2008-11-02 -- 2157.zenb
Jeffrey Bada eta haren lankideek Stanley Miller ikerlariaren lanari jarraipena eman eta lortutakoa argitara eman dute Science aldizkarian. Millerrek urte luzetan jardun zuen Chicagoko Unibertsitateko Harold Urey Kimika Nobel Saridunaren laborategian. Stanley Millerrek ez zituen inoiz bere ikerketak argitaratu, baina kasualitatez, Jeffrey Badak jaso zituen Millerrek lanean erabilitako paperak eta tresneriak.
Paperetan, Lurreko lehen zelula biziak sumendietatik isuritako molekula organikoetan izan zezaketela jatorria adierazten da; hori frogatzeko hainbat tresna eta lagin sortu eta erabili zituen Millerrek. Haren saiakerak errepasatu dituzte eta ez dute akatsik topatu. Are gehiago, sumendien eragina, antzinako atmosferaren sorreran ez ezik, biziarenean ere uste baino garrantzizkoagoa izan zela gero eta ziurragoa da. Agian hain gutxi ezagutzen den atmosferaren sorrera argitzen denean, garbiago geratuko da sumendien eragina zein izan zen.
Gizakiak askotan erabili du “gerra egin ordez, maita ezazu” leloa. Slogana indartu asmoz, askotan animalien hainbat portaera hartu izan dira adibide, eta horien artean bonoboena. Baina Leipzig-eko (Alemania) Max Planck Institutuko ikerlari talde batek egindako azterketen arabera, bonoboei buruz genuen ideia aldatu behar izango dugu.
Bonoboek haragia jaten zutela gauza jakina zen, euren hondakinetan antilope, kattagorri edo hainbat karraskariren arrastoak azaldu baitira. Kongon, Salongako Parke Nazionalean, lehen aldiz grabatu dute bonoboen ehiza. Current Biology aldizkarian esaten denez, bonobo talde bat, isilka, zuhaitz multzo batera hurbildu eta bertan bizi ziren tximino txikiak eraso dituzte. Bost erasotik hiru arrakastatsu izan ziren.
Portaera hori betidanikoa edo ingurumenean gertatzen ari diren aldaketen ondoriozkoa den aztertzen ari dira, baina argi dago bonoboen zintzo ospea betiko desagertuko dela.
Etorkizuneko energi iturria den hidrogenoa laster komertzialki ateratzerik izango da birfindu gabeko petrolioak duen hidrogeno sulfurotik. http://ttiki.com/1089
Orain 4.000 urtera arte munduko leku desberdinetan bizi izan ziren mamutak Ipar-amerikan izan zutela jatorria frogatu dute ikerlariek, ADNa erabiliz. <a href=http://www.amazings.com/ciencia/noticias/171008e.html title="Amazings webgunera lotura leiho berri batean" target=_blank>http://ttiki.com/1090</a>
Zientzialariek aspalditik uste zuten gizakiok subkontzienteki ikasteko gai garela, baina ezin izan dute oraintsu arte frogatu. Londresen egindako ikerketaren arabera, senaren bitartez erabaki hobeak har ditzakegu –batzuetan behintzat– pentsamendu kontzientean oinarrituta baino. http://ttiki.com/1091
Karbono dioxidoa bide desberdinetatik isurtzen dugu atmosferara, baina NASAko ikerlari talde batek esan du ikatz gutxiago erretzea izan daitekeela arazoaren konponbidea. http://ttiki.com/1093
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa