2008-11-09 -- 2158.zenb
Ixabel Etxeberria (Urruñako hautetsi abertzalea)
Duela hilabete batzuk Sarkozyk zioen karikatura gehiegi nahiago zuela zentsura gehiegi baino. Geroztik, enpresa batek haren izena duen panpina bat, panpinaren xistatzeko bi orratzekin merkataratu ditu eta ez da presidentearen gustukoa izan. Ondorioz, salaketa jarri du, panpina merkatutik kentzeko eskatuz. Horretan dugu presidentea, bere irudiaren zaintzeko kezkarekin eta Europaren buru bihurtzeko proiektuarekin. Gutxiagorako ez baitu bere burua! Krisiaren erdi-erdian, bankuak lagundu, igandetan lan egiteko legearen aldaketa bultzatu, inbertsio berrientzat zerga profesionalaren kendu... Horrela dabil, biztanlegoaren egoera larritzen, eskubideak murrizten ari diren bitartean. Irudia zaindu eta komunikazioa landu, ea hautesleak zintzo eta prestu jarraitzen duen, eskuinaren proiektu politikoa eta elite finantzaria babesturik gelditzen den.
Politika hori eredu bihurtzen ari da, eta tokiko hautetsiak ikusten ditugu bide beretik doazela. Horrela, Le Journal du Pays Basquen zazpigarren urtemuga ospatu zen Urruñan. Hor zeuden denak, Michel Hiriartek eraikiarazi duen jauregiaren parean. Jauregia diot, hiru milioi euroko eraikina baita, bertako biztanleen diruarekin egina, botere zentralizatuaren zerbitzurako, herriko etxeen ahalmenen bahitzaile den egitura batentzat, non UMPk gehiengoa duen. Hor zeuden inguruetako eskuineko beste hautetsiak, demokraziaren ukapena onartzen dutenak, erabaki guneetatik biztanleen kanporatzea hobesten dutenak.
Baina argazkirako hor ziren, Sud Ouesten laguntza baliatzen dutenak hauteskunde garaian, Sud Ouest baita haien bozgorailua. Mirakulua badirudi ere, Le Journalek irauten du Sud Ouesten parean, honen indarraren aurrean ihardukitzea lortzen du, demokraziaren eta aniztasunaren alde garaipen handia dela ezin ukatu.
Izan ere, hauteskundeek abertzaleen emaitzen igotzea ekartzen badute ere, bidea luzea da eta abertzaletasunak adiskide gutxi ditu eskuinaren eremua den komunikazio munduan. Abertzaletasunaren promozioa helburu izan behar da herritarrengana heltzeko, gure proposamenak baliagarriak direla erakusteko eta herrien kudeatzeko dugun gaitasunaz berri emateko. Aniztasunaren beharra handia da gaur egun komunikabideak talde handien eskuetan daudelarik. Abertzaleak indar handia egiten ari direla ohartu dira tokiko hautetsiak. Ez lituzkete abertzaleen proiektuak estali beharko.
Pako Sudupe (Idazlea)
Erakunde publikoak euskarazko telebista kate berria estreinatu duen honetan, hizkuntzen aferari heldu nahi diot. Sarri ere ez, baina maiztasun anekdotikotik harago bai, ikusten eta entzuten ari naiz euskal hiztun onak erdara kaxkarrean mintzatzen. Zer dela eta?
Erakunde publikoak gonbidatu egiten du herritar elebiduna bietan aritzera? Adeitsuki behartu? Hots, “hizkuntza bietan edo batere ez” esaten dio? Oker ez banago, erakunde publikoaren jokabide orokorra da herritar elebidunari bietan egiteko eskatzea. Orduan, galdera bat da: horrek euskararen normalizazioari laguntzen dio ala kalte egiten dio?
Beste galdera bat da: euskal herritar elebidunak nola jokatzen du? Hasteko, erakunde publikoak gonbidatutakoak interesa izan dezake bietan egiteko, baina, demagun interesa ez duela herritarrak baizik erakundeak, orduan gerta daitezkeenak, funtsean, hirutara bil litezke: 1. Herritarrak gustura onar dezake hizkuntza bietan egiteko gonbita. 2. Ez hain gogoz, edo kontra, onar dezake, eta 3. Uko egin diezaioke gonbitari, eta esan euskaraz edo batere ez, edo alderantziz, erdaraz edo batere ez.
Kasuistika orokorraren berririk ez dut. Kasuistika hori azaltzeko arrazoiak ere konplexuak izan daitezke –zenbateraino eragiten ote du euskaldunaren gutxiagotasun konplexuak: ez dudala nahi esaten badut ez dakidala pentsatuko dute; edo gonbidapena ez onartuz gero, politikoki mutur batekotzat edo bestekotzat joko duten beldurrak– baina nire iritzian: euskal hiztun onak erdara kaxkarrean aritzera gonbidaturik edo adeitsuki beharturik, erakunde publikoak bere ekarpena –ez dakit handia edo txikia– egiten dio gurean dugun hizkuntzen egoera desorekatuak bere horretan iraun dezan.
Horretaz gain, ETB2ko zenbait telesaio “betetzeko” balio dute, erdaraz gaizki hitz egiten duten “kaxero”en rolak bizirik atxikitzeko, barre lerdoak eginaraziko dituztelakoan.
Nire iritzian egungo politikak ez du hurbiltzen euskal herritar erdalduna euskal mundura. Telebista kate publikoak euskaraz egitera gonbidatu behar luke euskaldun elebiduna –azpitituluekin edo gabe–, erdaraz soilik egin nahiago duen eleaniztuna bietan egitera, eta inoiz ez behartu ezta gonbidatu ere, euskaraz bizi dena erdaraz egitera.
Politikarien erabakiak gorabehera, euskaldunok badugu otzanegiak ez izateko aukera eta kasik beharra esango nuke. Ados?
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa