I Hegoaldeko iparraldean eta Euskal Herrikoan bertsolarien txapel handiak jarri dituzte jokoan. Nahiz eta erraz fijatzen garen hankamotz eta potoan, zale modura zertaz ohartu esango dizut gaurkoan, denak erratu gintezkeela jakingo duzulakoan. II Bertsoak, hitzez eraikitzen den eskulturaren modura, orekatua behar du izan oin bakoitzetik burura; hargatik zorrotz aplikatzen da silaben arkitektura eta errimak betetzen badu hoskidetasun ohitura, buztina soilik hortik aurrera izango da eskultura. III “Barkatu baina”, “gaurko honetan” eta mila emendio izaten dira bertsoa azkar sortzearen ondorio. Nahiz noizean behin erabiltzea ez den zigortzen serio, ideia on bat bertsotzen bada hitzok direla medio, adabakidun prakak bezala, ez du gehiegi balio. IV Zigor ugari badago ere guztia ez da isuna, saritzen baita zorrotz zaintzea oinen hoskidetasuna, neurri motzean gauzak natural esateko gaitasuna, informazio sinesgarria, zuzeneko erantzuna... eta batik bat zuri barruan zerbait eragin dizuna. V Abiadura ere neurtu behar da nire ustean bertsolaria denboraz ahaztu bailiteke tupustean: ez dabil ondo kantatzen badu hitza hitzaren ostean edo atseden har bazeneza kantatua idaztean... Zazpi egunak bakar-bakarrik kabitzen dira astean. VI Bertsoa bereiz litekeen arren mailaka eta neurrika, gauza puntual bezala hartu puntuazio-teknika. Notak zein diren ez jakin arren, nahiz ez jakin zer den plika, ezjakin horrek bihotza eta belarriak irekita puntako mila adituk beste goza lezake musika! Doinua: Hil da Canovas
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa