Astekaria

 Bestelakoak 

EITB eta euskaldunak

Erakunde publikoak euskarazko telebista kate berria estreinatu duen honetan, hizkuntzen aferari heldu nahi diot. Sarri ere ez, baina maiztasun anekdotikotik harago bai, ikusten eta entzuten ari naiz euskal hiztun onak erdara kaxkarrean mintzatzen. Zer dela eta? Erakunde publikoak gonbidatu egiten du herritar elebiduna bietan aritzera? Adeitsuki behartu? Hots, “hizkuntza bietan edo batere ez” esaten dio? Oker ez banago, erakunde publikoaren jokabide orokorra da herritar elebidunari bietan egiteko eskatzea. Orduan, galdera bat da: horrek euskararen normalizazioari laguntzen dio ala kalte egiten dio? Beste galdera bat da: euskal herritar elebidunak nola jokatzen du? Hasteko, erakunde publikoak gonbidatutakoak interesa izan dezake bietan egiteko, baina, demagun interesa ez duela herritarrak baizik erakundeak, orduan gerta daitezkeenak, funtsean, hirutara bil litezke: 1. Herritarrak gustura onar dezake hizkuntza bietan egiteko gonbita. 2. Ez hain gogoz, edo kontra, onar dezake, eta 3. Uko egin diezaioke gonbitari, eta esan euskaraz edo batere ez, edo alderantziz, erdaraz edo batere ez. Kasuistika orokorraren berririk ez dut. Kasuistika hori azaltzeko arrazoiak ere konplexuak izan daitezke –zenbateraino eragiten ote du euskaldunaren gutxiagotasun konplexuak: ez dudala nahi esaten badut ez dakidala pentsatuko dute; edo gonbidapena ez onartuz gero, politikoki mutur batekotzat edo bestekotzat joko duten beldurrak– baina nire iritzian: euskal hiztun onak erdara kaxkarrean aritzera gonbidaturik edo adeitsuki beharturik, erakunde publikoak bere ekarpena –ez dakit handia edo txikia– egiten dio gurean dugun hizkuntzen egoera desorekatuak bere horretan iraun dezan. Horretaz gain, ETB2ko zenbait telesaio “betetzeko” balio dute, erdaraz gaizki hitz egiten duten “kaxero”en rolak bizirik atxikitzeko, barre lerdoak eginaraziko dituztelakoan. Nire iritzian egungo politikak ez du hurbiltzen euskal herritar erdalduna euskal mundura. Telebista kate publikoak euskaraz egitera gonbidatu behar luke euskaldun elebiduna –azpitituluekin edo gabe–, erdaraz soilik egin nahiago duen eleaniztuna bietan egitera, eta inoiz ez behartu ezta gonbidatu ere, euskaraz bizi dena erdaraz egitera. Politikarien erabakiak gorabehera, euskaldunok badugu otzanegiak ez izateko aukera eta kasik beharra esango nuke. Ados?

Pako Sudupe

Pako Sudupe


2158. alea
2008-11-09
alde 0    kontra 0
Pako Sudupe
(Dani Blanco)


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
  • 2# | Pako Sudupe | 2008-11-20 12:59:18

    Egunotan Antton Olariaga marrazkilari-komikilaria, hots, "Zakilixut" agertu duk ETB1ean eta ETB2an. Erdal katean euskaraz, gaztelaniazko azpitituluekin. ETB2n ikustea tokatu zitzaidaan, eta inpresioa egiten zian, inpaktantea bezala, ez gaudelako ohituak segur aski. Ez diat dudarik egiten -beno, beti egoten duk arrazoizko duda-hondar bat- Olariagak berak erabaki zuela euskaraz bakarrik egitea. Egingo nikek gonbidatu zutela erdaraz egitera, baina uko egin ziola. Nik uste, eredugarria hori dela, horrek lagundu dezakeela bere heinean -hedatuko balitz, jakina- erdalduna euskalduntzera, eta ez egungo ereduak.

  • 1# | Ados | 2008-11-10 13:37:10

    Termometro ona sartu diguzu ipurtzuloan, orohar euskararekiko berotasuna zenbaterainoa den gure artean erakusten duena. Ni ere harri eta zur geratzen naiz, hor kontatzen dituzunak telebistan ikusita. Batzuetan, Chomin del Regato-ren estereotipoa oraindik bizirik dagoela dirudi. Ez dakit zergatik ez duen inork matxinadaren aldeko deia egiten, eta hor konpon daitezela erdarazko azpitituluekin.

Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia