Astekaria

 Bestelakoak 

Bizkarrezurra hautsi zaigu

Gure gurasoen garaian ohikoena bizitza guztirako enplegua izatea zen. Lanaldia astelehenetik ostiralera zen, 40 ordukoa; urtean 11 hilabetekoa, bizitzaren bi heren ematen zuten lanean. Era berean, enpleguak soldata duina eta gizarte eskubideak bermatzen zituen gehienetan. Garai hartan oso ohikoa zen behe-behetik hastea lantegi barruan eta urteak pasa ahala postu hobeagoa lortzea eta noski, soldata hobeagoa. Garapen guzti honek, oso laburki azalduta bada ere, ondorio oso nabariak izaten zituen: enpleguak segurtasuna eskaintzen zuen lan ibilbidean, goranzko bide lineala eta metatua ahalbidetzen zuen. Hortaz, enpleguan hobetu ahala bizitzan ere hobetzen zen. Hauen seme-alaben garaian aldiz, gure garaian alegia, lehen aipatutako ezaugarri gehienak hankaz gora daude. Horrela, gaurko lanaldiak askotan hiruzpalau ordukoak izaten dira –batzuk ordu batekoak ere!– eta askok nahi izango lukete urtean 11 hilabetez lan egitea. Honi “lan-bizitza” asko murriztu dela gehitu beharko genioke bai behetik –ikasketak– zein goitik –aurrejubilazioak–. Ondorioak nabariak dira, gero eta zailagoa da langabeziarako diru-laguntza jasotzeko kotizazio nahikoa lortzea, gero eta zailagoa ere urte asko kotizatzea pentsio on bat bermatzeko, eta borobiltzeko, guzti honi mileurismoa gehitu behar zaio. Pentsa daitekeenez, enplegu mota honekin oso zaila da egonkortasuna lortzea, ez da gizarte segurtasunik ahalbidetzen eta iraganean goranzko lan ibilbidea eta lineala baldin bazen ere, gaur egun gorabehera handikoa da, hurrengo enplegua ez delarik zertan bestea baino hobea izan.  Enpleguak lehen gure bizitzan zuen eragina desitxuratu egin da, beraz. Eragina izaten jarraitzen du, baina eskaintzen diguna ez da egonkortasuna, kontrakoa baizik, eta lehen gure bizitzen ardatza eta bizkarrezurra bazen, orain askotan indar hori galdu du. Adibidez: lehen gure gurasoei zer ziren galdetzen zenienean, igeltseroa edota erizaina zela esango zizuten, dudarik gabe. Gaur, aldiz, galdera bera botata zer erantzungo du urtean laupazbost lanpostu eta ofizio ezberdin izan dituenak? Baldintza hauetan zaila da etorkizunean pentsatzea, eta lehen enpleguak hiritartasuna blindatzen bazuen ere, gaur egun hiritartasuna bera da gazte askorentzat zalantzan jartzen dena enpleguaren prebarikazioaren ondorioz.

Gorka Moreno Márquez

Gorka Moreno Márquez


2156. alea
2008-10-26
alde 0    kontra 0
Gorka Moreno Marquez
(Iñigo Azkona)


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia