Behar-beharrezko mikrofonoak

  • Behar zelako sortu zen. 1988ko azaroaren 7an Iruñeko Euskalerria Irratiak mikrofonoak zabaldu zizkion euskarari. Hogei urtean milaka gonbidatu, iritzi, eztabaida eta albiste eskaini ditu irratiak. Eta noski, beharrezkoago bihurtu da.

    Erredakzioa, edozein hedabiderena bezala, itxuraz kaos txikia da: klip baten diziplina eskertuko luketen paperak, hurrengo egunetarako aurreikuspenak, irrati txiki bat etengabe hizketan, ordenagailua pianoa legez jotzen duten kazetariak. Euskalerria Irratiko langileak ongi afinatutako orkestraren modura ari dira goizeko hamarretan. Mikel Bujanda irratiko zuzendariaren ahotsa entzun daiteke: “Ondo, orduan ni sindikalistengana joango naiz eta zu liburu aurkezpenera, ezta?”. Kazetaritza eguneroko gerra bada, albisteak munizio, gaurko egunak arma kargatzeko aukera asko eskaintzen ditu. Urriak 22 ditu, UPN eta PPren arteko akordioa oraindik ez da puskatu, baina kolpea jaso du Espainiako diputatuen kongresuan erregionalisten abstentzioari esker aurrekontuak onartu ondoren; Jose Elorrietak prentsaurrekoa eman du, ELA sindikatuaren buru modura egingo duen azkenetakoa; Luismi Uhartek El sur en revolución liburua aurkeztu du Euskal Herriko hiriburuan. Eta abar. Gona-galtzak bete lan eguerdiko informatiborako.
Euskalerria Irratia
Gorka Bereziartua

Bitartean, Pasahitza magazina egiten ari dira Amaia San Vicente eta Pello Argiñarena. Kristalaren beste aldean, espazioan dabiltzan kosmonauten itxura hartzen dute kazetariek. Arnasa apalago egiten da, keinu-hizkera berezia erabiltzen da. Ondo prestatuta egon behar da beste aldera beldurrik gabe pasatzeko, lehen begi kolpean estudioak leku txikia ematen badu ere, berehala Iruñerria osoaren azalera hartzen baitu. Eztul egin eta denek entzungo dute. Flotatzen jakin behar, zaratarik atera gabe.

Gaurko gaia ez da atsegina, baina derrigorrez landu behar da: genero indarkeriaz ari dira. Nagore Laffage-ren senide batekin solasean aritu dira Argiñarena eta San Vicente, baita asteburuan Larragan egitekoa den Maravillas Lambertoren omenaldiaz ere.
Ikuskizun polita da irratiko lan taldea buru-belarri beharrean ikustea. Bi minuturo norbait hurbiltzen zaio bisitariari, kafe bat eskaintzeko, hizketan egiteko, inoiz lanari utzi gabe. Etxeko markak dira biak, lana eta adeitasuna. Hogei urteotan Euskalerria Irratiarekin harremana izan duen edonork baieztatuko du hori.

Eguerdia hurbiltzen ari den neurrian, azkarragoa bihurtzen da tekla soinua. Oihane Arangoa, Unai Lako eta Mikel Bujanda Egunean egunekoa albistegia prestatzen ari dira.

Arangoak Leire Asporosa gerentearekin eskaleta prestatzen dihardu.

Pasahitzakoek 12:00etan bukatu dute programa.

Guk kontenplazioak utzi eta lanari lotzeko ordua dugu.

Plurilangileak metropoli foralean

Hedabide baten historia bere langileena da. Horregatik Pello Argiñarenarekin hitz egitea ezinbestekoa da Euskalerria Irratia ezagutu ahal izateko. Beteranoetako bat da: hamabi urte joan dira aurreneko aldiz irratiko mikro baten aurrean eseri zenetik. Betidanik izan da uhinen zalea, txiki-txikitatik transistorearen berbaroak harrapatu zuen eta aukera izan zuenean Iruñeko Radio Paraiso irrati librean hizketan hasi zen. Hamazazpi urte baino ez zituen. Eguzki Irratian ere aritutakoa da, baita Lekunberrin euskara teknikari ere. Hango Aralar Irratirako proiektua egin zuen: “Gogoan daukadan lanik bihotzekoena”.

1996an Euskalerria Irratiak goizeko magazinaz eta albistegiaz gain ez zeukan programarik. Argiñarena langabezian zegoen. Proiektu bat aurkeztu zuen irratirako, tertuliak zutabe nagusi izango zituen programa bat egiteko. “Nire xedea jendearen ahotsa, euskaldungoarena, hona erakartzea zen”. Lortu zuen helburua, baita askoz gehiago ere: 1998tik aurrera Juan Kruz Lakastarekin batera Metropoli forala saioa gidatu zuen. Honezkero euskarazko irratigintzaren saio klasiko bat da, besteak beste 2001. urtean
ARGIA saria jasotakoa. “Irratiari falta zitzaion tarte bat zabaldu genuela uste dut: gauza histrionikoagoak egin genituen”.

Argiñarenak uste du irratia Iruñean euskararen inguruan dagoen proiektu indartsuena dela: euskara hedatzen du eta hizkuntza ikasten laguntzen dio askori; eta, noski, informazioa, entretenimendua eta zerbitzua eskaintzen ditu beste edozein irratik bezalaxe. Tira, igual-igual ez. Izan ere Euskalerria Irratiak badu berezitasun bat euskarazko irratia izatetik aparte: emititzeko lizentzia ukatu diotela urte hauetan guztietan. Egoera ekonomikoa ere ez da erraza, orain are gutxiago. Horren guztiaren jakitun izanda baino ez da ulertzen Argiñarenak ondoren azaldu duena: irratiko langile denak bi edo hiru lanetan ari dira batera. Berak Zazpika aldizkarian elkarrizketak egiten ditu irratiko lanaz gain. Eskubideak singularrean ditu euskaldunak Metropoli Foralean; lanak beti pluralean.

“Jaioko dira berriyak...

...gu gera euskal erriyak”. Xenpelar ez zen noski Iruñeko irratiaz ari, baina barkatuko digu bere lerroak erabiltzen baditugu Donibane auzoko estudioan lanean hasi diren belaunaldi berriez hitz egiteko. Pello Argiñarena agurtu eta Amaia San Vicenterekin hasi gara solasean. Lau urte baino ez zituen orain lan egiten duen medioak aurreneko emisioak egin zituenean. Oso atzera jo behar izan du irratira nola hurbildu zen galdetu diogunean. Ama euskara ikasten ari zen eta irratia ezinbesteko tresna izan zuen etxean ere hizkuntza lantzeko. Kazetaritza ikasten hasi zenean curriculuma bidali zuen irratira eta praktiketan hasi zen. Orain, goizeko Pasahitza magazinean ari da lanean.

Egunerokoan izaten duten arazorik handienetakoa euskaraz hitz egingo duten ahotsak aurkitzea dela azaldu du. Programan uki daitezkeen gai gehienak izaten dituzte mintzagai, zientziatik hasi eta literaturaraino, politikatik, kiroletik eta enparauetatik pasaz. “Politika solasaldietan oso nabarmena da hutsunea, kolore konkretu batzuetakoak direlako euskaldunak eta zaila delako beste kolore batzuetako hiztunak aurkitzen; askotan, nahiz eta badiren, ez dute parte hartu nahi”.

Arazoak arazo, San Vicentek uste du Euskalerria Irratiak urte hauetan guztietan bere estatusa sendotu duela. Entzuleak baditu, beste hedabideentzako erreferentzia da. Entzuleengandik jasotzen duen feedbacka ere nabarmendu du kazetari gazteak: “Ingurukoek entzuten dute; ‘aurrekoan halako elkarrizketa entzun nuen’ esaten dizute. Horretan eragina du irratitik pasatzen den jende guztiak”. San Vicenteren iritziz elkarrizketatuek eta kolaboratzaileek entzule sarea zabaltzen laguntzen dute. Eta, kolaboratzaileetan behintzat, irrati handia da Iruñekoa. Urtero, eskainitako laguntza eskertzeko afari handia –oturuntza, esan liteke– antolatzen dute. Hango giroarekin sobera pagatzen dira urtean zehar egindako lanak.

Konexioa, deskonexioa, duguna eta digutena

Eguerdiko albistegia amaitu da eta Mikel Bujandari lanerako beharko lituzkeen minutu batzuk kendu dizkiogu. Duela hogei urte ontzi hau uhinak zeharkatzen jarri zuenetakoa da. 1984an Iruñeko Komunikabideak elkartea sortzen aritu zen; urtebete beranduago Nafarroako Diputaziora irrati batentzako lizentzia eskatzera joan ziren. Euskadi Irratia sortua zen ordurako, baina Nafarroan ez zen entzuten. Aurreneko urratsa beraz, bakartze horri aurre egitea izan zen.

Ez zen nahikoa halere. Hurrengo pausoak erraldoiarena zirudien: irratiak eskaintzen duen komunikazio zerbitzuaz gain, Iruñerriko euskaldunentzako harreman leku bat edukitzea. Horretarako berezko egitura ezinbestekoa zen, irratia sortzea Iruñean bertan.

Administrazioa luzamendutan zebilen, lizentzien banaketa gerorako uzten. Ez ziren kontent egoerarekin eta 1988ko azaroaren 7an Euskalerria Irratia bere lehen programa emititzen hasi zen, berezko edukirik gabeko tarteetan Euskadi Irratiaren seinalea konektatuz. Gaur egun ere aldi berean irrati nazionala eta lokala da Iruñekoa. “Konexioa-deskonexioa” da eredua. Bujandak interesgarria deritzo eskemari: “Nik ezagutzen dudan gaztelaniazko irrati tradizioan deskonexio lokalak egitearena betiko jokoa izan da. Kuriosoa da euskarazko irratigintzan ez dela hainbeste landu” azaldu du. “Lokal-nazional jokoa gutxitan praktikatzen da, baina guretzat oso mesedegarria dela uste dut, Euskadi Irratiak eskaintzen duen kalitatea eta orokortasunari guk hemen daukagun hurbiltasuna eta konplizitatea batzen diogulako”.

Hedabide baten zuzendariak berez izaten dituen buruhausteez gain, irrati honek bestelako lanak ematen dizkio Bujandari. Erreportaje honen ideia azaltzeko berarekin telefonoz harremanetan jarri ginenean, astean zehar abokatuei egin behar zizkien bisitak azaldu zizkigun; emisio lizentziaren ukapena eta berau eskuratzeko borroka etengabe gurutzatzen dira elkarrizketetan. Zahartzen ez den katu beltza da afera. “Azkenerako, egiten dugunaz baino, egiten digutenaz hitz egiten da”.

Etorkizunez kargatuta

Euskarazko edozein hedabide maldan gora doan txirrindularia baldin bada, Bujandaren esanetan Euskalerria Irratiari gurpila zulatzen diote. Eta hala ere segi. Lizentzia eskuratzea zeregin praktikoaz gain duintasun kontua bihurtu da. Eta duintasuna eskuratzeko bidean ataka bat gainditu zuten 2005. urteko abenduan. Urte hartan sententzia bat kaleratu zen, aurretik egindako lizentzien banaketa baliogabetuz, nahiz eta Nafarroako Gobernuari aukera eman lizentzia berriro ukatzeko.

Arazoak arazo, irratiak nerabezaroa gainditu du dagoeneko, eta erredakzioan arnasten den giroak edozein entzule indizek baino gehiago balio du: proiektu hau etorkizunez kargatuta dator, beste hogei urtean irauteko moduan. Etor daitezela mendateak, ordekan bezala eragingo diote pedalei. Elkarrizketatutako irratiko langileei horixe galdetu diegu bukatzeko: ea bi hamarkadaren buruan irrati hau nolakoa izango den.

Pello Argiñarenak oso proiektu erakargarria dela uste du, ilusioak gasolina ematen duela eta emaitzak bistakoak direla: “Irratia egitea, euskaraz eta XXI. mendean... –dio, eta estudioko logotipo berria seinalatu du– Hori gara: eguzkia Iruñerrian”. Amaia San Vicentek esperantza du hemendik hogei urtera egoera bestelakoa izango dela: lizentziarekin, Nafarroan euskaldun gehiagorekin. “Irratia handitzen joango dela espero dut eta gu ere ikasten joango garela”. Mikel Bujandak aurrerantzean izango diren erronkak aipatu ditu: “Irratiarentzako ere ba omen dator emisio digitalaren garaia. Telebistarenak badu data, baina ez dakigu gurea noiz etorriko den”.

Zaila da 2028an irratia zer izango den asmatzea. Gainera, mikrofonoaren aurrean lan egiten dutenak momentuaren aberrian bizi dira: gaur lan egiten dute; orain, segundo honetan hizketan ari dira Donibane auzoko teilatuan. Uhinak ingurura zabaldu dira bibrazioen bidetik, entzuleengana iritsi eta beste mota bateko dardara bat eragin dute: taupadak dira.
Hiru zangorekin eusten zaio orekari
Azaroaren 7an irratiaren urteurrena ospatzeko antolatu duten ekitaldiarekin lanez gainezka dabil Sarah Ripodas. Bera arduratzen da Euskalerria Irratiko publizitateaz, eta programa berezirako iragarkiak lotzen harrapatu dugu estudioaren alboan dagoen bulegoan. Normalean zenbateko lan karga izaten duen galdetuta, bi mutur daudela azaldu du: batetik, instituzioek ez diote lan gehiegi ematen –batere ez–, irratiak lizentziarik ez duelako; bestetik iragarle fidelak dauzkate. “Normaltasunez jartzen dituzte iragarkiak, batzuek urte osoan, besteek zerbait puntuala daukatenean”. Erdaldunen artean aurkitzen ditu publizitatea saltzeko zailtasun handienak. Batzuetan bazterkeria ere sumatu izan du: irratiaren izenak zenbaitentzat esanahi politikoa hartzen du, eta horrek bidea mozten dio harreman komertzialari.

Zailtasun horiek kari, ez da harritzekoa Euskalerria Irratiak diru iturriak dibertsifikatu izana. Hiru zangoren gainean dabilen hedabidea da: publizitatea hor dago, noski, baita Eusko Jaurlaritzaren eta Udalbideren bidezko diru laguntzak ere. Horien ekarpena ezinbestekoa izan da Mikel Bujandaren iritziz. Hirugarren zangoak egindako lana nabarmendu du gehien ordea: Euskalerria Irratia Elkarteko bazkideena. “Urtez urte kuota bat ordaintzen ari den jende multzoa dago. Ikaragarrizko leialtasunez egiten dute, askok sinetsi ere ez lukete egingo”. Urte askoan irratiaren diru sarrera bakarra izan da bazkideek egindako borondatezko ekarpen hori; publizitatea hasi zenean ere laguntza nagusia izaten jarraitu zuen. “Orain nagusia ez, baina oso garrantzitsua izaten jarraitzen du guretzat”.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskalerria Irratia
35 urteurrena emanaldi berezi batekin ospatuko du gaur Euskalerria Irratiak

1988ko azaroaren 7an egin zuen lehen emisioa Iruñerriko irratiak. Urteurrena aitzaki hartuta, Zentral aretoan “musika eta hitza” uztartuko dituen ekitaldi bat antolatu dute.


Euskalerria Irratiak podcasten aldeko apustua eginen du denboraldi honetan

Irrati urtea astelehenean, hilaren 18arekin, abiatuko dute, albistegiak eta arratsaldeko magazina indartuta. Azaroaren 7an, irratiak 35 urte beteko ditu eta hainbat ekimen gauzatuko  dituzte urteurrena ospatzeko.


Hedabideak publizitate instituzionalik gabe Iruñean
Langa bat gehiago

Kalkulua zehatza da. Iruñeko biztanleen %10,5 da euskalduna. Navarra Sumak gidatutako Iruñeko Udalak publizitate instituzionala lortzeko gutxienez audientzia osoaren %10 izatea exijitu die hedabideei. Euskarazko hedabideek publizitatea lortzeko hiriko biztanle... [+]


Maiaren publizitate banaketaren aurka helegitea aurkeztu du Euskalerria Irratiak

Euskalerria Irratiak helegitea aurkeztu du Nafarroako Auzitegi Administratiboaren aitzinean, Iruñeko Udalaren publizitate instituzionalaren esleipenaren kontra.


Eguneraketa berriak daude