jaiki, gosaldu, entrenatu eta beti dugu tartetxo bat, libre. Zer egin? Irakurri. Arratsaldean, berdin. Entrenatu eta gero, zer? Irakurri. Burua deskantsatzeko modua da. Bestela, betiko giroan beti… Ez pentsatzea hobe. Eta nire burua gordetzeko modua ere bada. Han ariko dira, ekipokoak, sesioan, eta orduan hobe duzu irakurri, aparte ibili”.
Bekak
“Bekak ditut, baina soldatarik ez. Espainiako federazioaren beka eta Euskadi Kirola fundazioaren laguntza. Bekak ditut, berriz, goi mailara iritsi naizelako. Aurretik ez! Emakumeen borroka kirol olinpikoa ez zenean, ez ziguten txapelketarik ere ordaintzen. Orain bai, bekak. Baina hainbeste urte igaro eta gero!”
Azken hitza
Amatasuna
“Ama izatea erraza da, baina ama izan eta borrokan jarraitzea ez. Lehenengo, borroka ibilbidea amaituko dut. Bestela, haurra izan eta hainbeste denboran kanpoan ibili… ezin da. Londresera heltzea dut helburua. Uste dut Londreseko Olinpiadak eta gero beste urtebete jarraitzeko moduan egongo naizela. Orduan, kito, amaituko da kirola eta ama izango naiz”.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude