2008-11-09 -- 2158.zenb
Edozein literatur lan kontuan hartzeko garaian, literatur teoriak hiru alderdi oinarrizko bereizten ditu: idazlea, testua eta hartzailea. Hala, historikoki, idazlea eta berarekin erlazionatutako kontuak izan dira ikerketa literarioetan lehentasuna. XIX. mendetik XX. mendeko 50. hamarkadara arte idazlearen intentzioa zen obra bat aztertzerakoan aintzat hartu beharreko arazoa, salbuespen ohoragarriak salbuespen. “Zer esan nahi du idazleak hemen?” zen pasarte hermetiko baten aurrean irakurleak egin behar zuen galdera. Batez ere estrukturalismoaren goratzearekin, ezarian, testuaren beraren garrantziaz ohartarazi zuten zenbait kritikok, eta aurreko metodo biografiko-positibistari gerra deklaratu. Horren erakusle da Roland Barthes-en La mort de l’auteur izeneko artikulu famatua, non autorea bazterrean utzita testuaren irakurketan sostengatutako kritika egitea aldarrikatzen baita. Azkenik, estrukturalismoaren mugez oharturik edo, “harreraren estetika” delakoaren eskutik, 60. hamarkadaren hondarrean, ordura arteko elementu ahantziaren, hots, hartzailearen edo irakurlearen, garrantzia azpimarratu zen. Obra bat aztertzeko garaian ezinbestekoa da irakurlea kontuan hartzea, haren interpretazio lana, haren background kulturala, eta abar. Horrek guztiak aditzera ematen digu, besteak beste, obra baten esanahia ez duela ez idazleak ezta testuak ere soilik ezartzen, testuaren interpretazioak baizik, eta honenbestez, finko eta mugiezina baino aldakorra dela. Adibide garbi bat ematearren, Don Quijote de la Mancharen esanahia XVI. mendean eta gaur egunean aski diferentea da; XVI. mendean zalduntza nobelei buruzko lan satirikoa zen funtsean; XXI. mendean, ostera, literaturaren historiaren gailurretako bat da, zeinak bide ematen baitu Michel Foucalt-ek Les mots et les choses liburuan egindako irakurketa gaurkotuetarako.
Danbaka Musika Lehiaketa 2004an jaio zen Goiena Komunikazio Kooperatiba Elkartearen eta Elgetako Espaloia Kafe Antzokiaren ekimenez. Helburua Debagoieneko musika taldeei bultzada ematea eta aisialdirako ekintzak sortzea zen. Dagoeneko hirugarren edizioa antolatu dute, Debabarrenera eta Durangaldera ere zabaldu dute aurtengoan, eta lehiaketak taldeei bultzada emateko daukan moduari esker beste lehiaketetatik bereizi egiten da Danbaka.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa