2008-10-26 -- 2156.zenb
Bigarren egunean, entorno edo inguru batean hizkuntza normalizatzeko lanean ari diren eragileen arteko koordinazioa izan zen ardatza. Hainbat esperientzia aurkeztu ziren, oso ezaugarri desberdineko herri eta eskualdetakoak.
Ulibarri programa orain dela dozena bat urte jarri zen abian eta egitasmo eta esperientzia anitz egin dira 400dik gora ikastetxetan. Jardunaldian, esperientzia horietako batzuk azaldu zituzten hainbat udaletako teknikariek, bakarrik batzuetan, ikastetxeetako ordezkariek lagunduta beste batzuetan.
Gernika-Lumoko (Bizkaia) euskara teknikariak Udaleko EBPN (Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia) eta ikastetxeetako normalkuntza planak nola uztartzen zituzten azaldu zuen. Bide beretik aritu ziren Irungo Udaleko euskara teknikaria edota Aiaraldeko (Urduña eta Amurrio) euskara teknikariak ere. Elkarrekin egiten dituzten egitasmoak azaldu zituzten.
Buruntzaldea (Gipuzkoa) eskualdean udal eta ikastetxeen arteko koordinazioa nola bideratzen den azaldu zuen Hernaniko Udaleko euskara teknikariak, koordinazioaren zailtasunak eta onurak nabarmenduz.
Udalez gain, beste eragile batzuen arteko elkarlanaz aritu ziren Lekeitioko (Bizkaia) ikastetxeetako ordezkariak AEK euskaltegiko irakaslearekin batera. Lekeitio herri euskaldunera etorritako ikasle atzerritarren hizkuntza-gaitasuna eta integrazio soziala areagotzeko martxan jarri duten programaren berri eman zuten.
Nafarrek ere izan zuten lekua jardunaldian zehar. Atarrabiako nerabeekin euskararen erabilera areagotzeko egiten duten esperientziaren berri eman zuten. Egitasmoan parte hartzen ari dira Udaleko euskara departamentua, herriko euskara elkartea eta ikastetxeak.
Esperientzia horien guztien ardatza koordinazioa izan zen, udalerriko eragileen artean eta, besteak beste, udalaren eta ikastetxeen artean.
Kataluniako San Vicenç dels Horts Udaleko hezkuntza teknikariak, Marcelina Bosc-ek, udalak eta ikastetxeak azken hamar urteotan elkarrekin lanean aritzeko egin duten bidea eta horretarako antolatu duten egitura azaldu zuen. Bartzelona inguruan dagoen herri hau Vic baino txikiagoa da, eta askoz ere erdaldunduagoa. 27.000 biztanle inguru ditu eta etorkin ugari dago, baina gehienak 60-70eko hamarkadan Espainiatik joandakoak, ez etorri berriak, eta eskola askotako jolaslekuan ez omen da hitz bat bera ere entzuten katalanez. Eskola-porrota gainditu eta integrazio eta kohesio soziala bultzatzeko, beti ere katalana izanik komunikazio-hizkuntza, hasi ziren elkarlan horretan eta zailtasun ugari gaindituta, horietako asko udalean bertan –ez baita lan erraza departamentuen arteko koordinazioa–, Generalitateak bultzatu berri dituen Ingurumen Plan horiek (Pla d´entorn) eman omen diete behar zuten estalki formala eta aitortza.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa