2008-11-09 -- 2158.zenb
Châtenai (Frantzia), 1723. “Antzina, lurra despopulatzeko / gerraren deabruak Baionan asmatutako armak / infernuko fruitua dirudi / eta garra eta sua baino izugarriagoa da”. Voltairek bertso hauek eskaini zizkion baionetari La Henriade lanean. Eta, horrenbestez, berez nahiko argia den etimologia baieztatu zuen. Frantsesez bayonette esaten zaio, ingelesez bayonet eta gaztelaniaz bayoneta.
Hitzak Baionako makiletan du jatorria. Makila horiek altzairuzko punta zorrotza zuten, eta luzaroan debekatuta egon ziren. Baina 1511n, Aragoiko Fernandok Luis XII.aren tropak Baionari eraso zionean, asko erabili zituzten.
Baioneta hitza 1575ean erabili zen lehenengoz testu idatzi batean, baina XVII. mendearen erdialdera arte ez zuten modu ezagunenean erabili, suzko arma bati lotuta, alegia. Dirudienez, garai hartako gerra ugarietan, ohikoa zen bolbora eta jaurtigairik gabe geratzea eta, kasu horietan, aiztoak mosketeei lotu eta pika moduan erabili beste erremediorik ez omen zuten izaten.
Europako ejertzitoak berehala konturatu ziren Lapurdiko hiriburuko asmakizunaren balioaz. Mosketeak kargatzea lan mantsoa zen; gehienez minutuko tiro bat jaurti zezaketen. Sarri, berriro kargatzerako, etsaia aurrez aurre zuen soldaduak, eta orduan, ezpata eraginkorragoa zen. Baioneta mosketearen muturrari lotuta, bi arma bakarrean batu zituzten.
XIX. mendearen erdira arte baioneta asko erabili zen. Urte haietan, gerran hildakoen %50 gutxi gorabehera arma zuriz hiltzen zituzten. Ehun urte geroago, ordea, %5 baino ez. Suzko armak gero eta eraginkorragoak ziren, eta baionetak enbarazu besterik ez zuen egiten.
Mexikon kakao arrastoak topatu berri dituzte duela 3.750 urteko ontzi batean. Jakina zen maiek kakaoa hartzen zutela, baina aurkikuntzak orain arte pentsatu baino zortzi mende lehenago ere erabiltzen zutela esan nahi du, zibilizazio maia eratzen ari zen garaian hain zuzen. Ontzia Veracruzen topatu dute, Cerro Manatí-ko eremu sakratuan egiten ari diren indusketetan. Kakao aleak xehatu, egosi, eztiarekin, irinarekin eta beste osagai batzuekin nahastu eta lortutako edari alkoholduna zeremoniatan erabiltzen omen zuten.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa