Astekaria

 Denboraren makina 

Baionako baioneta

Châtenai (Frantzia), 1723. “Antzina, lurra despopulatzeko / gerraren deabruak Baionan asmatutako armak / infernuko fruitua dirudi / eta garra eta sua baino izugarriagoa da”. Voltairek bertso hauek eskaini zizkion baionetari La Henriade lanean. Eta, horrenbestez, berez nahiko argia den etimologia baieztatu zuen. Frantsesez bayonette esaten zaio, ingelesez bayonet eta gaztelaniaz bayoneta. Hitzak Baionako makiletan du jatorria. Makila horiek altzairuzko punta zorrotza zuten, eta luzaroan debekatuta egon ziren. Baina 1511n, Aragoiko Fernandok Luis XII.aren tropak Baionari eraso zionean, asko erabili zituzten. Baioneta hitza 1575ean erabili zen lehenengoz testu idatzi batean, baina XVII. mendearen erdialdera arte ez zuten modu ezagunenean erabili, suzko arma bati lotuta, alegia. Dirudienez, garai hartako gerra ugarietan, ohikoa zen bolbora eta jaurtigairik gabe geratzea eta, kasu horietan, aiztoak mosketeei lotu eta pika moduan erabili beste erremediorik ez omen zuten izaten. Europako ejertzitoak berehala konturatu ziren Lapurdiko hiriburuko asmakizunaren balioaz. Mosketeak kargatzea lan mantsoa zen; gehienez minutuko tiro bat jaurti zezaketen. Sarri, berriro kargatzerako, etsaia aurrez aurre zuen soldaduak, eta orduan, ezpata eraginkorragoa zen. Baioneta mosketearen muturrari lotuta, bi arma bakarrean batu zituzten. XIX. mendearen erdira arte baioneta asko erabili zen. Urte haietan, gerran hildakoen %50 gutxi gorabehera arma zuriz hiltzen zituzten. Ehun urte geroago, ordea, %5 baino ez. Suzko armak gero eta eraginkorragoak ziren, eta baionetak enbarazu besterik ez zuen egiten.

Nagore  Irazustabarrena

Nagore Irazustabarrena


2158. alea
2008-11-09
alde 0    kontra 0
Baionetak II. Mundu Gerran


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia