2008-10-26 -- 2156.zenb
Euskara bizirik dago XXI. mendearen hastapenetan. Hizkuntza bizia da euskaldunek hala nahi izan dutelako. Baina ez nahi hutsalarekin. Euskaldunek lortu dute euskara izan dadin, oraindik ere, haien arteko harremanak bideratzeko egiazki darabilten mintzabide egokia.
Izan ere, gurari hutsak ez du izaten ondoriorik, askok, gure artean, sarri, kontrakoa uste badu ere. Euskaldunek, belaunaldietan zehar, asmatu dute, hiztun erkidego gisa, historiak ezarritako ataketatik egoki ateratzen. Eta ez dirudi egokitutako irtenbideak guztiz makurrak izan direnik.
Galerak eta aldaketa sakonak izan omen ditugu ibilbide historikoan. Ez dakit galerak ezinbesteko zirenik; ez dakit jasandako aldaketak galgarri edo onuragarri izan ditugunik ere. Nolanahi ere, egungo errealitatea da kontuan hartu behar duguna, hau baita, gogoko izan edo ez, aurrerako ibilbidearen abiapuntu; nahitaez.
Joseph Roth, sortaldeko idazle judu zorigaiztokoak, Judu herratuak saiakeran haren herriaren norabideaz hausnarketa egiten duenean, bidaria hartzen du adibide. Bidariari, esaten du, ez diote galdetzen nora doan, nondik datorren baizik; alabaina, ohartarazten digu idazle austriarrak, bidariari helburua da ardura diona, ez abiaburua. Gu ere helburuak arduratu behar gaitu.
Helburua gogoan duenak bide egokia aurkitu behar du harantz bideratzeko. Bide okerra saihetsi behar du; askotan, gogokoen duen bideari uko eginez, zuzenen irizten dion bidea gaitzetsiz. Ausardia baino gehiago, zorroztasuna eskatzen dio horrek bidariari. Ondo ezagutu behar ditu, zuzen aztertuta, egoeraren ezaugarriak: bidaiarako eskura dituen baliabideak, bere indarrak, nolako bidaideak dituen –eta nahi dituen– aldean, bidearen zertzeladak, nondik-norakoak…
Aurrekoek asmatu dute, nola edo hala, honainoko bidean; asmatuko dugu guk hemendik aurrera egin beharrekoan?
Euskara loratua da, hizkuntza gisa, aspaldi ez bezala. Euskal hiztunen erkidegoak eskura ditu inoiz izan ez dituen adinako baliabideak. Baina, ez dut uste gauzak ondo egiten ari garenik. Ibilbidea arriskutsu bihur dezakegu, gauzak egoki neurtzen ez baditugu.
Euskal hiztunen erkidegoa txikia da, baita gure gizartean, euskal gizartean, ere. Eta ez dut uste kontuan hartu dugunik, egoki, horrek ekartzen dituen ondorioak, horrek ezartzen dituen mugak eta baldintzak. Egonezina sortzen du euskaldun –eta, bereziki, abertzale– askorengan halako errealitatea mahai gainean ipintzeak. Eta ipintzen denean, askotan, helburu bakarrarekin egiten da: halako egoera aldatzeko helburuarekin. Euskaldun gutxi bagara ipin ditzagun ume gehienak euskaraz ikasten eta asko izango gara etorkizunean, pentsatu izan dute askok. Baina halako pentsamendua amets hutsa bihurtu da, neurri handi batean.
Zoritxarrez –edo zorionez– gizarteetan gauzak ez dira hain era errazean gertatzen; gizarteek bilakabide menderakaitzak izaten ohi dituzte, eta nahiko gaizki barneratzen dituzte saioak. Hizkuntza baten hiztunen kopurua handitzeko bilakabideak eskakizun ugari eta, askotan, ezkutuak ditu.
Badakit euskaltzale askok ez duela batere gogoko halako gauzak entzutea, baina uste dut abertzaletasunaren nagusitasun politikoak itsutu gaituela, sinetsaraziz eskura genuela gure nahiak gauzatzea, helburuak edonolakoak izanda ere. Euskaldunen kopuruaren gehitzea onuragarri da, zalantzarik gabe. Baina, nire ustez, ez da ezinbestekoa euskal hiztunen erkidegoa osasun bidean ipintzeko; ez dut uste gure lehen helburua izan behar duenik; eta ez dut uste, lortu ezinean, galbidetik abiatuko garenik. Bide okerra hartu dugu, nire ustetan, bide horretatik hizkuntzaren baliabide preziatuenak, hiztunak, alferrik xahutu ditugulako helburu hanpatsuen bila. Hiztunen kopurua gehitzea erkidegoa sendotzearen ondorio izan behar zuen, ez, alderantziz, hura honen oinarri. Galduta gaude uste badugu euskararen etorkizunak ezinbestez eskatzen duela euskara gure gizarteko gehienen hizkuntza bihurtzea. Aldiz, helburutzat hartu beharko genuke bermatzea euskarak bizirik dirauela gutxi batzuen hizkuntza izaten jarraitzen badu ere.
Ezinbesteko dugu gure artean hain sarri nahasten diren nahiak, premiak eta ahalak egoki bereiztea, bakoitzari berea emanez. Nahiak –gehienetan, nahi politikoak direnak– ez ditugu nahasi behar euskal hiztunen erkidegoak dituen premiekin. Eta premiak ahalen arabera egokitu beharko ditugu aurrean dugun bidea jorratzen asmatu nahi badugu. Ahaztu gabe ahalbideak zorrotz mugatuta daudela gizarte demokratiko batean. Aukera okerrak egiten baditugu, hiritarrek ihesbideak aurkituko dituzte, ez izan dudarik.
Bestalde, euskal munduak erakargarriago izan beharko luke, zabaldu, handitu nahi badu. Euskara, askotan, 'zatikatzaile diren indarrekin' lotzen jarraitzen du euskaltzale frankok, Luis Villasantek egindako oharra erdeinatuta. Zilegi da bakarrik pentsamolde batekoentzat euskal ekimenak sortzea; baina ez dezatela esan halakoak euskararen izenean egiten dituztela, hizkuntzari lehentasuna ematen diotela. Euskara amu gisa erabil dezakete, baina gero eta urriago izango dira hala harrapatuko dituzten euskaltzaleak. Asko izango dira, aldiz, ur haietatik urrunduko direnak.
Gauzak hala izanda, Axularrengana itzuli beharko genuke, berriro ere. Eta haren hitzak hartu etorkizuneko goiburutzat: “Aitcinerat hobequi nahidut governatu”. Guztion mesederako izan dadila.
* EHUko zuzenbide konstituzionaleko katedraduna eta Eskualdeetako edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Kartako Adituen Komiteko kide espainiarra
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa