Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-02-09 16:49:58
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
  • Hasiera >
  • Gaiak >
  • «Copyrighta egungo garaietara egokitu behar da»

2008-11-02 -- 2157.zenb

Lawrence Lessig

«Copyrighta egungo garaietara egokitu behar da»

Elisabeth Pombo / Lander Arbelaitz

Lawrence Lessig Creative Commons lizentzien sortzailea Euskal Herrian izan berri da Remix liburua aurkezten, Arabako Parke Teknologikoan. Agenda oso estua duen arren, Argiak elkarrizketa laburra egiteko aukera izan du.

Lessig abokatua da eta zuzenbidea irakasten du Stanford Unibertsitatean. Sormen askatasuna maite du. Horregatik sortu zuen Creative Commons ekimena, informazioaren eta ezagutzaren partekatzeari jabetza eskubideek ezartzen dizkieten mugak gainditu asmoz. Hala ere, garbi adierazten du ez dagoela Copyright-aren aurka; are gehiago, sormena bultzatzeko tresna garrantzitsua dela iruditzen zaio. Baina euskalduna bezalako kultura txiki batean Creative Commons lizentziek eta software libreak ekarri ditzaketen abantailak azpimarratu ditu.

Zer onura ekartzen dizkiote Creative Commons lizentziek euskalduna bezalako kultura txiki bati?

Jendeari askatasuna ematen dio, adibidez lanak euskarara itzultzeko. Marrazki bizidunei eta bideoei euskarazko azpitituluak jartzen dizkioten webgune batera bideratu ninduten orain gutxi [Luistxo Fernandezek sortutako Azpitituluak euskaraz ekimenari buruz ari da]. Horrek dudarik gabe euskararen hazkundean laguntzen du, hurrengo belaunaldiaren aurrean indartsu ager dadin. Copyrightarekin, jabearen baimenik ez badugu, ezin da horrelakorik egin ez teknikoki ezta legalki ere. Copyleft lizentziapean lan gehiago baleude, ez legoke arazorik Non-Commercial lizentziapean itzulpenak egiteko. Honela, hizkuntzari bultzada handia emango litzaioke.

Bi pertsonek ideia bera aldi berean sor dezaketela onartzen den unetik, jabetzaren kontzepturik ez dagoela esan genezake. Zentzu horretan Copyrightak desagertu egin beharko luke?

Lehenik eta behin, Copyrightak ez du ideia erregulatzea bilatzen, adierazpen bat erregulatzen du. Eta bai, zuzen zaude, bi pertsonak aldi berean adierazpen berdina sor dezakete. Baina uste dugu Copyrighta sormena bultzatzeko tresna garrantzitsua izaten jarraitzen duela. Horrek ez du esan sortzen den guztia Copyright lizentziapean sortu behar denik. Esan nahi dena da Copyright sistemarik ez bagenu, kulturarentzat garrantzitsuak diren lan gutxiago sortuko liratekeela. Beraz, uste dugu Copyrighta garrantzitsua dela, baina egungo garaietara egokitu behar dela, eta hori da gure proiektuaren helburua.

Eusko Jaurlaritzari Windows sistema eragilearen itzulpena finantzatzea kritikatu izan zaio. Uste duzu administrazioek software librea sustatu beharko luketela?

Bai, software librea sustatu beharko lukete. Ez lukete arrazoi politikoengatik egin behar, baizik eta euskalduna bezalako kultura batentzat software librea hobea delako. Softwarea ez bada jabeduna, errazago molda, itzuli eta gara daiteke, kodea begiratu baitezakegu eta nola egina dagoen ikusi. Windows bezalako softwarea bada, jabearen [Windowsen kasuan Microsoft] beraren baimena beharrezkoa da horrelako moldaketak egiteko. Garrantzi handiko arrazoi publikoak daude administrazioek software librea bultza dezaten, eta Euskal Herrikoak bezalako administrazioek are gehiago.

Sistema libre batean, zer eredu ekonomiko litzateke posible?

Gaur egungo zenbait webgune begiratu besterik ez dago. Adibidez, Facebook, Flickr edo Second Life. Jendearen partekatzearen gainean eraikitako ekonomiak dira. Inor ez da edukiaren jabetza esklusiboaz ari bertan, baizik eta jendeak partekatu egiten ditu bere gauzak. Beraz, Hollywoodek zabaltzen duen mezua, dena oso kontrolatua edukitzea etekinak lortzeko, ez da egia. Jendea diru asko egiten ari da kontrol askoz ere gutxiagorekin. Hori izango da etorkizunerako eredua.

Eta amaitzeko, esango zenizkiguke Internet munduko hiru izen eta horiek hautatu izanaren arrazoiak?

Lehenik eta behin Richard Stallman. Berak ezarri zuen askatasunaren ekonomia eta bide batez software librearen balioak finkatu zituen, kultura librea indartu zuen. Bigarren izena Linus Torvalds da [Linux sistema eragilearen sortzailea]. Bera izan zen Stallmanek hasitakoarekin bateratu ziren mugimendu sozialak sortu zituena. Eta azkenik, pertsona bakarra hautatu beharrean, Stanford unibertsitatetik atera zen ikasle belaunaldi bat aipatuko dut, Yahoo eta Google sortu zutenak. Belaunaldi hori ikaragarrizko negozioak sortzeko gai izan da. Mundua aldatu dutela uste dut, horiek dira benetako heroiak.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan