2008-10-26 -- 2156.zenb
Jose Manuel Odriozola (Euskara irakaslea)
Euskadi deritzan lurraldean gauzatu den euskararen aldeko hizkuntza politika hobekien ezaugarritzen duen irudi-ideia honako hau izan daiteke: gaixo kronikoen zoriak hartua dauka euskara eta herri euskalduna. Eri kronikoen aldeko hizkuntza politikak ez du esan nahi noski gaixorik dagoen hizkuntzaren alde ezer egin ez denik, zabarkeriaz jokatu denik, inor arduratu ez denik. Ez, ezta gutxiago ere. Hizkuntza gaixoaren aldeko gauza asko egin dira, neurri batzuk aipagarriak izan dira, aurrerapenaren zantzuak ere sentitu ditugu, hobekuntzaren sintomak hauteman ditugu. Eta, hala eta guztiz ere, egin den guztia eginda ere, ez gara gai izan herri euskalduna gaixo kronikoen unitatetik ateratzeko.
Iparraldean herri euskaldunaren egoera azken arnasetan dagoela jakinda, eta Nafarroakoari etnozidioaren usaina dariola ikusirik, beha dezagun Euskadiko lurraldean zertan den gaixotasun kronikoak jota dagoen euskararen aldeko hizkuntza politika.
Diagnostikoaren lehenengo ezaugarria honelatsu adieraz dezakegu: gaixoa ez da hilko oraingoz, beharbada ezta luzaroan ere. Luzaroko bizitza izan dezake euskarak seguruenik: hain zuzen, ez al zuen bada Ibarretxe lehendakariak esan hemendik mila urtera ere hemen euskaraz hitz egiten duen herri bat biziko zela? Bistakoa da beraz indarrean jarri duten euskararen aldeko hizkuntza politikaren emaitzak oparoak izango direla batzuen ustez. Baikortasuna darie lehendakariaren hitzei.
Lortuko ote dute ordea euskara hain luzaz biziaraztea? Agian bai, baina nolako baldintzetan? Hor dago gakoa. Zeren eta euskara gaixo dago, euskaltzaleok bat gatoz horretan, eri kronikoen unitatean baitago, nolabaiteko zaintzapean alegia, baina ez da berehala hilko, esan dugunez. Gaur egun dauden baliabide teknologikoak tarteko, bizitzaren luzapena esku-eskura daukagu. Zer egin behar dugu hori lortzeko zehazki? Zer-nolako baliabideak behar ditu euskarak azken arnasarik ez emateko? Azken hamarkada hauetan garatu ditugun tramankulu eta hodi-sistema batzuk konektatzea nahikoa izan liteke, nire ustez, herri
euskaldunaren begiak erabat ez itzaltzeko.
Diagnostikoaren bigarren ezaugarria: tratamenduan dago azken hamarkada hauetan eta nahiko ondo erreakzionatu du eriak. Ez dirudi atzera egingo duenik. Eskolaren eta irakaskuntzaren hodi-sistemarekin konektatuta dago eta gaixoak bizitzarako zantzuak erakusten ditu: inoiz nabarmen, inoiz zalantzagarriago. Nolanahi ere, ez du biziberritze eta kemen sendorik erakusten, ez du garai bateko euskal hiztunen euskal senik erakusten ahozko bizitza soziolinguistikoan, baina, tira, idazten eta irakurtzen badaki gaixoak. Moldatuko da beraz halako edo holako hizkuntza-premia formal batzuk asetzeko, Hizkuntza Eskakizunei (HE) gain hartzeko eta.
Ondo dakigunez, espainieraz bizi da gaurko euskalduna, eskolatik datozkion sendabideak ez baitira gai eri kronikoen unitatea utzi eta euskarazko bizitza normala egiteko. Hala ere, aurreratu bezala, ez da erabat hilko: hots, elebiduna izango da, ele batek bestea jaten eta itotzen badio ere. Oker ez bagaude, hori ez zaie gehiegi axola hizkuntza politikaren arduradunei: ele biko izanda bizitza osasuntsua izango duela esaten baitiote eriari. Hori dela sendabidea eta biziberritzea. Ez dagoela azpilanik eta herio-lanik gaurko elebitasun-ereduan.
Gorago esan dugun moduan, ez da batere merkea eri kronikoen unitatean dagoen hizkuntza gaixo bat artatzea. Diru dezente gastatu behar da horretarako ere. Nola edo hala bizirik mantentzeko, inbertsio batzuk egin behar dira, proiektu batzuk abian jarri: hala nola hezkuntza-sistema, hedabideak, administrazioa, eta abar. Eta hori guztia egiten dute, hobeto edo okerrago, gehiago edo gutxiago, Jaurlaritzaren hizkuntza-politikak eta euskalgintzak. Gainera, Mendebaldeko hizkuntza txikituen eta gutxituen artean egiten den hizkuntza politiken artean gurea omen da erreferente bat, atera kontuak. Guri begira baldin badaude, eredu bagaituzte, atera kontuak. Kritikak kritika, zerbait egingo du ongi Jaurlaritzak. Zer esanik ez euskalgintzak. Nik ez dut ukatuko hori. Baina, guztiarekin ere, ez dit inork ukatuko gure nazio-hizkuntza non dagoen: alegia, gaixo kronikoen unitatean bizi dela –bizi?, nolako bizi-kalitatea ote dauka herri euskaldunaren biziak hizkuntza normaldu batekin erkatuko bagenu?–.
Bizitza soziala, ekonomikoa eta kulturala taxuz eratzeko eta egiteko behar genukeen hizkuntza-egoeraz ari naiz, ezin baikara bizi hizkuntzarik gabe, bizitza bera baita hizkuntzazkoa. Hizkuntza baita bizitza. Beraz, konforme: gauza asko egin ditugu, baina gauza horiek guztiek ez dute balio izan gaixoa sendabidean jartzeko eta herri euskaldunak egin behar lukeen bizimodu normala egiteko. Gezurra badirudi ere, eta eginak ukatu gabe, tratamendua jarri aurreko egoera bertsuan gaudela ematen du: hau da, euskaldun gisa bizitzeko baldintza soziolinguistikoetatik argi-urtetara bizi gara oraindik. Eta okerrena ez da hori, okerrena beste hau baita: ez dago herri euskaldunak euskaraz bizitzeko modurik eta baldintzarik izan lezakeela iradokitzen digun oinarrizko zantzu eta joera enpiriko bakar bat ere, ez epe motzera eta ez epe luzera begira jarrita. Hezkuntza-sistemari esker nola edo hala euskaldundu daitezkeen belaunaldi berrientzat, salbuespenak salbuespen, atzerriko hizkuntzaren izaerako mintzaira da euskara –alegia, ikaslearen kultura-identitatearekin zer ikusirik ez daukana–, eta halaxe izango da aurrerantzean ere gauzak errotik irauli ezean.
Nire iritzian, euskararen jabekuntzan nazio-kultura euskaldunaren iraultzak semantikarena ekarri beharko luke, eta horrek ezarian-ezarian ikasleen euskal identitatea garatu eta bermatu belaunaldi berriak euskaldun ere senti daitezen. Euskaldun izatearen duintasuna bizi eta senti dezaten. Euskalduntasunarekin ere identifika daitezen. Oraingo euskalduntze-lanak ez baitu antzeko helbururik lortzen.
* Euskara irakaslea
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa